Jasone Zenoz:«Kontua ez da euskara edo ingelesa; biak, euren rolekin»

Garikoitz Goikoetxea / 2012-09-04 / 739 hitz

Eskoletan hizkuntza bat baino gehiagorekin aritzea arazoa ez, erronka da, Jasone Zenozen iritzian. Ingelesa irakats-hizkuntza duten ereduak ongi ikusten ditu, betiere egoera soziolinguistikoa aintzat hartuz gero.Ikastetxeetan hizkuntzak nola irakatsi, eta areago hizkuntza gutxituak. Horretan lanean ari da urteetan Jasone Zenoz (Iruñea, 1960) EHU Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna. Hizkuntzen arteko harremanei erreparatu behar zaiela nabarmendu zuen atzo EHUren Udako Ikastaroetan; haren ustez, aprobetxatu egin behar da hizkuntza bat baino gehiago egotea, hizkuntza gehiago ikasteko modua errazten dute eta.
Uste izaten da eskolaren gain zama dagoela Euskal Herrian, hizkuntzengatik. Diozu ingelesa ikasteko abantaila dela bertan elebidunak izatea.
Maiz esaten dugu arazoa dugula; erronka da. Ingelesa gero eta garrantzitsuagoa da; hizkuntz ereduak jarri zirenean ez horrenbeste, baina orain bai. Askotan, baina, pentsatzen dugu modu perfektuan jakin behar dugula, eta ez da horrela. Ez da harritzekoa euskaldun berri batek ez lortzea euskaldun zahar baten maila altuena. Garrantzitsua da jakitea zein hizkuntza behar diren eta zein mailatan. Helburuek ez dute zertan berdinak izan euskaran, gaztelanian edo ingelesean. Ez da beharrezkoa maila bera hiru hizkuntzetan.
Ingelesa bere ikasgaian ikasi ohi dute gehienek. Orain, ikasgaiak hasi dira ingelesez ere ematen. Egoki da?
Ingelesez ematen bada ikasgai bat, aukera gehiago dago ingelesa praktikatzeko eta ikasteko, eta emaitzak hobeak izango dira normalean. Hori ona da, zalantzarik gabe. Hori eginda euskara okertuko da? Printzipioz, beste ikasgai guztiak euskaraz ematen badira eta urteetan euskaraz egin bada, ez dut uste ikasgairen bat ingelesez egiteagatik okertuko denik euskararen maila. Beste gauza bat da askoz ingeles gehiago jartzea, edo dena ingelesez ematea. Badakigu ikasgaiak euskaraz emanda maila hobea lortzen dela euskaraz; ingelesez, berdin. Baina badakigu: etxean gaztelaniaz hitz egiten duen batek egiten badu herena euskaraz, herena gaztelaniaz eta herena ingelesez, emaitza ez da izango orekatua; gaztelania nagusi izango da. Egoera soziolinguistikoa oso-oso garrantzitsua da. Alderdi horretan ahulak dira hizkuntza batzuk, eta eskolak hori orekatu behar du.
Ingelesez ikasgaiak ematea izan daiteke arazo edukiak ikasteari begira?
Hobeto aztertu behar da. Egoera berean dago etxean gaztelaniaz egiten duen eta ikasgaiak euskaraz ematen dituen ikaslea. Zenbaitetan ikusten da matematikan D ereduan emaitza hobeak dituztela euskaldun zaharrek. Orain arte, ikerketen alorrean, ereduak alderatzen aritu gara, funtsezkoa zelako, ikusteko gai ote ziren euskaraz ikasteko. Orain garrantzitsua da aztertzea zer gertatzen den egoerak ezberdinak direnean: ez da berdin eskualde batean euskara edo gaztelania izatea nagusi.
Hizkuntza arazo izan daiteke edukiak barneratzeko. Logika horri segituz, ikasgaiak ingelesez eman aurretik ingelesa menperatu beharko da…
Aldi berean ingelesa eta edukiak ikastea da kontua. Egia da ikasgai bat ingelesez edo euskaraz eginda aprobetxatzen dela eskolako denbora bi gauzetarako. Gerta daiteke beste hizkuntzan eginda edukiaren aldetik pixka bat gutxiago lortzea. Gerta daiteke.
Eta hori onargarria da?
Ikusi egin behar da. Segun zein den prezioa. Baina hori gerta daiteke bai ingelesarekin bai euskararekin. Beste hizkuntza batean ikastea berdina dela ezin dugu esan; zailagoa da, ahalegin gehiago egin behar da. Ez da gauza bera historia norberaren lehen hizkuntzan ikastea, edo erabat menperatzen ez duzun hizkuntzan, eta hori izan daiteke ingelesa edo euskara.
Hiru eleko eredua proposatu du Jaurlaritzak: %20na gutxienez izan behar dute euskarak, gaztelaniak eta ingelesak, eta, hortik aurrera, eskola bakoitzak taxutuko du bere eredua.
Eskola bakoitzak berea izatea egokia da, egoera soziolinguistikoa eta eskolarena kontuan har daitezkeelako. Egia da, hala ere, denentzat antzeko eredua jarrita baino zailagoa dela materialak, estrategiak eta halakoak sortzea.
Hiru eleko ereduak errezeloak sortu ditu, euskarazko irakaskuntzari kalte egingo diolakoan. Nafarroan, TIL ereduak kanpo utzi du euskara…
Eskolak oraindik lan handia egin behar du euskararen alde, baina onartu behar dugu ingelesa ere guztiz beharrezkoa dela. Maila desberdinetan. Hor esperimentatu behar da. Askotan esaten dugu ereduak desagertu egin behar direla. Ereduak, zeuden horretan, ia ez dira existitzen, desagertuta daude. Teorian A eredua duten ikastetxe batzuetan ikasgai batzuk euskaraz eta beste batzuk ingelesez ematen dituzte. Zer da hori? B eta D ereduetan ere ingelesa sartu dute. Eredu asko daude; hiru horiek baino askoz ere gehiago. Zentro bakoitzak taxutzen duenez berea, ereduak ia desagertu dira. Euskararen eta ingelesaren artean ez du egon behar borrokarik. Ingelesa kanpotarrekin erabiltzeko hizkuntza da; ez da hemengo hizkuntza, ez da gure artean erabiltzekoa. Baina badakigu harremanak behar ditugula kanpokoekin. Euskara desberdina da; hemengoa da. Kontua ez da, beraz, euskara edo ingelesa. Biak, baina bakoitza bere rolarekin.
Emaitzak ikusita, badakigu nola ikasi eta irakatsi behar den ingelesa?
Denetik dago, baina, oro har, arazorik ez dago ingelesa irakasteko. Beste herrialde batzuekin alderatuta beherago gaude, baina beste faktore asko daude eskolakoak ez direnak. Maiz pentsatzen dugu eskolarena dela erantzukizun guztia. Zenbait herritan erlazio askoz sakonagoak dituzte kanpotarrekin. Egoera desberdina da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude