Leialak

Xabier Gantzarain / 2013-01-18 / 164 hitz

Masa itxia da estadioan, Coliseoan, zirkuan, belodromoan, antzokian, ikusi egiten du bere burua, bere dentsitatea, sentitu egiten du bere indarra, bere burua elikatzen du, berotu egiten da; pentsa zenbateko indarra hartu duten azken urteotan masa itxita biltzeko lekuek, estadioek esate baterako, beste inon hustu ezin dituenak husten ditu hor masak, eta beste inon topatzen ez dituenak bilatzen: berdintasuna, batasuna, taldetasuna.

Baina sakabanatzen hasi orduko urtzen da masaren indarra, eta nor bere etxera itzultzen da, nork bere mundua du zain; gauza hutsa, inondik ere. Han dena da gatazka, boteretxo, mirabetza. Agintzeari edo zerbitzatua izateari ezin zaio utzi. Gizaki bakoitzak behar ditu esklaboak, aire garbia bezain. Agintzea arnasa hartzea da. Zorigaiztokoenek ere lortzen dute arnasa hartzea. Eskala sozialean azkenekoari bikotekidea geratzen zaio, edo seme-alabak. Ezkongabea baldin bada, txakurra. Funtsezkoa, azkenean, besteak erantzuteko eskubiderik izan gabe haserretu ahal izatea da.

Masa itxita biltzeko lekuek hartu duten indarrarekin batera, maskoten ugaritzea da nabarmena azken urteotan. Erraza da ulertzen: konpainia egiten dute, leialak dira, eta ez dute hitzik egiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.