Jakintza

Onintza Enbeita / 2012-05-24 / 167 hitz

Nik ez diot inoiz mediku bati eztabaidatu minbizia sendatzeko bideen inguruan, eta arkitekto bati ez nintzaioke inoiz hasiko azalpenak ematen etxe bat egitera doanean. Ez dakit zelan defendatzen den kasu bat epaitegian eta dendariari erosi egiten diot nola saldu behar duen azaldu gabe. Filologoekin hizkuntzaz eztabaidatzea zaila da, eta zientzietan ezjakin hutsa naiz. Baina nik kazetaritza ikasi nuen, eta asko ez bada ere, zerbait badakit komunikazioaz, artikuluak idazteazā€¦ Jakintza arlo zabala da, ordea: medikuek, arkitektuek, abokatuek, dendariek, filologoek, kimikariek eta apaizek ere asko dakite komunikazioaz. Erreza omen da. Iritzi artikuluak, esate baterako, edonork idatz ditzake. Hori da esaten didatena, zenbait ezagunek pentsatzen dutena, gizarte erdiak uste duena: edonork aurkez dezake informatiboa ondo. Makina bat eztabaidatu dut nik uste ustel horietaz: halakoxe perlak irakurtzen baititut ustez oso ondo idazten dutenek argitaratuta. Inork ez dit jaramonik egiten, ordea; Leioako campusean kafeteritza deitzen zioten gure karrera errazegi horri. Hala ere, akaso, hainbeste kritikatzen diren komunikabideak horren txarrak izatearen arrazoietako bat horixe izango da: ustez denok dakigula komunikazioaz, baina ustez bakarrik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.