Denbora galtzea

Idoia Etxeberria / 2012-09-27 / 247 hitz

Lastima da, baina denbora ez da txikle bat. Ezin dugu nahi bezala luzatu. Ez da ogi barra bat. Ezin dugu nahierara partitu eta banatu. Ez da langostino bat ere. Ezin dugu izoztu. Aldapan behera doan gazta da denbora. Eta ezin dugu geratu. Batzuetan hala iruditu arren. Denborarekin arazoak izan ditugu beti.

Aspaldi asmatu zituzten ordulariak. Baina ez dugu denbora neurtzen ikasi. Denbora nahikoa dugula iruditzen zaigu beti. Astia emango digula denerako. Astean behin artikulu bat idazteko, adibidez. Aste osoa, lau-bost paragrafo idazteko. Zazpi egun, erraza. Baina ez. Txokolate tableta bezalakoa da astea. Konturatu orduko, akabo. Astea, hilabetea, urtea.

Batzuetan iruditzen zaigu nahi dugun dena egiteko bi bizitza beharko genituzkeela. Ala hiru. Eta, halakoetan, bizilagunaren txakurra izan nahiko genuke. Bai, denboraren kontzientziarik gabe bizi. Egitekoen zerrendarik gabe. Kezkarik gabe. Jan eta lo. Lasai. Ala bizilaguna izan nahiko genuke, bestela. Parkean ibiltzen den erretiratua. Ardura nagusia txakurra paseatzea duen hori.

Baina ezin dugu. Egia esan, ez dugu nahi. Dena nahi dugulako. Denaren alde ona, noski. Ez zaigu aukerei ezetz esatea gustatzen. Zer eginik ez dugunean, urduri jartzen gara: bizitza bakarra izan, eta ez aprobetxatzea ere! Planak egiten hasten gara berehala. Proiektuak asmatzen. Ustezko hutsuneak betetzen. Bizitza konplikatzen. Espezialistak gara perretxiko nahaski astunak egiten.

Interneten irakurria: «Dirua gal dezakezu. Edertasuna gal dezakezu. Maitasuna gal dezakezu. Baina denbora galdu baduzu, dena galdu duzu». Ezin da denbora galdu. Hori ez. Nahiz eta denok hauteman gure erabakiak direla arazoa. Denbora horrekin egiten duguna, alegia. Sarritan jan egiten dugula denbora. Antsietatez. Zaporerik hartu gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.