Francisco Jose Ayala, Biologoa: «Sekuentzia izateak ez du esan nahi ulertzen dugunik»

Amaia Portugal / 2012-10-04 / 768 hitz

XXI. mendean biologiari lotutako ikerketek bultzada handia izango dutela esan du Francisco Jose Ayalak, Donostian egiten ari diren Nazioarteko Ontologia Kongresuaren inaugurazio hitzaldian.

Garai batean naturaren filosofia deitzen zitzaion gaur egun ontologia izena hartzen duen horri, eta naturaz oro har hausnartzeko, noski, ezinbestekoa da zientziaren askotariko alorrak kontuan hartzea. Halaxe ari da gertatzen aste honetan EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egiten ari diren X. Nazioarteko Ontologia Kongresuan. Astelehenean, biltzarraren inaugurazio hitzaldia eman zuen Francisco Jose Ayala biologoak (Madril, Espainia, 1934), Txillida Lekun. Espainiarra da, baina AEBetan egin du ibilbide ia osoa, eta Irvineko Unibertsitatean (Kalifornia, AEB) dihardu azken 25 urteotan. Erreferente nagusietako bat da eboluzioaren biologiaren alorrean.

Nazioarteko Ontologia Biltzarraren inaugurazio hitzaldia ematea egokitu zaizu, Human Nature: genes to culture izenburupean. Zer azaldu duzu bertan?

Biologoa naiz, eta genetika da nire espezialitatea. Geneek zer garen zenbateraino zehazten duten, horri buruz hausnartzea zen helburua. Giza jarduera kultural guztiek bi osagai dituzte; geneak dira bata. Moralaz ari garenean, adibidez, aurretiazko jarrera jakin bat harrarazten digute, zerbait ona edo txarra den epaitzera eraman. Baina arauak ez, horiek ez datoz geneetatik. Badirudi moralitatearen alderdi batzuk errealitatean oinarritzen direla; ez hiltzea edo ez lapurtzea, adibidez. Baina araudiaren formulazioak kultura tradizioaren kontua dira. Gainera, moralitatearen arauak izugarri aldatuz doaz, kulturaz kultura eta denboran aurrera egin ahala.

Ontologia biltzar honetan ikusi bezala, zientzietan trebatuta dagoen jende askori bereziki interesatzen zaio filosofia. Euskal Herrian, ordea, hezkuntzak berehala bereizten ditu zientzietako eta letretako irakasgaiak. Ez al da paradoxa handia?

Espainian, nik ikasi nuenean, ikasle guztiok irakasgai berberak genituen lehen hiru urteetan, baina AEBetako sistema desberdina da erabat. Lehen urtetik, Fisika, Biologia edo Kimika ikasten ari direnek zientziei ez dagozkien pare bat irakasgai aukeratu behar izaten dituzte. Horrek erraztu egiten du zientzialariek halako interesak izatea. Adibidez, ikasle baten helburua Biologian lizentziaduna izatea izan daiteke, eta lehen urtean zinemaren historiari buruzko irakasgaia hartuko du agian.

Baina, AEBetan ez ikasita ere, zientzialari askok izan ohi dute filosofiarekiko berezko interesa, ezta?

Badago lotura garrantzitsu bat. Esaterako, eboluzioa aztertzen duen pertsona batentzat, zaila da horretan ez pentsatzea; hau da, gizakiok eboluzionatu egin dugula eta horrek baduela esanahirik deskripzioaren eremuaz edo prozesu genetikoez harago. Esate baterako, aipatutako moralaren portaerari dagokionez.

Eboluzioaren biologiari dagozkion ikerketetan, gauzak asko aldatu al dira zu hasi zinenetik hona?

Ikaragarri. Fisika eta biologia alderatuz gero, adibidez, nik idatzi izan dut XXI. mendea biologiaren mendea izango dela, XX.a fisikarena izan zen moduan. XX. mendearen azken herenean, aurrerapen handiak izan ziren jada. Orain, gobernuek eta instituzioek gehiago inbertitzen dute biologian, eta aditu gehiago dago diziplina horretan fisikan, kimikan edo matematikan baino. Biologia molekularraren abiatzea izan da aldaketa nabarmena, DNAren egitura argitzea. Horrek izan du inpaktu handiena, biologian ikerketa aldatze aldera.

Neurobiologia ere aipatu duzu.

Duela gutxi hasi zen agertzen, baina orain ikaragarria da. Oraindik misterio asko baititu biologiak. Esaterako, garunera iristen zaizkigun datu elektrikoak eta kimikoak ideia bihurtzen dira, baina hori nola gertatzen den ez dakigu. Edo guk badakigu pertsonak garela, baina animaliek ez dakite animaliak direla, ez daukate niaren kontzientzia hori. Ez dakigu zergatik, baina.

Horrenbestez, zer gertatuko da biologian XXI. mendean?

Neurobiologia, garuna, pentsamendua… horiei buruz eta horien guztien gizarte inplikazioez ariko gara. Bestalde, genetikaren eta eboluzioaren alorrean, oraindik ez dakigu ondo zerk egiten gaituen gizaki, adibidez, txinpantzeekin alderatuta —gertuen dugun ahaidea—. Jakiteko dagoenaren %1 ere ez dakigu. Neurobiologiaz ari garenean, batzuek uste dute hor dagoen hori misterio hutsa dela eta ez dela inoiz argituko, baina hori, zientzialari batentzat, ez da jokabide zuzena.

Gehiago zehaztuta, biologia molekularraren alorrean, zein dira gaur egungo interesik handienak?

Aipatu ditudan arazo horiek biologia molekularrak ere aztertzen ditu, beste diziplina batzuez gain. DNAren osagaiak, proteinak… bizitzaren makinaria. Neurobiologian ere, biologia molekularraren jarduna handia izaten ari da, neuronak nola aktibatzen diren ikusten-eta. Eta gauza bera gertatzen da eboluzioarekin: geneak ulertu nahi ditugu.

Hain zuzen, bertatik bertara ezagutu zenuen giza genomaren proiektua.

Hasieratik egon nintzen sartuta. 2000-01ean lortu zen gizakiaren sekuentzia deskodetzea, hamabi urteren ondoren, eta proiektuak hiru milioi dolarreko aurrekontua zuen, nahiz eta gutxiago erabili zen azkenean. Gaur egun, aldiz, zure giza genomaren sekuentzia nahi baduzu, hilabete batean izan dezakezu, 10.000 dolarren truke.

Denbora gutxian asko aurreratu da, beraz?

Hala ere, hastapenetan gaude oraindik. Sekuentzia izateak ez du esan nahi ulertzen dugunik. Hala ere, zientzialari dezentek sineskortasun handiz jokatzen dute oraindik ere, horrek dakartzan auzi filosofikoei dagokienez. Adibidez, DNAren sekuentzia askatzeko metodoetako bat aurkitu zuen ikertzaile batek —horrexegatik Nobel saria jaso zuen Harvard Unibertsitateko irakasleak— zioen giza genomaren sekuentzia lortzearekin batera gizakia zer den jakin eta ulertu egingo genuela. Baina ez da hala. Hiru mila milioi letra dira; inprimatuko bagenitu, Bibliaren tamainako 500 liburu aterako genituzke. Genoma deskodetuta, zer letra dituen ikusi dugu, baina ulertzen ez dugun lengoaia batean. Pixkanaka saiatzen ari gara orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.