Lorea Agirre: «Euskararen normalizazioan desiragarria da kontsentsua, baina ezin da traba izan»

Edu Lartzaguren / 2012-09-25 / 434 hitz

Lorea Agirre, Pako Aristi, Jon Sarasua eta Kike Amonarriz arituko dira datozen asteetan ‘4 begiratu euskararen norabideari’ hitzaldi sortan. Nortasunaz, derrigortzeaz eta Otegiren liburuaz mintzo da kazetaria.

Kazetari eta antropologoa da Lorea Agirre (Beasain, Gipuzkoa, 1968). 4 begiratu, euskararen norabideari berbaldi zikloa zabalduko du gaur, Nor izateko hitzaldiarekin, 19:00etan, Kulturaten, Arrasaten (Gipuzkoa). Urriaren 23an, Pako Aristi arituko da zikloan, azaroaren 28an, Jon Sarasua, eta abenduaren 13an, Kike Amonarriz.

Nor izateko: hizkuntza eta nortasuna elkartu nahi dituzu?

Hizkuntza identitateaz hitz egin nahi dut. Kultura gehienetan gertatzen da hizkuntza eta nortasuna lotuta izatea, baina hizkuntza ez da halabeharrez beti izaten komunitate bat osatzeko elementu nagusia. Euskaldunongan, berriz, euskara elementu definitzailea da. Nor izate hori eraikuntza bat da, baina nola gauza daiteke hizkuntza normaltzeko prozesuan? Nik kontzientziaren defentsa egingo dut, modan ez badago ere. Kontzientzia beti izan da gauza deseroso samarra. Euskaldunok eta euskararen patuaz kezka duen jendea sartzen dut kontzientziadunen multzo horretan. Kontzientzia hori ezinbestekoa da aurrera egingo badugu.

Fermin Etxegoienek, ordea, jendearen kontzientzia astintzearena agortutzat eman du.

Ados nago Etxegoienekin, baina uste dut ikuspegi hori partziala dela, agian. Kontzientziarena zabalagoa da; jendeari «egin ezazu euskaraz» esatea baino gehiago da. Euskarazko kultura kontzientziara iristeko elementua izan daiteke, eta horrekin lotuta estetika bat jar dezakezu. «Euskara» esaten dugunean zer ari gara esaten? «Ni zure ezberdina naiz», edo «nik zure berdina izan nahi dudalako erabili nahi dut». Kontzientzia ez da amaitu; aldatu egin da formulazioa. Ez da hain gogorra eta zorrotza izango, baina, izan, bada. Kontzientzia lege aldeko normalizazio prozesu batetik ere pasatzen da, eta legeak koakzioa dakar. Horrek ere kontzientzia sortzen du: bestela hemen arituko ginateke, edonon erretzen.

Legea aipatu duzula: urte luzez ibili gara erdaldunak haserretuko zaizkigun beldur. Uste al duzu garaia heldu dela euskara derrigortzen hasteko?

Euskararen eta euskal kulturaren normalizazioak, gizarteko beste edozein injustiziak bezala, berariazko politikak eskatzen ditu, hizkuntza zentralitatean jarriko dituztenak. Generorako politikak bezala, euskarak ere politika propioak behar ditu. Horrek halabeharrezkotasuna ekarriko duela? Jakina. Emakumezkoen aldeko borrokan bezala: hamar aulki badaude, eta emakumezkoei justizia egin nahi badiegu bost eta bost jarrita, gizon batzuek aulkia utzi beharko dute. Ideala litzateke gizonezko horiek kontzientzia izatea eta «egia da» esatea. Legeak egin beharko dira normalizazioa benetan bilatzeko. Kontsentsua desiragarria da, baina ezin da normalizazioaren traba izan.

Arnaldo Otegiren elkarrizketa liburua lehenbizi gaztelaniaz argitaratzeak ez al digu esaten euskararen aldeko kontzientzia ez dagoela uste bezain zabaldua?

Euskara zentralitatean jarri beharrean, periferian kokatzea da hori, garrantzia kentzea, desnormalizatzea, bigarren mailakoa egitea. Joera orokorra da hori herri honetan, baina horretako gaude, horretatik ateratzeko. Apustuak egin behar dira. Liburu hori euskaraz argitaratu beharko litzateke lehenik eta behin. Eta argi dago: euskarari zentralitatea emateko, erdera kendu behar da zentrotik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude