Zuraren eraztunak jakintza iturri

Maialen Unanue / 2012-11-03 / 447 hitz

Egurra aztertzen du Arkeolan Ikerketa Zentroaren Dendrokronologia laborategiak: garai bateko klimaren ezaugarriak jakin ditzakete zuraren eraztunei erreparatuta soilik.

Hamar urte bete dira dagoeneko Newporten (Gales) XV. mendeko itsasontzi bat lurperatuta aurkitu zutenetik. Ikerlariei deigarria egin zitzaien hainbeste menderen ondoren ontzi hark halako osotasuna izatea. Orduko hartan, Nigel Nyling dendrokronologoak arduratu zen beharrezko lagin guztiak hartzeaz eta ikerketa abiatzeaz. Duela hilabete inguru jakin zen Euskal Herriko egurrarekin egina zegoela ontzi hura, Irungo (Gipuzkoa) Arkeolan Ikerketa Zentroaren Dendrokronologia laborategiari esker. Josue Susperregi da horko arduraduna: hark hartzen ditu beharrezko laginak, eta ondoren aztertzen.

Susperregik kontatu duenez, 2005 urte inguruan bidali zituen Nylingek ikerketaren emaitzak Europa hegoaldeko hainbat laborategitara, tartean, Irungora. Izan ere, itsasontzian aurkitutako zenbait objektuk —besteak beste, Frantziako eta Portugalgo txanponak, hispaniar jatorriko zeramika— ontzia bera Iberiar penintsulan egina izan zitekeela pentsarazi zion Nylingi: «Ordu hartan, gure erreferentzien kurba ez zen XV. mendera iristen, eta, hori dela eta, ez genuen inolako emaitzarik lortu». Azken urteotan egindako aurrerapenei esker ondorioztatu ahal izan dute hemen ingurukoak behar zutela izan Newporten aurkitutako ontziaren material nagusiak: «Geure erreferentzien kurba hobetzea lortu dugu, baita XIII. mende amaierara arte luzatzea ere. Berriz ere Nylingek bidalitako datuak hartu eta gureekin alderatu genituenean, konturatu ginen Euskal Herrikoa zela egur horren jatorria».

Eraztunak, informazio iturri

Zuhaitzen eraztunak aztertzeko metodo multzo bat da dendrokronologia. Irungo Dendrokronologia laborategiak hamalau urte bete ditu aurten, eta Susperregik han egiten du lan: batik bat, haritzak aztertzen ditu. Zuhaitzen enborrak eraztunak izaten ditu barnean, eta baldintza jakin batzuen pean hazten dira, sortze ingurunearen arabera: eraztunen lodiera eta ezaugarriak horren araberakoak izango dira.

Eraztun horien serieei erreparatuta, «informazio mordoa» lor daiteke, Susperregiren hitzetan: «Lehenik, erreferentziazko kronologia bat osatzea derrigorrezkoa da. Eta horretarako, zuhaitz biziak aztertzetik hasi behar duzu». Izan ere, bizirik dauden zuhaitzen azken eraztuna egutegiko azken urteari dagokio —«edo aurrekoari, laginketa egin den urtaroaren arabera»—, eta, horri esker, gainontzeko eraztunenak defini daitezke. Prozedura horri deitzen diote datatzea. Dendrokronologiaren beste aplikazio ezagunenetariko bat klimaren berregitea da. «Badakigu eraztunen lodiera zuhaitzak bizitako klimaren araberakoa dela: beraz, klima datuak aztertuz eta eraztunen lodiera uztartuz, bien artean zein harreman dagoen jakin dezakegu», azaldu du Susperregik.

Europako sare bateratua

Gaur egun, Europako dendrokronologia laborategien sarea osatzen ari dira. Susperregik azaldu duenez, orain arte laborategi bakoitzak bere aldetik jarduten zuen, eta, sare honen bidez, erabilitako metodoak estandarizatu nahi dituzte: «Nolabait esateko, bakoitzak bere softwarea garatu du, eta, orain, estandar batzuk ezartzen ari gara: horrela, nahiz eta erabilitako programak ez izan guztiz berdinak, euren artean bateragarriak izatea lortu nahi dugu, ondoren informazioa trukatzea errazagoa izan dadin».

Susperregirentzat, «oso garrantzitsua» da laborategien arteko datuak trukatzea: «Izan ere, ikerlariak beste herrialde bateko egurrez egindako objektuak izan ditzake esku artean, eta, beraz, ez ditu beharrezko erreferentziak izango materialari dagokion urtea eta jatorria definitzeko».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.