Jose Manuel Jimenez, energia gaietan aditua: «Eguzki energiak egunero bete ditzake gizateriaren oinarrizko beharrak»

Ilargi Agirre / 2012-09-27 / 633 hitz

Etxean energia gutxitzeko hainbat aholku emango ditu gaur Ordizian Jose Manuel Jimenez fisikariak. Baliabideak arduraz erabili eta energia berriztagarrien aldeko hautua egin behar dela pentsatzen du.

Berak eraikitako etxe ekologiko batean bizi da duela zazpi urtetik Jose Manuel Jimenez (Basauri, 1965). Fisikan lizentziaduna da, eta energia gaietan aditua. Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren V. Hamabostaldiaren barnean, hitzaldi bat emango du gaur, Ordizian (Gipuzkoa): Energia aurreztea gure etxeetan. Nola lortu etxe eraginkor bat. Barrena kultur etxean izango da, 19:00etan.

Nolakoak dira etxe ekologikoak?

Etxe ekologikoak etxe adimendunak dira. Energia gutxitzeko pentsatuta daude. Ur beroa, adibidez, eguzkiarekin lortzen dugu. Pentsatzeko astia hartzen denez eta zuk zeuk eraikitzen duzunez, motel eta ongi diseinatzeko aukera ematen du. Neguan erraz berotzeko modukoa eta udan freskoa izateaz gain, mantentzeak ez du garestia izan behar. Plazera da bertan bizitzea.

Energia murrizteko eraikita al daude etxe arruntak?

Eraikitzaileak etxeak egiten dituztenean, ekonomiari, azkartasunari eta eskulana aurrezteari begiratzen diote. Haien interesek ez dute han biziko den jendearenarekin bat egiten. Eraikitze legea askoz ere zorrotzagoa da orain energia eraginkortasunari dagokionez, baina asko dago oraindik egiteko. Dirua eta energia xahutzeko joera izugarria izan dugu. Energia eraginkortasunak, dirua aurrezten laguntzeaz gain, munduarekiko ardura ekologiko eta soziala izaten ere laguntzen du.

Nola alda daitezke herritarren ohiturak?

Erosotasunaren inguruan hausnartu behar dugu lehenik eta behin. Botere ekonomikoarekin lotzen du jende askok erosotasuna. Uste dute etxean eroso daudela neguan pijaman edo galtzontzilotan egoten direlako, 28 gradura. Hori naturaren aurkakoa da; arropa gehiagorekin ibili behar da neguan. Energiak ez du balio guk ordaintzen duguna bakarrik, energiaren kontsumoak ingurumenean eragiten duela ohartu behar dugu, hau da, aldaketa klimatikoan eta berotegi efektuan.

Zer egin behar da etxean energia aurrezteko?

Aholku batzuk kontuan hartu. Tenperatura, esaterako, neguan etxea 20 graduan edukitzearekin nahikoa da, eta komunean bi gradu gehiago izatea komeni da. Egunean hamar-hamabost minutu ireki behar dira leihoak, etxeak arnasa hartzea oso garrantzitsua baita. Horrez gain, berogailuak garbituta eduki behar dira, eta ez da ezer utzi behar gainean enbarazu egiten.

Eta etxetik kanpo?

Energia aurreztea bizitzeko jarrera bat da. Kontsumoak bereizten gaituela dirudi; auto handi bat baduzu, pertsona hobea zarela. Zure beharrak betetzeko, nahikoa da autoa izatearekin, eta horretan ere aholku batzuk jarraitu daitezke. Ahalik eta martxarik luzeenean joan, gutxiago kontsumitzeko, leihatilak itxita eraman…

Jendea kontzientziatuta al dago?

Krisiarekin energiaren prezioa garestitzeak lagundu du jendea kontzientziatzen. Gero eta gehiago gara soiltasun handiagoko bizitza daramagunak. Guk aurkitu dugun bezala utzi behar zaie hurrengo belaunaldiei mundua. Zaila da, baina guztiok egin dezakegu zerbait. Batzuek uste dute haitzulora itzultzea bezala dela aholku hauei guztiei kasu egitea. Ez kontsumitzeko eskatzen ari al zara? Kontsumoa herritarrok dugun boterea da, eta gizartea zuzendu dezakegu. Esate baterako, etxetresnen energia ziurtagiriari begiratu behar zaio. A hizkia dutenek kontsumitzen dute energia gutxien.

Nola jokatzen dute gobernuek?

Gobernuak beti doaz iritzi publikoaren atzetik. Orain, enpresek ekologista itxura ematen dute, ongi ikusita dagoelako. Energia berriztagarrien alde egin behar dugu; agortzen ez diren baliabideak erabiltzen dituztelako. Eguzki energiak egunero bete ditzake gizateriaren oinarrizko beharrak, baina energia hori erabiltzen ikastea falta zaigu. Energia berriztagarriekin, gizakiak bost edo sei mila milioi urte iraun dezake. Eguzkia itzali arte ziurrenik.

Energia kontsumo honekin jarraituz gero, zer gertatuko da?

Honela jarraituta hamar edo hamabi belaunaldi baino gehiago iraungo dugula pentsatzea eromena da. Martxa honetan, petrolioak, ikatzak eta gasak ez dute ehun urte baino askoz ere gehiago iraungo.

Zaragozako Unibertsitateko ikerketa talde batean zaude. Zein da proiektua?

Valdespartera herri bioklimatiko bat aztertzen ari gara; hamar mila etxe biologiko ditu. Oso ongi ari da funtzionatzen, hango jendeak dio asko aurrezten duela. Ikerketan ondorio garrantzitsuak atera ditugu. Ukimenezko bitrozeramikek itzalita daudenean izugarrizko kontsumoa dutela ohartu gara. 40 wattetik 50 bitarte kontsumitzen dute orduko, eta hori ezin da onartu. Bestelako aukerak ere badaude. Jana eguzkiarekin prestatzea asko gustatzen zait niri. Udan ez dut erabiltzen sukaldea. Kartoi kaxa bat nahikoa da eguzki labe bat eraikitzeko. Ingenios solares liburuan azaltzen dut horrelako tresnak nola eraiki.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.