Barbarin arraintxoak plantxan, leka eta otarrainskekin

Iker Markinez / 2012-11-10 / 178 hitz

OSAGAIAK
4 pertsonarentzako osagaiak:

Dozena bat barbarin
300 g leka
2 dozena otarrainxka
2 baratxuri ale
Oliba olio birjina
Gatza
Perrexila
• Barbarinak arrandegian erostean, hezurra ongi kentzeko eskatu, gero gure lana errazteko. Lekak garbitu, eta erditik moztu. Lapiko bat urez beteta irakiten jarri, su bizian. Irakiten hastean lekak bertara bota, eta 15 minutuz irakiten eduki, ur hotzetik pasa eta gorde.

• Otarrainskei buru eta gorputzak zuritu, eta erditik moztu. Baratxuriak ere zuritu, eta pusketa txikietan moztu horiek ere.

• Zartagin bat sutan berotzen jarri (oliorik gabe), eta, berotzen den bitartean, barbarinak gatzatuko ditugu. Zartagina ondo beroa dagoenean, barbarin xerrak bertan jarri, azala zartagin aldera begira dutela.

• Geroago, olio zorrotada fin bat bota, eta pare bat minutu pasa ondoren buelta eman xerrei, kontu handiz; eta beste 2 minutuz frijitu. Ondoren, erretilu batera pasa, eta gauza bera egin barbarin xerra guztiekin.

• Jarraian, baratxuri txikitua zartagin berera bota, baita otarrainskak ere. Olio zorrotada bota, eta pare bat minutuz mantendu. Lekak gehitu, baita perrexil xehatua ere. 3 edo 4 minutuz dena ongi nahastu, eta erretiluan ditugun barbarinen gainera irauli.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.