Urakanen artean, basoak Artikora zabaltzen

Koldo Nuñez / 2012-11-08 / 484 hitz

Resolute Kanadako Cornwallis irlako herri bat da. Inuktitut hizkuntzan Qausuittuq du izena, hau da, egunsentirik ez duen lekua. Zirkulu Polar Artikotik ia mila kilometro iparralderago dago. Lehengo asteko ostegunean azkeneko aldiz ikusi dute eguzkia aurtengo, eta otsailaren erdira arte ez dute berriro ikusiko. Udan, alderantziz, hilabeteak eguzkia sartu gabe. Horretaz gain, munduko herri hotzenetako bat da, eta urteko batez besteko tenperatura -16,5 ºC-koa da; oso lehorra da, eta bertan ia ez du elurrik egiten. Ondorioz, landarerik ez da hazten basamortu hotz horretan.

Zenbait kilometro iparralderago, Axel Heiberg irla dago, eta bertan orain dela 25 bat milioi urteko baso fosilen aztarna ugari daude. Zuhaitz handi askoren motzondo edo ipurdiak daude momifikatuta, basoak norbaitek moztu izan balitu bezala. Eozenoko egur hori irla horren eta ondoko irlaren toki askotan bildu nuen nire bidaietan. Egur astuna baina, zailtasunez, oraindik su hartzen zuena. Baso horiek argi erakusten digute garai batean munduko klima orain baino epelagoa zela. Iluntasun-hilabete luzeak ez ziren oztopo basoak zabaltzeko munduko iparraldean.

Izan ere, munduko klima maiz aldatu da milioika urtetan, baina aldaketa beti poliki-poliki izan da, mendetan edo milaka urtetan. Gaur egun, aldiz, klima-aldaketa izugarri azkar gertatzen ari da, eta, zenbait ikerketaren arabera, ondorioz muturreko gertaera meteorologikoak ari dira izaten. Esaterako, 2011n AEBetan muturreko 14 klima-gertaera egon ziren, eta bakoitza mila milioi dolar baino gehiago kostatu zen. Resoluten ere historiako tenperaturik beroena neurtu zen iaz, 19,6 ºC. Japonian bere historiako euriterik handienak gertatu ziren, baita Australian eta Pakistanen ere; aldiz, Europan eta Errusiaren mendebaldean uda beroenetako bat izan zen, eta Yangtze ibaiaren arroan izugarrizko lehortea egon zen.

Orain arte egindako hainbat ikerketaren arabera, itsasoko uren tenperatura berotzen den neurrian, gero eta ekaitz indartsuagoak gertatzen dira. Aurtengo uda inoiz izan den beroena izan da Ipar Amerikan, eta ondoren urakanak etorri dira. Azkena Sandy izan da, ohiz kanpoko indarreko ekaitza, erabat muturrekoa. Une hartan itsasoko uren tenperatura azken 30 urtean batez bestekoaren gainetik zegoen 2,8ºC-tan. Sandy-k lehenengoz Kariben jo zuen; ondoren, indartuta, AEBetako ekialdeko kostaren gehienean izan du eragina. Ondorioz, gutxienez 150 lagun hil dira, eta soilik AEBetan 70.000 milioi dolarren galerak ekarri ditu. Ez da kaltegarriena izan, hala ere; 2005ean gertatu zen Katrina, eta 1.200 lagun hil eta 180.000 milioi dolar galdu ziren. Azken urteotan beste urakan handi zenbait gertatu dira Ipar Amerikan, eta muturreko tifoiak Pazifikoan. Ikerketa askoren arabera, urakanak beti bezala gertatu dira, baina ezohiko indarrarekin. Ikertzaileon arabera, zalantzarik gabe klima-aldaketarekin lotzen dute urakanen indarraren areagotzea. Hori ez ezik, bide horretatik segituko dute, alegia, indartzen.

Sandy-ren eragina Islandian ere sentitu da. Olatu handiek eta euriteek zigortu dute irlaren hegoaldea udazken honetan. Islandian, Kanadako Artikoan bezala, ez dago berezko zuhaitzik, daudenak gizakiok lorategietan landatutakoak dira. Hala ere, zuhaitz horiek gero eta hobeto ari dira moldatzen irlan, zalantzarik gabe bertako klimaren gogortasuna leuntzen ari delako, eta laster berez hasiko dira iparralderantz zabaltzen. Berdin Kanadako iparraldean. Hamarkada batzuk barru Artikora irits daitezke, hala edo nola, eta horrek adieraziko du zerbait gaizki ari garela egiten, kontrakoa iruditu arren.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.