Bankuen oinak

Iñigo Astiz / 2012-11-27 / 1.175 hitz

Egungo egoera ekonomikoan, ezinbestean, gaurkotasun handiko gaia da bankuena, baina badute iragana ere. XIX. mendean hasten da banku modernoen historia Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Egun bat bai, eta hurrengoa ere bai. Gaurkotasunaren ardatz nagusietariko bat dira bankuak 2008an finantza krisia lehertu zenez geroztik. Lehen mailako presentzia izan dute albistegietan, eta krisi ekonomikoaren aktore nagusietariko bat dira egun. Izen propio bakar batek eman dezake historia garaikidean erakunde hauek daukaten pisuaren neurria: Lehman Brothers AEBetako bankuarenak, adibidez. Haren kiebrak ireki zuen Pandoraren kutxa, eta izen eta hitz gehiago etorri dira gero: etxe kaleratzeak, erreskateak, banku txarra… Zorroztu egin dute herritarrek haiekiko zaintza, eta gaurkotasunaren hurakanaren begian daude orain. Baina zein da haien iragana?

Antzinaroan bazeuden lukurreruak, eta maileguak ematen zituzten pertsonak, baina egungo finantza erakundeen jatorria Erdi Aroan dago. Eta bi jatorri nagusi ditu: merkataritzarako kreditua eta estatuarentzako kreditua. Behe Erdi Aroko krisian sortzen dira horregatik lehen banku publikoak. Industrializazioa da, ordea, banku modernoak ulertzeko giltza. Asko handitu zen garai hartan haien zeregina. Baita Euskal Herrian ere. Bizkaian bereziki, hura izan baitzen industrializazioaren hastapenetako foku nagusietariko bat.

BBVA erakundeko artxibo historikoko arduraduna da Victor Arroyo, eta Bilboko plaza da mugarria, haren ustez, XIX. mende erdialdean. «Hori zen garapen industrialik handiena zuen gunea orduan. Aldatzen ari ziren oinarri sozioekonomikoak. Baziren aldaketa horretarako tresna sozial, ekonomiko eta enpresarialak, eta behar ziren finantza tresnak ere». Bilbao Bankua da Arroyok zaintzen duen erakundearen artxiboaren sortzetiko oinarrietako bat, eta haren eginkizuna azpimarratzen du berak. Ez da garai hartako banku bakarra, ordea. «Bazen zerbait aldatzen ari zela erakusten zuten mugimenduak». Arabaz, Bizkaiaz, Gipuzkoaz eta Nafarroaz ari da etengabe. Besteak beste, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako egoera eta legedia bestelakoa zelako.

1856a da aipatzen duen beste ezinbesteko data bat. Orduan onartu zuten bankuei dirua jaulkitzeko eskubidea onartzen zien legea, eta hala sortu ziren «probintziako bankuak». Bere diru propioa sortu zuten Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean zeuden erakundeek. Estatuak oraindik ez zuen dirua erabat zentralizatu, eta, beraz, banku bakoitzak atzean zuen sostengu ekonomikoaren araberakoa zen emisio gaitasuna. Gerora ohiko bihurtuko zen Banco de España zigilua billeteetan, baina garai hartan, banku bakoitzaren izena eramaten zuten. Eta horrekin moldatzen ziren dirudunak. Zabala da halakoen bilduma BBVAk Bilboko Kale Nagusian duen museoan, adibidez.

1878an aldatu zen egoera. Zentralizatu egin zen jaulkipena orduan, Karlistada bete-betean. Espainiako Bankuak hartu zuen monopolioa. Bilbon ez omen zen berehalakoan heldu billete berri horien onarpena. Arroyok dioenez, konfiantza arazo bat izan zen, funtsean. Ohitura falta-edo. «Beste guneetan ez zegoen Bizkaiko hiriburuan besteko garapenik, eta horregatik Bilbon izan ziren arazorik handienak. Industriak eta merkataritzak konfiantza handiago zuen billete zaharretan. Sostengu handiago zuen. Ezagutza soilagatik zen».

1884ko krisiak eragindako kolpea azpimarratzen du Roberto G. Alvarezek Historia económica del País Vaso-Navarro izeneko liburuan. Likidezia krisi bat izan zuten finantza erakundeek orduan. Atzeraldi garaia zen, eta murriztu egin zen, gainera, Europako urre erreserben balioa. 1884ko Izualdia izendatzen dute historialariek. Banku asko desagerrarazi zituen horrek Euskal Herrian, eta autoreak azaltzen duenez, Bizkaiak jaso zuen kolperik gogorrena. Ez zen garai hartako bakarra izan. Gorabehera handiko urteak izan ziren, eta luzea da nazioarteko krisien zerrenda: 1857koa, 1860koa, 1866koa eta 1890ekoa.

1899. eta 1902. urteen artean eman zen goraldia. Bateratze sasoia izan zen, Arroyok azaltzen duenez. Kantauri itsaso inguruko bankuek «aitzindari lana» egin zutela dio, gainera. Gora egin zuen urte haietan ekonomiak, eta banku loratze bat ere izan zen. «Industria kontzentrazioaren atzetik heldu zen gorakada hori. Garai hartakoak dira Gasteizko bankuaren sorrera, Vizcaya bankua, Donostiakoa, Vasconia… Oso mugimendu handia izan zen, eta haiek ere kontzentraziorantz jo zuten gerora». Bizkaian jartzen du begia berriz ere. 1902. urtean. La Vizcaya, La Iberia, eta Altos Hornos de Bilbao taldeek Altos Hornos de Vizcaya sortu zuten orduan. «Hori izan zen Espainiako eta baita Europako siderurgiaren bandera ontzia ere». Garai haren ikur gisa aipatzen du berak ere.

