Gibeleko gaitzei aurre egiteko

Jabier Agirre / 2012-10-09 / 700 hitz

Dituen funtzio ugariengatik, gibela gure gorputzeko organo garrantzitsuenetako bat da. Baina, zoritxarrez, dieta desegoki batek gibelaren funtzionamendu normalean eragin dezake eta hainbat gaitzi bide eman diezaioke. Horregatik, janariak ondo aukeratzea da gibelari sano eusten laguntzen duten faktoreetako bat.

Toxinak kanporatzeko ezinbestekoa izaki, gibelak elikagaiak energia bihurtzen ditu, eta bitaminen digestioa eta xurgapena errazten dituen likidoa, behazuna hain zuzen ere, sortzen du. Ondoretasun arrazoiak direla medio, eta baita birusen ekintzaren ondorioz ere, gibela gaixotu egin daiteke, baina janari desegokiak jatea edo alkohola gehiegi kontsumitzea izan ohi dira sarritan gibelaren funtzioak hondatzeko arrazoi nagusia.

Ohitura gomendagarriak

Gibeleko arazoei aurrea hartzeko edo, besterik ezean, gaitz horien agerpena atzerarazteko, dieta orekatua egiteaz gain, arreta neurri batzuk gomendatzen dira, substantzia jakin batzuk gibela honda ez dezaten:

Elikadura osasungarria. Baztertu janari prozesatuak (kontserbatzaile eta koloragarri asko izaten dituztenez, gibelak lan handiagoa egin behar du horiek kanporatzeko). Ahal bada, egunean bertan egindako jana; ez, aurrez egin eta bigarrenez berotua. Fruta jaterakoan ondo garbitu, pestizidak eta gainerako ongarriak erabat kentzeko. Alkohola, noski, oso kaltegarria da gibelarentzat.

Higiene egokia. Lanean produktu kimikoak erabiliz gero, guanteak eta maskara ezinbestekoak dira, gibela hondatzea nahi ez badugu. Merkurioa, beruna, kobrea eta selenioa bereziki arriskutsuak dira.

Sexu harreman seguruak. Sexu bidez transmititzen diren hepatitis mota batzuk kutsatzea saihesteko modurik onena preserbatiboak erabiltzea da. Eta arrazoi beragatik, ez partekatu inorekin hortzetako eskuilarik eta bizarra egiteko labanarik.

Automedikaziorik ez. Zenbait botika (analgesikoak, antiinflamatorioak eta antibiotiko batzuk, esaterako) gehiegizko dosian hartuz gero, gibelarentzat kaltegarriak izan daitezke. Botika horiek sarritan erabiltzen direnez, medikuak agindutakoan bakarrik hartzea eta agindutako dosia ez gainditzea gomendatzen da.

Gibeleko gaitz motak

Asko eta elkarren artean diferente samarrak dira gibelean ager daitezkeen gaixotasunak, beren larritasun mailari dagokionez batez ere.

Gibel koipetsua litzateke horietako bat, azken urteotan asko zabaldu dena, gibeleko zeluletan gantz azidoak pilatzeagatik sortua. Lotura estua dauka alkoholismoarekin, eta baita obesitate, diabetes edo hiperkolesterolemiarekin ere. Okerrena da gaixo askok ez dakitela gaitzak jota daudenik ere, ez baitu sintoma nabarmenik ematen, sabelaren goiko aldean min sentipen arinen bat, nekea edo otorduen osteko pisutasuna ez badira. Dieta osasungarria egitea, alkohola erabat baztertzea eta, sobera edukiz gero, pisua galtzea izango lirateke gaitz horren kontrako tratamendurik eraginkorrena.

Gibeleko kiste sinplea. Likidoz betetako lesioa izaten da, ia inoiz tratamendurik beharko ez duena. Aldizkako kontrolak gomendatzen dira, kistearen tamaina handitzen den ala ez ikusteko. Kisteak lau zentimetro edo gutxiago neurtzen badu, ez du sintomarik ematen, eta, agertzekotan, sabeleko mina eta goragaleak izaten dira usuenak.

Hepatitisa da gibelari erasaten dion beste gaitz bat, hainbat birus motak sortua. Horrela, gaur egun, A, B eta C hepatitisak bereizten dira batik bat. Ikterizia edo min horia (azal eta mukosek hartzen duten koloreagatik), sukarra, goragaleak, apetiturik eza eta nekea dira sintoma nagusiak. Behin gaitza harrapatu ondoren, susperraldia aldatu egiten da pazienteen eta birus klasearen arabera; baina, oro har esanda, A hepatitisa gaitz arina da, B hepatitisak konplikazio larri samarrak ekar ditzake (bada horren kontrako txerto bat), eta C hepatitisaren aurkako tratamendua aski eraginkorra da gaur egun.

Zirrosia litzateke gaur aipatuko ditugun gaitzen artean larriena: gibeleko ehun normala pixkanaka suntsituz doa eta organoaren funtzio normalak egiteko gai ez den beste ehun gogortuago batek ordezten du (fibrosia). Erasandako pertsonen % 5 inguruk minbizia garatuko dutela kalkulatzen dute adituek. Zirrosiaren arrazoiak asko eta diferenteak izan daitezkeen arren, nagusia alkoholaren gehiegizko kontsumoa izaten da. Horregatik, ohitura hori bertan behera uztea komeni da, gibelak berriro ere bere funtzionamendu normala berreskura dezan.

Gibelarentzat kaltegarriak diren elikagaiak

Zenbait osagairen gehiegikeriak, edo janariak prestatzeko moduak ere gibela hondatu egin dezakete. Horregatik, gibeleko gaitzen bat edukiz gero, ondorengo elikagaiek egoera okerragotu egingo dute.

Jatorri animaleko koipeak. Digerigaitzak gerta daitezke gaixoarentzat; beraz, proportzio txikian hartu behar lirateke beti. Esneki osoak ere neurrian kontsumitzea gomendatzen da.

Kontuz gatzarekin. Sodioz aberatsak diren jakiek likidoen erretentzioa gehitzen dute; kontuz, bada, urdaiazpikoarekin, produktu ketuekin eta hestebeteekin.

Azukrea, neurriz. Azukre findua duten produktuek koipeak eta kolesterola gehitzen dituzte. Edulkoratzaile artifizialak ere ez dira halako gaixoentzat gomendatzeko modukoak, gibelari kalte egiten baitiote.

Gisatuak. Janariak parrillan edo txingarretan denbora luzean edukiz gero, kanporatzen zailak diren toxinak sortzen dira.

Janari gordinak. Bai haragi gordinak, eta baita arrain edo itsaski gordinek ere gaixoentzat kaltegarriak diren mikroorganismoak eduki ditzakete. Germen horiek pertsona sanoetan ere gibeleko infekzioak eragin ditzaketen arren, normalean ez da horrelakorik gertatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.