Zer egin minaren kontra

Jabier Agirre / 2012-03-06 / 1008 hitz

Asko dira mina modu kronikoan dutenak. Min horrek nabarmen erasaten dio bizi-kalitateari. Zorionez, gaur egun badira minari aurre egiteko hainbat irtenbide, min zorrotza nahiz moderatua izan.

Min kronikoa ez da sintomatzat hartzen gaur egun, gaixotasun moduan baizik. Medikuak minari aurre egiteko modua erabat aldatzea ekarri du ikuspegi-aldaketa horrek; horrela, minaren abordajea era integralean egitea gomendatzen dute adituek, hainbat metodo erabiliz mina baretzeko, eta ez botika edo farmakoak soilik.

Minaren erradiografia

Mina ez da berez agertzen. Gorputzaren erreakzio bat da, zerbaitek gure barruan ez duela behar bezala funtzionatzen abisatzen digun alerta-mekanismoa, nolabait esateko.

Minak ez digu modu berean eragiten pertsona guztioi.

Pernandoren egia horietako bat dirudien arren, oso kontuan hartu beharrekoa da arestian esandakoa, izan ere min mota bera ez baita modu eta intentsitate berean jasan edo pairatuko pertsona batetik bestera. Esperientzia sentsorial bat da, azken finean. Sentimen kontua, beraz. Baina ezin uka daiteke mina sentitzeko orduan aldarteak eragin handia duela (triste gaudenean, esaterako, gehiago sentitzen dugu) eta beste zirkunstantzia batzuk ere (heziketa, genetika, etab.) kontuan hartu behar direla gaixo bakoitzaren diagnostikoa egitean.

Min akutuaren kontra, zer egin?

Min akutua esaten zaio bat-batean agertu eta iraupen laburra duenari. Min horren kontra konpondu beharreko lehen arazoa mina sortzen edo eragiten duen arrazoia da. Horrekin batera, analgesikoak hartzea gomendatzen da (parazetamola da ezagunena eta erabiliena), baita anti-inflamatorioak ere, hanturaren kontra (ibuprofenoa, azido azetilsalizilikoa edo aspirina, edo diklofenakoa). Horiek guztiak ziklooxigenasaren edo hantu- ra eta mina eragiten dituen substantziaren inhibitzaileak dira.

Min kronikoaren kontrako erremedioak

Zenbait kasutan, ordea —guztiok nahi genukeen baino maizago, zoritxarrez—, mina ez da desagertzen, min hori eragin duen kausa edo arrazoia konpondu arren. Zergatik? Nerbioek minaren seinalea gure garunera bidaltzen jarraitzen dutelako. Baina gerta daiteke, era berean, molestiak hortxe jarraitzea, arrazoi sortzailea ezabatzeko edo desagerrarazteko gai izan ez garelako; horixe da gaixotasun kronikoen kasua: artrosia, fibromialgia eta beste hainbat. Min-sentsazio horrek luzeegi jotzen duenean (sei hilabetez segidan, gutxienez), min kroniko bat dela esango dugu. Eta kasu horretan, litekeena da analgesiko arinak nahikoak ez izatea. Orduan medikuarengana joatea komeni da, min kroniko hori hainbat aldetatik tratatzeko.

Botikak

Anti-inflamatorioek ez badute mesederik egiten, medikuak beste farmako fuerteago batzuk errezetatzeko aukera dauka, betiere gaixoa aztertu eta diagnostiko posible bat egin ondoren. Opiazeoen moduko botikak nerbio-sistemako errezeptore edo hartzaileen gain egiten dute lan, eta oso eraginkorrak izan ohi dira min gogorrak kontrolatzeko. Baina dena ez da urre kolorekoa: botika horiek albo-ondorioak edo nahi ez ditugun ondorioak eduki ditzakete (logura ekar dezakete, idorreria, etab.), tolerantziaren fenomenoa agertuko da (botikaren gero eta dosi handiagoak beharko dira eragin bera lortzeko), eta kasurik okerrenean dependentzia edo mendekotasuna eragitera ere irits daitezke. Horregatik, tratamendu horiek guztiak medikuak aginduta eta berak ezarritako dosian, neurrian eta denboran hartu behar dira.

Teknika ez hain inbasiboak

Egunetik egunera hobeto erabiltzen den teknika sail bat ere badu medikuak aukeran. Gaixo bakoitzaren egoera eta ezaugarriak aztertu ondoren, minari aurre egiteko ondorengo teknikak balia ditzake:

Infiltrazioak. Substantzia anestesikoak edo hantura kontrakoak —kortisona eta haren eratorriak, esaterako— zuzenean minak erasandako gorputz-atalean injektatzen dira.

