Peio J. Monteano, historialaria eta soziologoa: «1521ean Nafarroak zabalik zituen aukera guztiak»

Iñigo Astiz / 2013-01-03 / 929 hitz

1521. eta 1522. urteetan jarri du orain begia Peio Monteano historialariak, eta, dioenez, Nafarroako erresumaren etorkizun politikoa erabat zabalik zen garai hartan.

Urteak daramatza Peio J. Monteano historialari eta soziologoak Nafarroako konkistaren gaiarekin. Hark idatzitakoa da guda hari buruzko azken urteetako liburu osoenetariko bat: La guerra de Navarra (1512-1529). Kontakizun orokorra egin zuen orduan, eta denbora tarte laburragoa hautatu du orain Pamiela argitaletxearekin kaleratutako De Noain a Amaiur (1521-1522) izeneko lanean (Noaindik Amaiurrera, 1521-1522): gaztelarren konkistaren ondoren, Nafarroako erresuma ia osoa nafarren kontrolpean egon zeneko tartea. Dioenez, giltzarri dira 1521eko ekainetik 1522ko uztailerako hilabeteak. «Nafarroako erresumak ez ditu sekula izan aukera militar, politiko eta diplomatikoak orduan bezain zabalik». Orain arte ezezagun ziren dokumentu batzuk aurkitu ditu, gainera; Amaiurko gazteluko gudariei buruzkoak, tartean.

Espainiar tropen gehiegikeriekin nekatuta zeuden nafarrak; matxinadak etengabeak ziren Gaztelan, eta nazioartean aliatu indartsuak zituen erresumak. Garai ona zirudien 1521ekoak 1512an galdutako lurrak berreskuratzeko. Baina azkar batean galdu zuten irabazitako dena: urtebetean. Zergatik?

Oso guda konplexua izan zen. Espainia goraldi militar bete-betean zegoen. Zalditeria zen ordura arte garrantzitsuena, baina suzko armaz lagundutako infanteriak hartu zuen indarra orduan. Infanteria zuen ona Espainiak, eta zalditeria Frantziak. Espainiaren mendea izan zen horregatik. Bi herrialde handi horien artean zegoen erresuma txiki bat zen Nafarroa, eta oso zaila zuen etorkizuna. Gerta zitezkeen gauzak bestela, noski, baina gertatu zena kontatzea dagokit niri.

Diozunez, esku-eskura izan zituzten aurrera egiteko aukerak. Zergatik?

1521a funtsezkoa da. Ez dago determinismo historikorik. Alor militarrean bazitekeen gauzak bestela ateratzea. Uzta atzeratu ez balitz, traizio batzuk egon ez balira, lehenago eraso izan balute… Alor diplomatikoan ere berdin. Ingalaterrak ez zekien Espainiarekin ala Frantziarekin lerratu, eta haiek desorekatu zuten botere oreka. Azkenik, Nafarroa Espainian egokitzeko aukeratutako eredua ere bestelakoa izan zitekeen. Gaztelarren artean ere baziren proposamenak; Fortun Garcia Ertzilla erregeordearena, adibidez. Euskal kantzilergo bat proposatu zuen berak Iruñean, Araba, Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroarako. 1521ean, zabalik ziren aukera horiek denak. Baina urteak aurrera egin ahala, itxiz joan ziren, eta 1512an baino ondorio latzagoak izan ziren. Gogorrago egin zen nafar erakundeen aurka, eta errepresioa ere gogorragoa izan zen.

Orain arte egindako ikerketetan baino protagonismo handiagoa dute frantziarrek zure liburuan.

Iturri kontua da hori. Konkista kontatzeko, Espainiako dokumentazioa erabili da nagusiki orain arte. Frantziako dokumentazioa urria zela uste genuen, Iraultza garaian paper asko erre zituztelako, baina badaude gauza interesgarriak. Izan ere, hiru dira Nafarroako gerrari buruz dauden ikuspegiak: frantziarra, espainiarra eta nafarra.

Frantziako dokumentazio hori da zure liburuaren ekarpenik handiena.

Bai. Ikusgarria da Nafarroako gaiak garai hartan Europan izan zuen garrantzia. Zentrala izan zen zenbait unetan.

Henrike II. Nafarroako erregeak izan zuen jokabidea deigarria da. Maiz agertu zuen Nafarroara joateko gogoa, baina ez zen sekula heldu. Zure liburuan badirudi Frantziako erregeak erabili egin zuela. Hala izan zen?

