Beñi Agirre, historialaria: «Galtzaileek egin zuten Orreagako kontaketa, beren ikur eta sinboloak goratuz»

Lander Iruin / 2013-01-10 / 398 hitz

Beñi Agirre (Hernani, Gipuzkoa 1953) historialariak gertutik ikertu du Nafarroako Erresumaren garapena. Nabarralde erakundeak kaleratutako Orreaga 778-824 dokumentalean parte hartu zuen, eta gaur lan horren inguruan hitz egingo du.

Orreagako gudaren inguruan, kontaketa desberdinak daude. Zergatik?

Historia irabazleek kontatzen dutela esan ohi da; irabazleen ohorerako idazten da. Kasu honetan, aldiz, galtzaileek egin zuten kontaketa, eta beren ikur, sinbolo eta heroiak laudatzeko egin zuten. Frantzian, ezin da Karlomagno galtzaile gisa ipini herri txiki baten aurrean.

Nolatan harrapatu zuten Karlomagnoren armada Orreagan?

Zaragozara zihoan Karlomagno, kristautasunaren marka izenekoa Ebro inguruan ezartzera. Penintsulan, musulmanak zeuden, eta iparraldean, Erromako Eliza eta frankoen inperioa. Azken batean, Erromako Elizaren kristautasunaren ordezkari nagusia zen Karlomagno, oraindik ez baitzen enperadore. Gertakari bat izan zen orduan: Zaragozara iritsi zenean, hiriko ateak itxita zeuden. Itzultzerakoan, Iruñea suntsitu zuen, baskoien gune nagusia zelako. Orreagan, berriz, baskoiak zain zituen.

Zer ekarri zuen guda horrek baskoientzat?

Orreaga prozesu bat izan zen, musulmanen, franko-kristauen eta godoen erresumei aurre egiteko prozesu bat. Horri esker, historian lehenengoz erresuma bat sortu zuten: Iruñeko Erresuma. Haren eragina, berriz, baskoi guztienganainokoa izan zen, eta horrek Baskoniako Dukerria ordezkatu zuen.

Zein ezaugarri zituen 824an sortu zen erresuma horrek?

Oihartzun handia zuen, eta gainerako erresumen antzerako ezaugarriak zituen: txanpon eta lege propioak, armada, nobleen gorteak, errege bat… Erresuma horrek Europako Batzar Nagusietan parte hartu zuen, eta horrek 1620. urtera arte iraun zuen.

1512ra arte, zer prozesu izan zuen Nafarroako Erresumak?

Iruñeko Erresumak Nafarroa, Errioxa, Santander, Aragoi, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia hartzen zituen. 1076an, Gaztelak lehen lurraldea bereganatu zuen: Errioxa. 1200ean, Araba, Gipuzkoa eta Durangaldea konkistatu zituen, eta 1512an, Nafarroa osoa. 1530ean, Nafarroa Beherea berriro independizatu, eta bertan Nafarroako Errresumaren ordezkaritzak lanean jarraitu zuen.

10 urte geroago, 1522an, Amaiurgo beste gertakari historiko bat gertatu zen.

Amaiur, berez, ez zen puntu estrategiko nagusi bat. Nafarroako armada Frantzian zegoen. Armada nafarrak, 600-1.000 gizonekin, sarraldia egin zuen Amaiurren, eta Gaztelak 10.000 gizon bidali zituen horiei aurre egiteko.

«Nafarroako Foru Komunitateko agintariek presa dute lehenbailehen estalkia bota eta beste kontuetara pasatu gaitezen». Zure hitzak dira.

Euskal lurraldeek dituzten eskubide batzuk Espainiako erregearekin egindako itunen ondorio direla esan izan dute. Baina foruak herri propio bat garelako ditugu, ez Gaztelarekin itunik egin zelako. Adibidez, Gaztelak Gipuzkoan izan zuen presentzia justifikatzeko, bien artean itun bat egin zela esan izan da. Hori gezurra da, ez zelako hitzarmenik egin eta Gipuzkoa Nafarroa zelako. Nafarroa Garaiaren konkistarekin gauza bera egin zuten. Haiei lehenbailehen hori ahaztea interesatzen zaie, galdu egin baitzuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.