Hamarkada bete geroagoko egoera aipatzen du Alvarezek. Eta datu deigarri bat ematen du. 1920 hamarkadakoa. Orduan zabaldu zituen ateak Nafarroako Rural Kutxak ateak. Baina adibide bat baino ez da hori. Garai hartan asko ziren gisa horretako erakundeak. Beste 155 kreditu kooperatiba erakunde zeuden Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Batez ere, erakundearen bultzatzaileen artean kredituak banatzeko sortu ziren hasiera hartan, nahiz eta kide ez zirenentzako zerbitzuak ere eskaini.

Industria izan zen banku modernoaren sorreraren bultzatzaile nagusia, baina herritarrak ere hasi ziren finantza tresnak erabiltzen. Hedatuz joan zen haien erabilera. Kutxen kasua da aipagarria. Lehenago ere baziren irabazi asmorik gabeko finantza erakunde batzuk, baina XIX. mende erdialdean agertu ziren lehen aurrezki kutxak. Udalek bultzatu zituzten batzuk, eta baita gobernuek ere. 1850ean ireki zituen ateak Gasteizkoak, esaterako, eta Bilbokoa eta Merkataritza Bankuarena heldu ziren gero. Herritarrek aurreztutako dirua biltzea zen haien asmoa, 1907an sortu zen Bilboko Udal Aurrezki Kutxa, eta 1918an Bizkaikoa.

Gerraren sosak

I Mundu Gerra gorakada sasoia izan zen bankuentzat. Espainiak ez zuen zuzenean gerra hartan parterik hartu, eta Gizpuzkoa, Araba, Bizkai eta Nafarroako finantza erakundeek jakin zuten egoera hori baliatzen. Ekonomiak ere gora egin zuen sasoi horretan lurralde horietan. Hazi egin zen esportazioa, eta bankuek ere bitartekaritza lan handiagoa egin zuten. Hortik gorakada. «Urrezko garaia» deitu dio Arroyok. «Garatu egin zuten bankuek beren bitartekaritza lan hori, eta neutraltasunari esker gertatu zen hori».

Gerra bukatzean aldatu zen panorama. Salbuespen ekonomiatik, bake ekonomiara bueltatu zen Europa, eta behera egin zuten irabaziek neutral izandako guneetan. 1919an hasi zen prozesu hori, eta 1924. eta 1925. urteetan izan zuen islarik nabarmenena. Itxi egin zituzten ateak garai hartako erakunde handienetariko batzuk: Bilboko Banco Vascok, Iruñeko Agricolak, Bilboko Credito de la Union Minerak. Martxan jarraitu zuten bankuetariko batzuek hartu zituzten orduan, haien bulegoetariko batzuk. Ez, ordea, arazorik gabe, 1929ko crash-a ere bertan zen.

Egoera ekonomikoa ez zen ona, 1929ko Wall Streeteko crash-a gertatu zenerako. Nazioartearekiko harremanak ez ziren biziegiak Primo de Riveraren diktadura pean, baina 29koak ere jo zuen Euskal Herria. Bizkaia nagusiki. Izan ere, bertan ziren nazioartearekin harreman handiena zuten sektoreak: meatzaritza, burdingintza, metalgintza eta itsas nabigazioa. 1930ean igarri zen kolpea. Eta beherantz egin zuen hurrengo urteetan ere.

Eta gero 1936ko gerra. Francoren estatu-kolpe saioa egin, eta guda hasi zen. Zatitu egin zen geografia, politika eta baita merkatua ere, eta bere billeteak sortu zituen bando bakoitzak. Eta ordukoak dira errepublika legitimoaren alde aritu zen lehen Eusko Jaurlaritzak kaleratutako sos propioak. Zeuden gunearen arabera bikoitz bilakatu ziren banku batzuk. Bilbon errepublikanoen diruarekin funtzionatu zuten, eta gobernu legitimoaren aurkakoenarekin Gasteiz, Donostia eta Iruñean. Lurraldearen arabera aritu ziren banku bereko bulegoak, diru batekin batzuk, eta bestearekin besteak. Errepublikaren aldekoek lurraldeak galduz joan ahala, ordea, Francoren erregimenaren pean gelditu ziren guztiak, eta bateratu egin zen txanpona.

Billeteen iruditerian eta estetikan ere igar daitezke bando baten eta bestearen proiektu politikoak. Itxura klasizista dute errepublikaren aurkakoek sortutako billeteek, adibidez. Italian eta Alemanian egindakoak dira haietariko asko, eta badute ukitu klasizista bat. Errealismo sozialistaren oihartzuna argia dute gobernu legitimoaren alde mantendu zirenek sortutakoek, aldiz. Langile, arrantzale eta abeltzainak, epiko denak, beren zereginetan guztiak, eta txapela buruan dutela haietariko batzuk. Londresen sortutakoak dira asko, eta Bilbo bertakoak beste batzuk.

Autarkia garaiak heldu ziren gero. II. Mundu Gerra. Irekiera sasoia horren ostean. Kreditu txartelak. Frankismoaren amaiera, azkenik. Euroa eta pezeta gero. Eta euroa soilik ondoren. Finantza produktuen konplexutasunaren gorakada. Finantza krisia, eta krisi ekonomia gero. Erreskateak, eta kreditu arazoak. Atzo, eta handik gutxira gaur.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.