Hierroko erupzioa halako 9.000, irla berri bat sortzeko

Amaia Portugal / 2013-01-10 / 242 hitz

Kanariako itsasoan piztu zen sumendiak 329 milioi metro kubiko material isuri zituen, artikulu batean diotenez.

Espainiako Ozeanografia Institutuko eta Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaileek artikulu bat argitaratu dute Geology aldizkarian, Hierroko erupzioaren harira. 2011ko urriaren 10ean, Kanariako uharte horren urpean dagoen sumendi batek eztanda egin zuen. Gertakari horren harira egindako ikerketa hau oso baliagarria da uharte bolkanikoen sorrera eta bilakaera ulertzeko.

Erupzioaren ondoren, ikertzaileek sei azterketa saio egin zituzten Hierro inguratzen duen itsasoan; 2011ko urriaren 24a eta 2012ko otsailaren 24a bitartean izan zen hori, hain zuzen. Bertan bildutako datuen arabera, sumendiak 329 milioi metro kubiko material isuri zituen guztira; 120.000 igerileku olinpikoren pareko azalera da hori.

Artikuluaren egileek nabarmendu dute ezinezkoa dela itsasoan zabaldu ziren osagai bolkaniko horiekin bakarrik uharte berri bat sortzea, ez baita nahikoa, inondik inora. Azaldu dutenez, halako 9.000 erupzio beharko lirateke El Hierroren tamainako irla bat osatzeko; bai eta eztanda horiek aldian-aldian —125 urtean behin— izatea ere.

Bestalde, erupzioaren eragina asko gerturatu zen urazalera, artikuluan adierazi dutenez; izan ere, 89 metroko sakoneran jo zuen goia jarduerak. Itsas mailatik gora egin izan balu, eztanda arriskutsuak eragingo zituen; horrexegatik, badaezpada, fenomenoa piztu zen tokitik gertuen bizi ziren herritarrak etxetik aterarazi zituzten.

Kanaria Uharteetan inoiz ikertutako urpeko lehen erupzioa da hau, eta munduan ere oso gutxitan egin da halako lanik. Gainera, jarduera bolkanikoa izaki, Hierroren beraren bilakaera ulertzeko lagungarriak izan dira datu horiek. Artikuluan azaldu dutenez, aztergai izan duten eztandaren moduko milaka erupziok isuri zuten materiala metatuta sortu zen uharte hori bera ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.