Irrati-frekuentzia. Maiztasun altuko korronte elektriko bat erabiltzen da erasandako nerbioan edo gongoilean, minaren seinalea blokeatzeko helburuarekin. Teknika horren eraginak asteak eta baita hilabeteak ere iraun dezake.

Neuro-estimulazioko teknikak. Estimulazio elektrikoa eragingo duen elektrodo bat ezartzen da. Elektrodo horrek deskarga txikiak igorri edo bidaliko ditu ornomuinerantz, eta mina gutxitu egingo da era horretan.

Fisioterapia

Gaur egun argi daude fisioterapiako teknika eta tratamenduek minari aurre egiteko borroka horretan zer onura ekar ditzaketen, eta, horregatik, errehabilitazioko saioak erruz baliatzen dira era guztietako prozesu mingarrien tratamendua osatzeko. Ondo egindako errehabilitazio saio batek minak erasandako ingurua erlaxatzen du, muskuluen kontrakturak arindu, tentsio muskularra lasaitu eta gaixoaren ongizate fisiko nahiz mentala handitzen du. Baina, eragin onuragarri horiek guztiak lortzeko, mediku batek agindu ondoren erabili behar da fisioterapia, eta ondo trebatutako profesional baten eskutik, gainera.

Terapia alternatiboak

Badira, aurreko guztiez gain, minari aurre egiteko eta gaixoa osatzeko baliagarriak izan daitezkeen beste hainbat prozedura eta metodo tradizional. Mina non dagoen, eta gaixo bakoitzaren ezaugarriei begira, akupuntura, homeopatia, aurikuloterapia, reikia, Bachen loreak eta beste prozedura terapeutiko batzuk konponbide egokia izan daitezke.

Bitxikeria batzuk

Minak zahartu egiten du. Mina gogorra denean, eta zer esanik ez denbora luzean irauten badu, min-sentsazio horrek eragina dauka gure osasun fisikoan eta buruko osasunean. Min kronikoak jotako pertsonak 30 urte ere zahartu daitezkeela egiaztatu dute.

Maiteminduta daudenek gutxiago sufritzen (omen) dute. Ikerketa batek dioenez, bat dira maitasunak eragiten dien eta aktibatzen dituen garuneko zentroak eta minaren kontrako botikek beren lana egiteko baliatzen dituztenak. Sariaren eremua deitzen den zona horixe bera aktibatzen omen da, besteak beste, diru asko irabazten denean eta kokaina edo halako drogak hartzen direnean ere.

Emakumeek gehiago sentitzen dute mina. Emakumeak sentiberagoak zaizkio minari, eta maiztasun, iraupen eta intentsitate handiagoarekin pairatzen dute mina. Baina, era berean, analgesikoek eragin handiagoa egiten diete emakumeei gizonei baino.

Sexuak mina arintzen du. Duela gutxi argitaratutako ikerketa batek dioenaren arabera, emakumeen genitalen estimulazioak ordu erdiko iraupena ere izan dezakeen eragin analgesikoa sortzen omen du.

—————————————————–

Zure ongizatea hobetzeko aholkuak

Eguneroko bizimoduan, badira minak eragindako molestiak arintzen edo, besterik ezean, sentsazio ezatsegin horretaz ahazten laguntzen diguten hainbat jarduera:

Egizu kirola. Ariketa fisikoa modu erregularrean egitea bide ezin hobea da endorfinak —mina gutxitzen laguntzen diguten hormonak— askatzeko. Gainera, autoestimua eta muskuluak indartuko dituzu.

Kontrola itzazu nerbioak. Mina etengabea edo gogor samarra denean, aski normala da urduri egotea eta nerbioen eraginez kontrolatzen oso zaila izan daitekeen gurpil zoro batean sartzea, estresak eta urduritasunak molestia gehiago eragin ditzakeelako. Egoera hori errotik hausteko, erlaxazio-teknikak dira irtenbiderik onenak (yoga, tai txi edo arnasketa ariketak egitea, adibidez)

Atseden hartu. Saia zaitez beharrezko orduak lo egiten. Eta minak hori lortzea ezinezkoa egiten badizu, har itzazu infusio lasaigarriak (baleriana edo belar bedeinkatua, ezkila-lorea edo Hegoafrikako te gorria).

Zaindu dieta. Jan-neurriak orekatua izan behar du, janari fresko eta osasungarri ugarirekin, gehiegizko gantz saturatuak eta elikagai prozesatuak saihestuz.

Burutik kendu. Garunera sentsazio eta seinale desberdinak bidaltzea da kontua, seinale atseginak ahal dela, arreta minean soilik ez jartzeko. Musika entzutea, solasaldi interesgarriren bat edukitzea, pelikula barregarriren bat ikustea, gustukoa duzun zaletasunen bat praktikatzea, horiek guztiak lagungarri gertatuko zaizkizu, garuna nolabait engainatu eta minaz ahazteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.