Ralf Richter, fisikaria: «Diziplina artekotasunak bereizten gaitu»

Amaia Portugal / 2013-01-16 / 1.113 hitz

Europako Ikerketa Batzordearen Starting Grant beka jaso du berriki Ralf Richter CIC Biomaguneko ikertzaileak; hidrogel biomolekularrak aztertzen dihardu zentroko Biogainazalen Unitatean, eta horretan baliatuko du jasotako diru saria.

Gutxienez, bitan izan zen albiste Ralf Richter 2012an: lehenik, Grenobleko Nanozientzia Fundazioan Bikaintasun Katedra eman ziotenean, eta bigarrenik, Europako Ikerketa Batzordearen (European Research Council, ERC) Starting Grant beka jaso zuenean, bere ibilbidearen aurreneko urteetan dabiltzan ikertzaile onenei egiten zaien aitorpena. Milioi eta erdi euroko diru laguntza jaso du horri esker, eta CIC Biomagunen garatzen ari den ikerketa lanerako baliatuko du. Izan ere, ikertzaile alemaniar honek bost urte daramatza Miramongo Teknologia Elkargoko zentro horretan lanean, Biogainazalen Unitateko laborategietako bateko buru. Hidrogel biomolekularrak aztertzen dituzte berak eta bere ikertzaileek, eta datozen bost urteetarako finantzaketa bermatu die jasotako bekak.

Fisikaria zara berez, baina biologia eta biokimika ere jorratzen dituzu hemen, besteak beste. Zer dela-eta zabiltza fisikaz gaindiko alorretan?

Bi erantzun ditut galdera horretarako. Batetik, nire heziketan askotariko arloak ukitu ditut. Fisikan lortu nuen diploma, baina biologia estrukturala eta bioteknologia lantzen zituen talde batean egin nuen doktoretza gero, eta horrek aukera eman zidan, oso era zuzenean, biologiari buruzko galderen gainean ere ikasteko. Diziplina arteko lan hori oso atsegin dut. Bigarren erantzuna filosofikoagoa da. Beti maite izan dut mugak zeharkatzea, herrialdeak edo hizkuntzak izan; hori bera egiten dut zientziarekin ere. Nork bere lengoaia dauka zientzian: biologo batena ez da fisikari edo kimikari batena bezalakoa, eta atsegin dut desberdintasun horiei erreparatzea; elkarrengandik ikasten dugu.

Hidrogel biomolekularrekin egiten duzue lan. Zertan datza?

Hasteko, hidrogela da biguna den eta ur asko duen zerbait. Polimeroen eta uraren arteko nahasketa bat da, eta polimeroak malguak direnez, bukaerako egitura oso biguna da azkenean. Hidrogel biomolekularrak, berriz, gorputzaren barruan osatzen diren hidrogelak dira. Naturak berak sortu ditu askotariko funtzioetarako: adibidez, biriketako mukosa, zelulen inguruan dauden hidrogel molekularrak… Zelulen barruan ere badaude forma batzuk; esaterako, hidrogel biomolekularraren forma jakin batek du zenbait makromolekulari zelularen nukleoan sartzen edo ateratzen uzteko ardura. Izan ere, informazio genetikoa nukleoan dago, eta bertara sartzeko aukera izan behar dute makromolekula batzuek, zelulak funtzionatuko badu.

Hidrogel biomolekularrak ezin dira, besterik gabe, zuzenean aztertu, ezta? Laborategian gainazalak sortzen dituzue horretarako…

Oso bigunak direla eta, zaila da hidrogel biomolekularrak beste biologia ikerketa batzuetan erabili ohi diren teknikekin aztertzea. Horretarako sortzen ditugu gainazalak. Biologoek jatorrizko molekulak ematen dizkigute, gure kabuz hidrogel biomolekularrak muntatzeko ezinbestekoak. Nahastu eta ikusi egiten dugu nola antolatzen diren egitura handiagoen barruan. Horregatik baliatzen ditugu gainazalak: soluzio batean nahasketa egitean, oso zaila izaten da gertatzen dena kontrolatzea, eta gainazalek aukera ematen digute jatorrizko molekuletako batzuk ainguratzeko, ondo kontrolatzeko. Gero beste molekula batzuk gehitzen ditugu, eta gainazalean egiten da automuntaketa.

Azpimarratzeko moduko emaitzarik lortu al duzue orain arte?

Bai, adibidez, zelulen inguruan dauden hidrogel molekularren inguruan. Frogatu dugu proteina jakin batek aukera ematen duela zelulen inguruko geruzan dauden polisakaridoak gurutzatzeko. Horrek erabat aldatu dezake hidrogelaren morfologia, eta badirudi garrantzitsua dela bere funtzio biologikorako; batez ere, sistema immunologikoaren alorrean.

Oinarrizko zientzia da hori guztia, baina etorkizunean, hemen ikertutakoak aplikazioak ekar ditzake. Nondik nora joango dira?

Kontuan izan behar da hidrogel biomolekularrei buruz gaur egun dagoen ezagutza ez dela handia oraindik. Hala ere, behin nola funtzionatzen duten hobeto ulertuta, egon daitezke aplikazio batzuk. Batetik, bioteknologian, sentsore espezifikoak garatzeko erabil ditzakegu hidrogel biomolekularrak. Iragazte sistema adimendunak egiteko ere bai; hau da, molekula askoren artetik bat, zehatza, bereizteko aukera izatea. Bestalde, hidrogelek nola funtzionatzen duten hobeto ulertzen badugu, prozesu molekularretan nola eragiten duten ere uler dezakegu, eta horrek askotariko gaitzak sendatzen lagundu diezaguke: ernalezintasuna, arterioesklerosia, immunitate sistemako arazo batzuk…

ERC Starting Grant aipamena eta diru saria jaso berri dituzu. Etorkizun oparoa duten ikertzaileei ematen zaie. Zergatik zara zu horietako bat?

