Iñigo Aranbarri. «Bonbardaketa baten aurrean, literaturak ez du balio estalki moduan»

Edu Lartzaguren / 2012-03-24 / 427 hitz

Hegazkinetatik zibilen aurka eginiko bonbardaketen literaturari buruzko liburuxka osatu du sortzaileak. Azken hamarkadotan eginiko izugarrikeria asko abestu gabe geratuko direla uste du.Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963) Herioren hegala (literatura bonbapean) liburuxka osatu berri du. Bonbardaketak literaturan, hasi Durangon eta Hiroshimatik gora hitzaldia emango du gaur, 10:00etan, Durangoko udal liburutegian (Bizkaia).

«Isiltasun beldurgarria» aipatzen duzu hitzaurrean. Bonbardaketek ezarritako isiltasuna ez da hausten horren inguruko literatura loratzen hasi arte?

Hainbat autore eta testutan agertzen den konstantea da isiltasuna. Borroka dago: isilik egon nahi, eta, aldi berean, ezin isilik egon. Kontraste horrek markatzen du bonbardaketen poetika. Japoniarrek askotan idazten dute «honen ondoren zer?», Hiroshimaz idazterakoan. Adornoren hura bera da, hau da, Auschwitzen ondoren poesiak ez duela lekurik. Bonben ondoren geratzen den isiltasunaren eta idazleek sentitu duten beldurraren ondoren zer esango dut bada nik? Ez dago zer esanik.

Denbora luzez pentsatu izan dugu Durangokoa izan zela zibilen aurka hegazkinetatik eginiko lehen bonbardaketa. Erakutsi nahi duzu jadanik ehun urte direla halakoak hasi zirenetik?

Hegazkinetatik eginiko lehen bonbardaketa italiarrek egin zuten, Libian, turkiarren aurka. Oso primitiboak ziren: bonbak eskuz botatzen zituzten. Gaiaren inguruan argi handia ekarri dute Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean eta Ignazio Aiestaranen Walter Benjaminen aingerua, Gernikako bonbardaketatik liburuek. Arrife [Maroko] izan zen zibilen kontrako lehen bonbardaketa. Franco, Mola, Carrero Blancok agindu zuten, eta ondo ikasi zuten gero zer egin 1936ko gerra.

Bonben ondoren isiltasuna badator, Durangoko kasuan are ozenagoa da isiltasun hori.

Durangokoari isildutako bonbardaketa esaten diote, Gernikakoaren itzalpean geratu delako, nahiz eta lehenean bigarrenean baino jende gehiago hil. Gernikak bi elementu ditu geure mugak gainditzeko: bat arbolaren figura da. Europako erromantizismoan agertu izan da Gernikako arbola, lehendik ere, Humboldtek euskaldunok Europako azken gauza exotikoa ginela zabaldu zuenetik. William Wordsworthek badu poema bat arbolari buruz. Beste elementua Picassoren margoa da. Joan Baezek badu kanta bat In Gernika. Horretan, bonbapean ama eta haurraren irudia agertzen da, Picassoren margoan bezala. Irudi hori berriz agertzen da Hiroshimaren inguruko literaturan eta autore palestinarren poemetan. Zer pentsatua ematen dizu. Holako drama handi baten aurrean, fikzioak, literaturak estalki moduan ez du balio; oso irudi oinarrizkoetara jotzen da, oso oinarrizko sentimendu horiek adierazteko.

Abestu gabeko bonbardaketak ditugu azken urteotan. Etorkizunean sortuko dute literaturarik?

Bildur naiz, daramagun bidea ikusita, ez dela sortuko. Eskerrak Adonis poeta dugula, Beiruteko bonbardaketa lantzeko. Sarajevori buruz oraindik ez dugu nahikoa landu. Kosovon NATOk egin dituen bonbardaketa guztien ondoren, harrituta nago geuregana oraindik heldu ez izana poemarik. Ziur badirela, baina kontzientziazio bideak oso ideologizatuta daude. Eskerrak Darwishek gainditu duen hori, Palestinaren kasuan. Badaude bristada batzuk, baina lan honek jarraipen bat merezi du. Ez dakit nola, baina Gernika txiki horien oihartzunak jaso beharko genituzke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude