Djuna Barnes gauaren basoan

Ion Olano Carlos / 2012-11-25 / 705 hitz

Berak zioen bera zela «munduko idazle ezezagunik ospetsuena». Djuna Barnes, heterodoxoen artean heterodoxo. Behinola irakurle mordoa txunditu zuen, baina egun, badirudi ahanztura arraro batek itzaletan ezkutatu duela.

Duela 30 urte hil zen; duela 120 urte jaio. Aurten egin dute, lehen aldiz, International Djuna Barnes Conference delakoa. Joan den irailaren 20-22 bitartean izan zen, Londresen. Mintzaldietan parte hartu zuten Australia, AEB, Frantzia eta Ingalaterrako dozenaka ikerlari eta adituk. Horrez gain, halako urteurrenek ekarri ohi duten zalaparta mediatikorik ez da izan Barnesentzat. Idazle zinez berezia izan, eta gainera, gai lesbiarrak jorratu zituelako, agian? Bai zera! Edo… beharbada, bai?

Djunaren amona, Zadel Turner Barnes, idazle, kazetari eta Women Suffrage taldeko ekintzaile nabarmena izan zen. Haren semea, Djunaren aita, arrakastarik gabeko musikagile, musikari eta margolaria. Zadelek uste zuen bere semea aitormenik gabeko jenioa zela; hori dela-eta, egundoko ahalegina egin zuen haren familia diruz laguntzeko.

Djunak hamasei urte zituelarik, bortxatu egin zuten. Nor izan zen ez dago argi: aitaren baimena zuen bizilagun bat, edota aita bera. Bortxatze hura zeharka aipatu zuen lehen eleberrian—Ryder, 1928—eta zehatzago bere azken lanean—The Antyphon, 1958—. Arte eskolan izena eman, baina utzi behar izan zuen, erreportari lanetan hasteko. Hurrengo urteetan New Yorkeko ia egunkari guztientzat idatzi zuen Barnesek, berak egindako marrazkiz lagunduta, sarri: elkarrizketak, berriak, pulp fikzioa, antzerki kritikak, eta beste.

Desberdinen artean ezberdin, idazle ugari liluratu eta lagun egin zituen, prentsarako lanak zirela tarteko: James Joyce, Ezra Pound, Samuel Beckett… 1987an postumoki ateratako bilduma batean ageri dira horietariko asko. Barnesen kazetaritza moldea subjektiboa da oso, eskarmentuan oinarritua. Politikoki engaiatua izaki, sufragista aurrerazaleekin lerratu zen; haurrik ez izatearen alde mintzatu zen eta, aldi berean, sexu askea aldarrikatu zuen. 1930ean Antonia White idazleari aitortu zion ez zuela damurik sexu kontuetan; ez zela damu nahi zuen gizon edo emakume ororekin oheratu izanaz.

Diotenez, 21 urte zituenerako, senitartean aitortua zuen bere bisexualtasuna. Nolanahi ere, 1920ko Paris funtsezkoa izan zen bere bizitza eta lanaren bilakaeran. Hiri hura baitzen, hain zuzen, munduko kultur abangoardien erdigunea. Gertrude Stein garbi mintzo zen: «XX. mendea non, hantxe zegoen Paris». James Joyceren aurkezpen-gutun baten konpainian iritsi zen Parisera Barnes; gerraosteko deserriratuen giro hartan hainbat lagun eta maitale izan zituen, baina bat bereziki berezia: Thelma Wood poeta.

Deserri hartan, inoiz ez bezala idatzi zuen Djuna Barnesek. Adituek diote Joyce ezagutu eta irakurri izanak aparteko eragina izan zuela bere lanean; alegia, estilo dekadentetik modernistara erakarri zuela. Kontuak kontu, Ulysses irakurri orduko, zera idatzi zuen: «Ez dut lerro bakar bat gehiago idatziko… nork du horretarako adorerik, honen ondoren?». Joycek uste zuen gai hutsalak landu behar zirela, eta literaturaren bidez bihurtu behar zirela berezi. Barnesek, berriz, ezohiko kontuetan jartzen zuen arreta, puristek groteskoa deritzoten horretan.

Gauaren basoa

Djuna Barnesen maisulana —Nightwood— 1932ko udan idazten hasi eta hurrengo udan amaitu zuen. Emily Coleman poetaren bultzadari esker, eskuizkribua T. S. Elioten eskuetara heldu zen, zeina garai hartan Faber and Faber argitaletxean editore baitzen. Honela idatziko zuen, gerora, hitzaurrean: «Hain da nobela ona, ezen soilik poesian trebaturiko sentiberatasunek goza baitezakete osoki». Hala ere, zentsuraren beldur, sexualitatea eta erlijioa aipatzen zituzten pasarteak moztu eta leundu egin zituen Eliotek. 1995ean, Cheryl J. Plumb editoreak Nightwood lanaren edizio zaharberritua eman zuen argitara, Elioten moldaketarik gabe.

Dena den, Barnesek idazle sona handia lortu zuen Ingalaterran eta AEBetan. Nightwood argitaratu orduko, kritikariek harrera ezin hobea egin zioten; liburu-erosleek, ez horrenbeste. Honako hau adierazi zuen, esaterako, William S. Burroughs idazleak: «XX. mendeko liburu handienetako bat da Nightwood». Arrakastaren aparrek eta arazoek kasik itoarazi egin zuten Barnes. Alkohola edateari utzi behar izan zion, bere azken lana burutuko bazuen: The Antyphon, neurtitzetan idatziriko antzezlana. «Hortzak estuturik idatzi nuen lan hura; ene idazkera hautematen nuen sastakai bat bezain basa».

Djunak lanean jarraitu zuen, azken lana plazaratu ondoren ere. Poesia idazten zuen, egunero zortzi orduz. 500 poema-zirriborrotik gora idatzi, baina horietariko gehienak ez zituen sekula amaitu, eta gutxi batzuk baino ez zituzten argitaratu Barnes bizi zelarik. Jendartearekiko uzkur eta etxezulo izan zen, bizialdiko azken urteetan. Miresle franko saiatu zen bera ezagutzen, baina batzuek ezezko ozpinak jaso zituzten, eta gehienek, erantzunik ez. Idazle askok aitortu izan dute Barnesek eurengan aparteko eragina izan zuela: tartean daude Anaïs Nin, Truman Capote, Karen Blixen, John Hawkes eta Bertha Harris. Noizean behin, Barnesen leiho azpian E. E. Cummings idazlea azaltzen zen, oihuka: «Bizi al haiz, Djuna?». Eta egun, hil eta 30 urtera, erantzuna ez dago hain argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.