Duela bost urte sortu zuten Europako Ikerketa Batzordea, eta oinarrizko ikerketa diruz laguntzea da bere programaren puntuetako bat. Bikaintasun zientifikoa da aukeratua izateko irizpide bakarra; bikaintasun zientifikoak esan nahi du goi mailako aldizkarietan argitaratzen dugula, eta gure lan horiek ikertzaile askok aipatzen dituztela, gero, erreferentzia moduan. Bestalde, zientzia berritzailea izan behar du aukeratua izateko; erakutsi behar dugu egiten dugun hori berria dela, bai metodologiari dagokionez eta bai egiten ditugun galdera zientifikoei dagokienez.

Zuen laborategian egiten den lana horren aparta al da?

Hidrogel biomolekularrei buruzko ikerketa gora egiten ari da, eta badaude munduan horretan ari diren beste laborategi batzuk: AEBetan, Ingalaterran, Alemanian, Frantzian… Hemen egiten duguna nabarmentzekoa da; batez ere, lotura egiten dugulako biologiaren eta fisika eta kimikaren artean. Hori da gure espezialitatea. Diziplina artekotasun horrek bereizten gaitu gu.

Ez da azkenaldian egin dizuten aitorpen bakarra. Bikaintasun Katedra ere eman dizute duela gutxi, Grenobleko Nanozientzia Fundazioan. Horrek ba al du zerikusirik Biomagunen egiten duzuen ikerketarekin?

Beste proiektu bat da hori. ERC Starting Grant Donostian egiten ditudan jardueretarako eman didate, baina noski, sinergiak bilatu behar dira proiektuen artean, eta garbi dago horretan ari garela Grenoblen egiten dudanaren eta hemen egiten dugunaren artean.

Zer helburu ditu zuzentzen duzun laborategiak datozen urteetarako?

Beka honekin igaroko ditugu datozen bost urteak, eta egiten ari garenarekin jarraitzea eta aurreko bost urteetan egin duguna zabaltzea dugu helburu. Eta hidrogel biomolekularrei buruzko arazo biologiko bat, bi edo hiru konpontzera iristen bagara, oso pozik egongo naiz. Luzera begira, berriz, aplikazioetan eragin nahiko genuke, eta, agian, enpresa bat sortu. Hori gustatuko litzaidake, behintzat, baina oraindik ezin da zehaztu. Bestalde, bekari esker, oraintxe lau lagunen bila nabil, lantaldea zabaltzeko. Epe ertainean, lagun bat edo bi gehiago ere sartuko ditugu beka honetan.

Euskal Herrian, zure ustez, nahikoa oihartzun ematen al zaizue oinarrizko zientzian zabiltzaten ikertzaileei? Ez ote gara zientzia aplikatuarekin gehiago itsutzen?

Euskal Herriko aldizkariei begiratu bat ematen diedanean, iruditzen zait gurea bezalako zentroak asko agertzen direla publiko orokorrarrentzako hedabideetan. Beste herrialde batzuetan baino gehiago, eta harrigarria iruditu zait. Zientziaren presentzia handia dela ikusi dut, zientzia aplikatuarena zein oinarrizkoarena.

Presentzia horrek bat egiten al du instituzio publikoetatik jasotzen dituzuen inbertsioekin?

Baietz uste dut, erabat. Inbertsio garrantzitsua egiten da. Niretzat inportantena, eta era berean harrigarriena, hau da: orain arte oso modu iraunkorrean egin dela inbertsioa, gainera; ez da hiruzpalau urteko ahalegina izan, baizik eta aurrera egin duen zerbait, gaur egungo egoera ekonomikoa gorabehera. Uste dut hori ere ikaragarri garrantzitsua dela arrakasta lortzeko. Zientzia ezin da hiru urtean aldatu; epe luzean inbertitu behar da, eta, beraz, uste dut politika ona dela. Ez zientziarentzat bakarrik, herriarentzat ere bai.

——————

Alemania, Suedia, Herbehereak, Frantzia… eta Donostian, orain

Ralf Richterrek Fisika ikasi zuen Alemanian, Marburgeko Unibertsitatean. Goteborgen (Suedia) eta Groningenen (Herbehereak) ikertu eta gero, Bordeleko (Frantzia) Unibertsitatean egin zuen doktore tesia; besteak beste, biologia eta bioteknologia jorratzen zituen diziplina arteko talde batean. Alemaniara itzuli zen doktoretza ondokoa egitera, Heidelbergeko Unibertsitatera, eta handik, Donostiara. 2007ko azarotik dago CIC Biomagunen, Biogainazalen Unitateko laborategietako bat zuzentzen. Gainera, Sistema Adimendunen Max Planck Institutuko (Stuttgart, Alemania) ikerketa talde bateko buru ere bada, aldi berean. Iaz geroztik, Bikaintasun Katedra bat dauka Grenobleko (Frantzia) Nanozientzia Fundazioan, eta Europako Ikerketa Batzordearen Starting Grant beka jaso berri du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.