Aire girotuaren arazoak saihesteko

Jabier Agirre / 2012-10-30 / 756 hitz

Gero eta gehiago erabiltzen dugu aire girotua. Bai udan, baita neguan ere, tentu handiz ibiltzea komeni da aire girotuak sortzen dituen osasun arazoak saihesteko. Eztarriko mina, eztul lehorra, gihar kontrakturak eta beste hainbat arazo sor ditzake aire girotuaren erabilera okerrak. Tenperatura zaintzea eta giroa sarri egurastea arazoak saihesteko bi neurri dira.

Lanean, autoan, merkataritza guneetan, etxean… aire girotua gero eta presenteago dago gure bizimoduan. Berorik gehien egiten duen urte sasoietan tenperatura goxoaz gozatzeko aukera ematen digu, baina osasun arazoak ere ekar diezazkiguke: eztarriko mina, eztul lehorra, gihar kontrakturak, begietako azkura… Arazo horietatik babesteko, zenbait neurri hartu behar dira.

Erabilera osasungarria

Tenperatura zaintzea eta giroa sarri egurastea: horra hor, ondoren inolako minik sentitu gabe, aire girotuaz gozatzeko modua emango diguten bi neurri sinple.

Ez pasatu hotzarekin. Aire girotua tenperatura baxuegian erregulatzeko joera oso zabaldua dago, eta horrek arazoak dakarzkio gure osasunari. Aparatua 25-26ºC-tan graduatzea gomendatzen dute adituek, giroa fresko eta osasunarentzat endredorik gabe mantenduko baitu tenperatura horrek.

Babestu bat-bateko aldaketetatik. Udan, etxe barruko giro freskotik kaleko bero galdatara pasatzen garenean, edo orain, negu partean, kanpoko hotzetik barruko giro goxora bat-batean sartzen garenean, gure gorputza ahuldu egiten da, eta infekzioak —arnasbideetakoak batez ere— jasateko arriskua areagotzen da. Horregatik, aparatu horietako tenperatura kanpoko girora egokitzeak edo hori ezinezkoa denean giro hotzetan arroparekin babesteak arazo horiek saihesten lagunduko digu.

Sudurretik arnastu. Pentsatu al duzu inoiz behar bezala arnasten ote duzun? Arnasa ahotik hartzeko ohitura baduzu, arnas arazoak izateko arrisku handiagoa duzu, giro artifizialki hoztuetan aritzen bazara, batez ere. Kontuan hartu behar da sudurrak, barruko iletxoei esker, iragazki moduan jokatzen duela, gure gorputzarentzat kaltegarriak diren hauts eta bestelako partikulen sarrera eragotziz. Gainera, sudurrean barrena airea hezetu eta epeldu egiten da, eta, horrela, infekzioak jasateko arriskua gutxitzen da.

Zuzeneko kontaktua baztertu. Aire hotzak gure aurpegian, lepoan, bizkarrean edo gorputzeko beste ataletan zuzenean jotzen duenean, giharrak uzkurtu egiten dira bat-batean, eta sarritan lepoko edo bizkarreko minak sortzen dira. Aurpegiko muskuluak mugitzen dituen nerbio bat ere blokea daiteke, eta horrek aldi baterako aurpegiko paralisia eragin dezake. Horregatik, ezin badugu aire hotzaren zuzeneko kontaktu hori saihestu, agerian dauden gorputz atalak estaltzea gomendatzen da —zapi bat jarriz lepoan edo txamarra fin bat, kasuaren arabera—.

Gela egurastu. Etxean aire girotua baldin badaukagu, gelak normalean baino maizago egurastea komeni da. Horrela, osasunarentzat kaltegarriak diren onddo, birus eta bestelako mikroorganismoak ugaltzeko arriskua gutxituko dugu. Neurri hori oso garrantzitsua da autoaren kasuan ere, espazioa oso txikia denez arriskua handiagoa baita.

Iragazkiak garbi mantendu. Substantzia kaltegarrien ugalketa saihesteko, beharrezkoa da iragazkiak sarritan garbitzea, ur hotzarekin —sekula ez ur beroarekin, deformatzeko arriskua baitago— edo aspirazio bidez, bestela.

Hezetasun maila kontrolatu. Aparatu horiek botatzen duten airea normala baino lehorragoa izaten da. Horixe da aire girotuak zenbait pertsonari garrazpera, eztarriko mina, sudurreko buxadura, taponamenduak eta beste eragitearen arrazoia. Horregatik, giroko hezetasun maila %60-70 bitartean egotea komeni da. Horretarako, agian, hezegailuren bat erabili beharko da.

Ura edan. Aire girotua dagoen leku batean ordu batzuk jarraian egin behar baditugu, ur ugari edatea gomendatzen dute, gorputza behar bezala hidratatua edukitzeko.

Nahasmendu usuenak

Tresna horiek modu desegokian erabiltzeak kalte egin diezaioke gure osasunari, eta ondorengo nahasmenduak izateko arriskua gehituko da:

Arnasbideetako gaitzak. Tenperatura hotzegiek arnas sistemari erasaten diote, eta laringitisa, bronkitisa, sinusitisa eta era horretako arazoak sortzen dira. Arriskua areagotu egiten da lehendik asma edo gaixotasun buxatzaile kronikoa duten pazienteetan. Airea lehorra izan ohi da, eta horrek muki jarioa gutxitu eta eztarriko, sudurreko eta laringeko defentsa sistema ahultzen du. Ondorioz, faringitisa, errinitisa, afoniak eta gisako nahasmenduak sor daitezke.

Tortikolisa eta kontrakturak. Aire hotzak azalean zuzenean jotzen duenean gehitu egiten da hezurretako eta muskuluetako arazoak izateko arriskua.

Alergiak. Aire girotuak sintomak areagotu egiten dizkie hautseko akaroei eta onddoei alergia dieten pertsonei.

Begietako arazoak. Giroko lehortasunak konjuntibitisak, begietako erresuminak eta lentillekiko jasanezintasuna eragin ditzake.

Infekzioak. Aireberritze edo eguraste faltak birusen eta bakterioen kutsapena errazten du, bulego eraikinetan, batez ere.

Aire girotuaren abantailak

Hala ere, dena ez da kalterako. Aire girotuak ere baditu bere alde onak. Freskotasun sentipen atsegina emateaz gain, aire girotuak hainbat mesede ere ekartzen dizkio gure osasunari. Hona hemen aire girotuaren abantaila nagusiak:

Bero kolpeak saihesten ditu. Horregatik, eta nahasmen hori jasateko arriskua gutxitzeko, bero oso handia egiten duen egunetan —batez ere adineko pertsonek eta haur oso txikiek— gutxienez ordubete aire girotua duten lekuetan (supermerkatu, zinema eta bestelako leku publikoetan) emateko gomendatzen dute.

Intsektu eta parasitoen kopurua gutxitzen du. Mota horretako animaliak giro beroetan ugaltzen dira. Aire girotuak, beraz, izaki kaltegarri horiek ugaltzea saihesten du.

Langilearen errendimendua hobetzen (omen) du. Tenperatura atseginean lan egiteak jarduera fiskoa eta intelektuala piztu eta bizkortzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.