Errenazimentuko erregea da Frantzisko I.a, eta sinesten du nafarren kausan, baina, noski, mugimendu estrategiko bat ere bada Nafarroakoa harentzat. Guda hau oso lotuta dago Gaztelan izan ziren matxinadekin. Hori erakusten dute Frantziako dokumentuek. Gaztelarako sarbidea zen Nafarroa harentzat, eta litekeena da nafarrek ere estrategia horrekin bat egin izana, azken finean, Gaztela haien etsaia ere bazelako.

Lesparre jeneralak gidatu zuen 1521eko guda, baina badirudi eginkizun bikoitza jokatu zuela batzuetan.

Henrike II.ak badu bi urte geroago idatzitako memoria idatzi bat. Bertan esaten du behin baino gehiagotan helarazi ziola Lesparreri Nafarroara sartzeko zuen gogoa, baina ez ziola kasu handirik egin. Ez dago gauza ziurrik, baina baliteke Lesparrek errege gazte haren zama bere gain hartzeko gogorik ez izana. Guda bete-betean zebilen, eta hura errege pobrea zen, tropa handirik gabea. Baina haren alde altxatu ziren nafarrak, eta hori da egia.

Amaiurko gazteluari buruzko pergamino erraldoi bat aurkitu duzu Parisen. Gazteluan ziren soldaduei egindako ordainketa baten ziurtagiria da testua, gaztelarren erasoa baino hiru aste lehenagokoa. Frantziaren esanetara ari ziren soldatapeko soldaduak dira bertan ageri diren gehienak, baina, gaztelarrek gaztelua hartzean, noble nafarrak hartu zituzten preso. Zer pasatu zen hiru aste horietan?

Badago beti transkripzio distortsio bat. Nafarren abizenak ahal bezala idazten zituzten frantziarrek, eta baliteke testu horretan halakoren bat egotea ere. Baina badira argi eta garbi Nafarroan erabiltzen ez ziren izenak. Amaiurrera bidali zituzten eskutitzei esker dakigunaren arabera, azaroaz geroztik gaztelua Frantziaren aginduetara egon izana da ziurrena. Orduan, nahiko gauza ohikoak ziren halako fideltasun aldaketak. Ez ziren fideltasun nazionalak ordukoak, pertsonalak baizik, eta bazegoen baita fideltasun bikoitza izaterik ere. Frantziak atzeratu egin zituen bere posizioak, haien erresuma erasotzeko mehatxupean zela ikusi zutenean. Haientzat Amaiur ez zen lehen mailako helburu militarra. Hori da liburuan proposatzen dudan hipotesia. Nafartu egin zen bataila azken unean. Frantziarrak joan ondoren, nafarrek hartu zuten Amaiur defendatzeko ardura. Bazekiten hura galtzeak zer esan nahi zuen.

Epikotasunik ez du galtzen, beraz, batailak?

Ez, ez dut uste. Bostehun urte geroagoko begiez begiratuta, eta egungo jarrera politikoetatik begiratuta, Amaiurkoak ez ziren izan heroi erabat zintzoak beharbada, baina oso bidegabea da haiei bostehun urte geroago dugun ikuspuntuaren zama ezartzea. Etxalarko Agerre notarioak idatzi zuen eskutitza hor dago: «Gaztelua defendatzen hilko gara guztiok». Datu berriekin, humanizatu egiten dira borrokalari haiek, zalduntza eleberrietako pertsonaien profiletik urrundu egiten baitira. Eta, noski, hobeki historizatu ditzakegu. Bere garaiko jendea zen.

Gaurkokeria da, liburuaren hitzaurrean azaltzen duzunez, Nafarroako konkistari buruzko lanetan sumatu dituzun gaitzetariko bat.

Ezin ditugu egungo mundura ekarri iraganeko irizpide dinastikoak, baina ezin ditugu iraganera eraman egungo irizpideak. Nazioaren kontzepturik ez zuten haiek buruan, adibidez.

Egin dira gehiegikeriak, ezta?

Bai. Ez dut uste gaiotan erabat objektiboa izan daitekeenik. Ezin du berdin idatzi honi buruz nafar batek edo madrildar batek. Baina oso ongi bereizi behar ditugu hiru plano: zer gertatu zen ikertu behar da lehenik, gertatu zena zergatik gertatu zen aztertu ondoren, eta gertakari haiek gaur egun nola ikusten ditugun ikertzea da azkena. Hori da hirugarren planoa. Saihetsezina da gaurkokeria puntu bat, agian, baina jakitun izan behar dugu hartaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.