Hong Kong nortasun bila

Ion Olano Carlos / 2012-01-20 / 728 hitz

Hilaren 5ean hil zen hiriko idazlerik nabarmenena: Leung Ping-kwan (luma izenez, Yesi). Itzultzaile, poeta, nobelagile, ikerlari, kultur kritikari, multimedia artista, irakasle… hamaika nortasunen jabe zen. Eta hala ere, berrien bila etengabe, bere hiria bezalaxe.

Hilurren zelarik, Leung Ping-kwan maisuaren desira honako hau izan zen: «Hong Kongeko literaturak izan dezala merezi duen begirunea». Hala adierazi du, berriki, Lingnan Unibertsitateko Humanitate Ikerkuntzarako Zentroak: «Irakur dadila etxean eta kanpoan, Hong Kongeko literatura luzaro baztertuari behingoz justizia egiteko».

Joan den astelehenean egin zituzten hiletak; ehunka hong kongdarrek eman zioten, hala, idazle miretsiari azken agurra. Tartean zen Ben Wong King-fai zinemagilea, zeina Leungi buruzko dokumental bat egiten ari baita: «Gaztetan Ameriketara joan zen poesia estudiatzera, eta garai hartan Hong Kongen ez zen batere arrunta kanpoan ikastea. Yesik baliatu egin zituen nazioarteko loturak Hong Kongeko literaturaren bazterketa gainditu eta hura zabaltze aldera».

Yip Fai idazle eta lagunak azpimarratu zuen Leungek elkarrizketan jarri zituela literatura eta gainerako arteak: «Jakin-min ikaragarria zuen. Ez zuen literatura itxi nahi mundu txiki batean». Hain zuzen, Leung hainbat alorretako artistekin aritu zen elkarlanean, besteren artean Kung Chi-sing musikariarekin, Objectivities instalaziorako. Honela dio musikariak idazleari buruz: «Diziplinarteko arte ekintzetan parte hartzen zuen literaturagile bakanetako bat zen. Apartekoa zen haren izaera irekia. Maite zuen eztabaidan aritzea, gauza ederra baita».

Didi Kirsten Tatlow kazetariak idazki hunkigarria plazaratu berri du: The Death of a Poet Who Defined Hong Kong (Hong Kong definitu zuen poeta baten heriotza). Izan ere, harreman estua izan zen bien artekoa. Makina bat kontu aipatzen du kazetariak artikuluan: PK esaten diotela lagunek, Ping-kwan izenagatik; azken enkontruan azken poema liburua erakutsi ziola, Dong Xi izenekoa (txineraz «Ekialde Mendebalde» edo «Kontuak» esan nahi du), eta abar, eta abar. «Lagun asko zituen PK-k; atsegina bezain gizatiarra zen. Hainbeste bizitzarengan eragin zuen zuzenean edo idatziz, Hong Kongeko belaunaldi bat inspiratu egin zuen beren hiria ikus zezaten nortasun eta etorkizun baten jabe».

1949an sortu zen Leung Ping-kwan, kasualitatez edo ez, Txinako Herri Errepublika sortu zuten urte berean. Haurra zelarik eraman zuten gurasoek Hong Kongera, eta 60ko hamarkadan hasi zen hiriaren ahotsa ezagutzen, bere ahotsarekin batera. Kantongo hizkuntzak eta sukaldaritzak liluratu egiten zuten, eta zinez maite zituen hiriko lagunartean pizten ziren umore txinpartak. Tatlowek dioenez, zera esan zion PK-k behin: «Guk [hong kongdarrok] orori egiten diogu irri. Gauzei aurre egiteko modu bat da». Hitz gutxitan asko dio kazetariak: «Erresuma Batuko kolonia agintari ohien eta Txinako jabe berrien artean, 7 milioi biztanle dituen Hong Kong hiriak betidanik borrokatu behar izan du bere burua ezagutu eta adierazteko».

Argi du Chan Koonchung idazleak zein den PKren garrantzia: «Bera izan zen aitzindarietako bat Hong Kongetik Hong Kongi begiratzen. Beti esaten zuen kanpotarrek oso metafora sinpleak erabili izan dituztela Hong Kong epaitzeko. Adibidez, esaten zioten «kultur basamortu» edota «prostituta». Bera aspaldi hasi zen horren aurkako protestan». Leung-en literatur lana erraldoia da: dozenaka eta dozenaka liburu, hitzaldi, artikulu eta beste. Horietako batzuk itzuli dituzte frantsesera, alemanera eta ingelesera. Oraingoz ez dago euskaraz irakurtzerik, ezta gazteleraz ere —guk dakigula, bederen—.

Hana R. Alberts kazetaria ere PKrekin elkarrizketan aritu zen iazko ekainean, eta honako hitz hauek atera zizkion: «Institutuan hasi nintzen idazten. Aurreko belaunaldietako inork ez zuen idatzi nahi Hong Kongi buruz. Etorkinak ziren haiek; trantsizio lekua zela uste zuten. Baina gu bertan hazi ginen. (…) Poesia modernistak arrasto sakona utzi zuen gugan. Poesia forma berri hark, bertso libreak, erakargarria zirudien, eta ene sentimenduak adierazteko egokia. (…) Elkarrizketa-idazkera erabiltzen aitzindaria naizela diote hemen. Baina kontua da Jack Kerouac itzultzean ezin nuela txinera formala erabili. Horrek lagundu egin zidan idazkera moldatzen. (…) Latinoamerikako literatura ezagutzea enetzat aurkikuntza handia izan zen. Estreinako ipuin liburua halako ‘errealismo magiko’ kutsu batez idatzi nuen, Hong Kongi buruz. Uste dut zinez berria izan zela irakurleentzat. Ez zegoen lantegiez edo soldaduez edo nekazariez idatzi beharrik».

Idazlearen mundu berri horien erakusgarri bikainak dira, hain justu, Wong Kar-wai zuzendariak PKren bi lanetan nolabait oinarrituta egindako bi filmak: In the mood for love eta 2046. Hong kongdar bezain mundutar, sortzaile bezain sinbolo, horra Leung Ping-kwan, Yesi, PK: «Uste dut Hong Kong gaizki ulertua izan dela alde guztietatik —Taiwandik, Txinatik, Britainia Handitik, eta abar—. Haiek uste dute hong kongdarrak axolagabeak direla, ez diela ardura; baina, ene ustez, saiatu beharko lukete gure testuinguru kultural eta politikoa ulertzen. Alegia, ez dugula erabakitzerik izan, ezta hauteskunde askatasunik ere—eta ez soilik eskualdatze garaian—. (…) Hemen naizelarik, kritikoa naiz. Baina kanpora noalarik, saiatzen naiz Hong Kong defendatzen. Txinako kulturaz mintzo garenean, ez genuke Hong Kong ahaztu behar, kultura alternatiboa garatu baitu».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude