Genomaren zati gehienek funtzioren bat dutela jabetu dira

Jakes Goikoetxea / 2012-09-06 / 389 hitz

Giza genomari eta ‘zabor geneei’ buruzko ikuspuntua irauli du nazioarteko Encode proiektuak.Giza genomaren uste baino zati handiagoa da erabilgarria, eta zientzialariek uste baino gauza gehiago gertatzen dira giza genoman. Mundu osoko zientzialariak ohartu dira lehen zabortzat —informazio eta funtzio gabetzat— hartzen zuten azido desoxirribonukleikoaren (DNA) zati handi bat erabilgarria eta garrantzitsua dela. Ikerketek giza genomari buruzko ikuspuntua goitik behera aldarazi dute, lehen uste baitzuten genomaren %98,5ek ez zuela inolako funtziorik.

Encode (DNAren Elementuen Entziklopedia) proiektuak egin du aurkikuntza. 30 artikuluren bidez jakinarazi du, hiru zientzia aldizkaritan aldi berean argitaratuta: Erresuma Batuko Nature-n eta AEBetako Genome Research eta Genome Biology-n. Encode da egungo ikerketa handiena giza genomari buruz. 185 milioi dolar inbertitu dituzte proiektuan (150 milioi euro inguru), eta 442 zientzialari parte hartzen ari dira, 32 laborategitan eta sei herrialdetan (AEB, Erresuma Batua, Japonia, Katalunia, Singapur eta Suitza). 1.649 esperimentu egin dituzte 147 zelula motarekin.

Encode proiektuaren helburua jada sekuentziatutako DNAren funtzionamendua ezagutzea da. Zertarako? Benetan geneek zer egiten duten eta elkarrekin zer- nolako harremana duten jakiteko.

Genetika ulertzeko «urrats handi horietako bat» dela uste du Ewan Birneyk, proiektuaren koordinatzaile eta Europako Bioinformatikarien Institutuko ikertzaileak.

Geneen Google Maps

Azalpen argigarria eman dio Massachusettseko Teknologia Institutuko Eric Lander biologoak New York Times-i: «2003ko Giza Genomaren Proiektua Lurra espaziotik ikustearen parekoa zen; ikerketa hau, berriz, Google Maps da».

Ikertzaileak harritu egin ditu jakiteak geneen %80k baino gehiagok dituztela funtzio biokimikoren batekin lotutako zereginak. 120 funtzio baino gehiago aurkitu dituzte. Birneyk azaldu du genomaren zati handi batek parte hartzen duela proteinen sorreran, proteinak noiz eta non produzitzen diren erabakiz.

Birneyk azaldu du lehen zabortzat hartzen ziren gene horiek milioika etengailuz osatutako kontrol panel bat direla, eta geneen jarduera kontrolatzen dutela: «Gure genomak etengailuei esker bakarrik funtzionatzen du, geneak pizten edo itzaltzen diren erabakitzen dute».

Orain garrantzitsua da jakitea aurkikuntzak zer-nolako eragina izan dezakeen etorkizunari begira. Handia, Roderic Guigo Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko irakaslearen arabera. Guigok azido erribonukleikoaren (RNA) azterketa taldea zuzendu du ikerketan. Zientzialariek bazekiten DNAren zenbait mutaziok lotura zutela gaixotasunekin, baina ez zekiten zergatik. «Agian, lehen ezagutzen ez genituen etengailu horietan gerta daiteke», iradoki du Guigok. Alegia, etengailu horiek funtsezko eragina izan dezaketela hainbat gaixotasun konplexuren sorreran.

Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslearentzat, Encodek irauli egin du geneen kontzeptua: «Lehen uste genuen DNA perlazko lepoko baten parekoa zela, eta perla bakoitza gene bat zen. Orain, ikusten ari gara ikuspuntu hori sinpleegia dela».

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.