Gizakiaren hordagoa makinari

Amaia Portugal / 2013-01-24 / 688 hitz

Kepler behatokiaren datuak baliatuta, Esne Bidean planeta bila ari dira milaka astronomiazale, tartean Asier Jaio fisika ikaslea, Planet Hunters herri proiektuan; bi planeta identifikatu dituzte, oraingoz.

Iazko urrian, zenbait ikertzailek jakinarazi zuten planeta bat aurkitu zutela lau izardun sistema batean, lehenbizikoz. Aurkikuntza berez da zirraragarria, baina, gainera, badu beste berezitasun bat: Planet Hunters (planeten ehiztariak) talde proiektuaren barruan topatu eta egiaztatu duten aurreneko planeta da. Hau da, ez da puntako astrofisikari batzuen edo superkonputagailu baten lorpena, begi zorrotzeko astronomiazale batzuena baizik.

Herritarren zientzia proiektu bat da Planet Hunters, Yale Unibertsitateak (AEB) koordinatzen badu ere. NASAren Kepler behatokiak bildutako datuetan oinarritzen da. Misio horrek Esne Bidea arakatzea du helburu, batez ere Lurraren kondizio bertsuak (eta beraz, agian, forma biziak) dituzten planetak bilatzeko, eta 150.000 izarren inguruko datuak biltzen ditu ordu erdiro. Halako lastategian orratzak aurkitzea ez da lan erraza, ezta NASA ahalguztidunarentzat ere. Egiteko horretan funtsezko laguntza ematen dute Planet Hunterseko astronomiazale boluntarioek.

Gaur egun, mundu osoko ia 800.000 lagun daude izena emanda egitasmo horretan. Asier Jaio da horietako bat. Fisikako azken urtea ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean (Leioako campusa), baina, hark dioenez, «gutxieneko trebakuntza izanez gero, edozeinek parte har dezake honetan. Tutoretza ikastaro bat izaten dugu hasi aurretik, baina pare bat orduko kontua besterik ez da».

NASAren superordenagailuek egin ezin dutena egiten dute Jaiok eta beste boluntarioek: «Kepler teleskopioak argien neurketak egiten ditu, eta horiekin planetak aurkitzen dira. Baina badago ordenagailuek ez duten gauza bat: intuizioa. Horregatik, oso erregularrak eta errazak diren neurketak ikusten dituzte bakarrik. Guri, orduan, zalantzazkoak diren datuak begiratzea egokitzen zaigu».

Irregulartasun bila

Izarren argi kurbak dituzte, zehazki, aztergai; astroak denboran zehar marraztutako argi intentsitatearen grafikoa. Kurba horietan irregulartasunak identifikatu behar dituzte boluntarioek, eta planetaren baten presentziak eragin ote dituen zehaztu. «Izarra eta planeta plano berean baldin badaude funtzionatzen du honek. Planeta izarraren aurretik pasatzen denean, argia jaitsi egiten da apur bat. Planeta bat bada, modu erregularrean gertatzen da; halako egunean behin, haren orbitaren arabera», azaldu du Jaiok.

Milaka lagunek hartzen dute parte egitasmo honetan, eta horixe da, hain zuzen ere, arrakastarako gakoa: datuak jende askorekin kontrastatzen dira. Jaiok esan duenez, «aurkitu duzun hori oso ikusgarria bada, zure sailkapena bidali eta foroko kideei eta arduradunei horixe esan behar diezu, oso garbi ikusten dela. Orduan, beste kideei galdetzen zaie, ea zer dioten. Horrelako asko izaten dira, baina gero, bigarren fase batean, boluntarioak baina profesionalak diren zientzialari batzuek begiratzen dituzte datuak berriro».

Egitasmo honek bi urte daramatza martxan. Tarte horretan ia 17 milioi behaketa egin dituzte, eta une honetan balizko 34 planeta berri dituzte sailkatuta. Hautagai horiek ez ezik, dagoeneko egiaztatuta dauden bi planeta ere identifikatu dituzte ehiztariok. Lehena, iazko urrian zabaldutakoa: lau izardun sisteman aurkitutako planeta (PH1). Bigarrena, berriz, hil honen 7an bertan jakinarazi zuten: Jupiterren tamainako planeta bat da (PH2), eguzkiaren antzeko izar baten orbitan dabil, eta bizitzarako egokia izan daitekeen kokagunea dauka.

Horrenbestez, Jaiok adierazi bezala, Kepler misioan aurkitu ez dituzten zenbait planeta eta balizko planeta identifikatu dituzte herri egitasmo honetan. Eta Kepler misioko taldeak aurkitu dituen guzti-guztiak hautemateko gai ere izan dira, beren aldetik. Oraingoz, gizakiak aurrea hartu dio makinari lasterketa honetan.

Zooniverse proiektua

Hain zuzen ere, Kepler behatokiari 2016ra arte eutsiko diola jakinarazi du NASAk berriki, baina horrek ez du esan nahi Planet Hunters harekin batera bukatuko denik. «Analisi honek beste hamarkada bat ere iraun dezake, urte luzez egon daiteke», adierazi du Jaiok.

Gainera, astronomiazale amateur honek badu beste esperientziarik halako egitasmoetan. Izan ere, Planet Hunters bera proiektu zabalago baten parte da: Zooniverse. Yale Unibertsitatearen laguntzaz, zientzia (astronomia, bereziki) herrikoia eta parte hartzailea sustatzea du helburu. Ilargiaren gainazala, Marteko eguraldia, zikloi tropikalak, baleak… Askotariko aztergaiak jorratzen dituzte, planetak bilatzeaz haraindi.

Jaioren kasuan, Galaxy Zoo da bere beste proiektua. Lau urte daramatza bertan ekarpenak egiten, eta, hain zuzen ere, horren bidez izan zuen Planet Hunters egitasmo berriagoan sartzeko aukera. «Galaxy Zoo errazagoa da, galaxien itxura eta moten sailkapen orokorra egitea baita helburu bakarra. Hubble teleskopioaren datuak hartu, eta milaka milioi galaxia zer motatakoak diren zehaztu. Hori ere ordenagailu batek egin dezake, baina gizakiaren garunak askoz ere errazago ikusten du espiral forma duen, eliptikoa den, edo nolakoa den, oro har. Luzera begir, materia iluna nolakoa den jakiten lagun dezake proiektu honek», azaldu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.