Istorioak harilkatzen

Gorka Julio / 2012-11-15 / 299 hitz

Belaunaldi arteko talka beti egon da, eta orain ere hortxe dago. Nagusiek ez dituzte gazteen jarrerak eta tresnak ulertzen. Bigarren horiek, aldiz, ez dituzte nagusiagoen jarrerak eta gehienetan aginduak ulertu nahi. Beti eta bereziki garai hauetan Durangoko Azoka gertu dagoenean irakurketaren inguruan agertzen da kezka hori. Belaunaldi berriek irakurtzen ote dute? Irakurtzen badute, euskaraz irakurtzen dute?

Galdera gehienetan gaizki egina dago. Irakurri irakurtzen dute, noski, inoiz baino gehiago beharbada. Interneti esker eta askok erabiltzen dituzten sakelako telefono aurreratuei esker, Facebook, Twitter eta batez ere Whatsappen gisako aplikazioetan asko irakurtzen dute.

Galdera egin ohi denean, zehaztapenak datoz; testu landu, luze eta sakonagoei buruz ari gara ez komunikazioari buruz. Hor agertzen dira sareko hedabideak, blogak, Wikipedia… eta segur aski aste osoan milaka gaztek erabiltzen dituzten webguneak. Baita euskaraz ere, eta hai- entzat sortutako Topatu.info eta Gaztezulo.com webguneak ere.

Orduan, oraindik zehaztasun gehiagorako ordua iritsi ohi da, eta literatura aipatzen da. Hor, egia esan esango dizuet, eta eskolan behartuta irakurtzen dituzten liburuez gain ez dakit zein jarrera izango duten gazteek. Hala ere, niretzat garrantzitsuagoa da jakitea eskolatik atera ondoren zenbaitek jarraitzen duten euskarazko liburuak irakurtzen.

Inork ez du liburuaren formatua zalantzan jartzen. Gutxiengo batek liburu digitala eta hori irakurtzeko liburu elektronikoa aipatzen du. Alor horretan esperimentatzeko mundu zabal bat dago, eta orain arte inork ez du gehiegi mundu horretan esperimentatu. Irudiko luke literaturaren mundua liburuaren euskarrira hertsiki lotua dagoela.

Beste sormen mota batzuk ere horrela bizi dira bakoitzak bereari begira, baina testu, audio, bideo, joko… euskarritik haratago istorio bat kontatzea. Munduan bada jada fantasia eta errealitate, oraina eta geroa istorioak harilkatzen dabilenik: http://cinemadellarte.dk/.

Hemen ere, istorioak kontatzeko bideak ireki behar ditugu, eta gurean bada jada esperimentatzen ari den jendea. Tranxmedia.org jardunaldiak izan ziren horretarako aukera bat, eta hemendik aurrera eta etorkizunean mantetzeko izaerarekin Durangoko Azokako Kabi@ gunean ere horretarako aukera izango da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude