Gizaki ezezagun baten arrastoa

Xabier Martin / 2012-03-15 / 457 hitz

Harriaren aroan bizi izan zen gizaki ezezagun baten fosilak aurkitu dituzte Txinako bi haitzulotan. Ezaugarri modernoak (Homo sapiens-enak) eta antzinakoak (haren aurreko homo-enak) nahasten dituzte orain arte gizaki ezezaguna izan den horren fosilek; 14.500 urte eta 11.500 urte artekoak dira arrastoak; eboluzioaren katean jadanik Homo sapiens-en arrastoak besterik ez ziren aurkitu beharko aro horretan. Aurkikuntza horrek Homo sapiens-arekin batera bizi izan zen beste gizaki baten berri eman du; betiere, albistea berretsiz gero. PLoS One aldizkarian argitaratu dute berria. Aldizkarian diotenez, gizaki ezezagun hori Txinan nekazaritza abiatzen ari zen garaian bizi izan zen Homo sapiens-arekin batera.

Ikuskizun da albiste horrek zer-nolako harrera izango duen komunitate zientifikoan. Izan ere, Asiako ekialdean ez da oraintxe arte 100.000 urte baino gutxiagoko giza fosilik aurkitu, are gutxiago Homo sapiens-enak ez direnak. Hori dela eta, zientzialari askok uste dute Homo sapiens-en aurrekorik ez zela izan eremu horretan, gizaki modernoak populatu zituztela lur haiek estreinakoz. PLoS One aldizkariak eman duen berriak teoria hori baztertuko luke.

«Orain arte ezezaguna zen espezie baten fosilak izan daitezke hauek, Izotz aroaren bukaera arte iraun zuena, orain 11.000 urte», dio Darren Curnoe antropologoak. Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko (Australia) kideak eta Ji Xueping txinatarrak zuzendu dute ikerketa, Yunnaneko Arkeologiako Institutukoa.

Lau banako desberdin

Anatomiari erreparatuta, gizaki modernoaren eta haren aurrekoen ezaugarriak erakusten dituen gizaki horrek beste azalpen bat ukan dezake. Darren Curnoek dioenez, Afrikatik joandako migrazio goiztiar bateko Homo sapiens mota ezezagun baten oinordekoa izan daiteke. Ostean, gaur egungo gizakiaren genetikan ez zuen parte hartzerik izan.

Ustezko gizaki ezezagun baten arrastoak diren fosilak duela urte batzuk aurkitu zituzten, baina 2008 arte ez zituzten ondorioak ekarri dituen ikerketa abiatu. 1989an Maludongen aurkitu zituzten hiru banako desberdinen hezurrak, Orein gorrien haitzuloan; arkeologo txinatarrek aurkitu zituzten. Aurretik, 1979an, Longlin haitzuloan, hura ere Txinan (Guangxi Zhuang eremua), beste eskeleto bat azaldu zen, ez osorik. 2009ra arte fosil hori azaldu zen harrian eduki zuten (atera gabe); 2009an berreraiki zuten. Maludong eta Longlinen aurkitutako garezurrak eta hortzak oso antzekoak dira, eta espeziaren eboluzioaren aro desberdinetako ezaugarri anatomikoak dituzte. Orein gorrien herria esaten diete Txinako zientzialariek, egun galdutako orein gorriak ehizatzen zituztelako; Maludong haitzuloan prestatu eta jaten zituzten.

Hiru banako

Nigerian eta Hegoafrikan aurkitutako hainbat Homo sapiens dira antz handiena dutenak, Txinako espezie berri horrekin alderatuz gero, baina ezin da ahaztu afrikarrek 100.000 urteko antzinatasuna dutela.

Orein gorri gizakiaren aurkikuntzaren inguruan zalantza ugari argitu beharko dira, baina, bien bitartean, haren aurkitzaileek eboluzioan leku garrantzitsua behar duela argi dute. «Orein gorrien herriaren aurkikuntzak beste atal bat zabaltzen du giza eboluzioaren historian, Asiako atala, eta orain baino ez da hasi da hura kontatzen», dio Curnoek.

Asian dago munduko populazioaren erdia baino gehiago egun, baina zientzialariek gutxi dakite hango gizakien eboluzioaz, duela 70.000 urte gure aurrekoek lur haietan geratu ondoren. Gizakiaren eboluzioa Afrikan eta Europan ikertu da gehien orain arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.