Diabetesaren sintoma susmagarriak

Jabier Agirre / 2013-02-05 / 816 hitz

Horren berri izan ez arren, asko dira diabetesa duten pertsonak. Garrantzitsua da, beraz, diabetesaren sintomak ondo ezagutzea eta gaixotasuna behar bezala tratatzea, osasun arazo larriak ez agertzeko.

Osasunaren Munduko Erakundearen estimazioen arabera, gure gizartean berrogeita hamar pertsonatik batek diabetesa dauka, erasandako pertsona horiek kasurik gehienetan horren berririk eduki ez arren. Eta diagnostikorik gabe oharkabean pasatzen diren egoera horiek arrisku handi samarra eragiten dute, gaixotasuna ez bada behar bezala tratatzen osasun arazo larriak ager baitaitezke.

Diabetesa isilpean, oharkabean, ia seinalerik eman gabe agertzea da gaitzaren arazo nagusietako bat. Diabetesak ez du minik ematen, baina horrek ez du esan nahi kalte gabekoa denik, ezta gutxiago ere. Garaiz diagnostikatu eta tratatzen ez bada, gaitzak aurrera egin ahala ondorioak oso kaltegarriak izango dira gure gorputzarentzat.

Adi seinale hauei

Kalteak gutxitzeko, komeni da gure gorputzari erreparatzea. Eta hurrengo sintometako bat antzeman bezain laster, horien berri medikuari eman behar zaio, sintomak arinak eta ez oso molestoak edo gogaikarriak izan arren.

Pixa kantitatea gehitu egiten da. Sintoma hori oso usua da diabetikoen artean. Pixa kopurua nabarmen gehitzen da, eta komunera sarriagotan joan beharko du gaixoak. Umeen kasuan, gerta daiteke gauez berriro ere ohea bustitzea.

Gosea eta egarria ere gehitu egiten dira. Diabetesa daukaten pertsonak gose dira etengabe, eta, normalean, desorduetan eta modu konpultsiboan jateko premia edo beharra sentituko dute. Beren gorputzak ez du ondo funtzionatzen, eta, horregatik, gehiago jan arren, pixkanaka pisua galduz joango dira. Gehienetan, gosearekin batera egarria ere oso handia izaten da.

Nekea. Gaixotasunak neke handia eragiten du, horretarako ageriko arrazoirik gabe. Gaixo diabetikoak ahul samar senti daitezke, eta logura handiarekin.

Begietako arazoak. Arruntenak hauek dira: ikusmen bikoitza edo zirriborrotsua, ikus eremuan argiak edo mantxak agertzea, argiarekiko sentikortasuna, begietan presio sentsazioa nabaritzea, eta abar.

Sendatzen ez diren infekzioak eta zauriak. Gaixo diabetikoek zauriak, babak eta azaleko bestelako lesioak edukitzeko joera handia izaten dute, oinetan batez ere. Lesio horiek ez dira mingarriak izaten, baina ez dira sekula sendatzen erabat. Larruazaleko, hortzoietako edo maskuriko infekzioak behin eta berriz ager daitezke eta emakumeen kasuan sarritan onddoak izaten dituzte baginan.

Azkura. Nahiko sentsazio ohikoa da, gorputz osoan sentitzen dena; baina, batez ere, genitaletan edo bagina inguruan, emakumeen kasuan.

Sentsazio arraroak esku eta oinetan. Gaixoek sarritan inurridura sentsazioak edukitzen dituzte eskuetan edo oinetan. Hortik hasi ,eta gorputz adarrak ia erabat sorgortuta sentitzeraino.

Zakila zutitzeko arazoak. Gorputzeko gehiegizko glukosak odol zirkulazioa erasaten du, eta, horregatik, ez da harritzekoa diabetesak jota dauden gizonezkoak zailtasunak edukitzea zakila zutitzeko.

1 eta 2 motako diabetesen arteko diferentziak

Diabetes mota bien sintomak antzekoak dira (poliuria, polifagia eta polidipsia, edo, bestela esanda, pixa gehiago egitea, gose handiagoa eta egarri sentsazio handiagoa), baina badira diagnostikoa alde batera edo bestera egiteko lagungarri zaizkigun berezitasunak: adina eta gaixotasunaren intentsitatea, batez ere.

Adinari dagokionez, 2 motako diabetesean bizimoduak eragin handia duenez, adinean aurrera doazen pertsonetan agertzen da batez ere, eta oraintsu arte 45 urtetik gorako pertsonen kontua zen gehienetan. Baina, gaur egun, pertsona gazteagoetan ere diagnostikatzen hasi da, horrek tratamendurako dakartzan eragozpenekin. 1 motako diabetesa, berriz, izaeraz sortzetikoa denez, haurtzaroan edo nerabezaroko lehen urteetan agertu ohi da.

Intentsitatearen aldetik, 1 motako diabetesaren sintomak modu azkar eta bat-batekoan agertzen direnez, begi bistakoak izan ohi dira. 2 motako diabetesean, aldiz, askoz ere motelago azaleratzen dira, eta, kasu askotan, oharkabean edo inolako garrantzirik eman gabe pasa daitezke, harik eta konplikazioren bat agertzen den arte.

Prebentzioa: zer egin daiteke?

1 motako diabetesa ezin da prebenitu, baina 2 motakoa bai,bizitzeko estiloarekin oso lotua baitago. Horregatik, bizi-ohitura osasungarriei eustea garrantzi handikoa da gaitzaren agerpena saihestu edo, besterik ezean, atzeratzeko.

Saihestu gainpisua: Horixe da gaixotasunaren arrisku faktore nagusia. Saia zaitez sobera dauzkazun kilo horiek galtzen; horrela, gaitza jasateko aukera nabarmen murriztuko zaizu eta.

Jan modu osasungarrian: Aholku hau ezinbestekoa da, gaitza ahalik eta gehien aldenarazteko. Horretarako, koipe gutxiko elikagaiak gehitzearekin batera (osoko zereal eta ogiak, frutak, berdurak, esneki gaingabetuak, arraina, lekaleak, haragi giharra…), murriztu janari lasterrak (patata frijituak, pizzak, hanburgerrak, eta abar), freskagarri azukredunak eta opil industrialak.

Egin ariketa: Sedentarismoa saihestu behar da, kosta ahala kosta. Kirolik egiteko astirik ez baduzu, saiatu behar da egunero ordu erdiz gutxienez ibiltzen. Ariketa fisikoak intsulinarekiko erresistentzia gutxitzen du, eta diabetesari bidea ixten dio.

Aldizkako kontrolak: 45 urtetik gorako pertsona guztiek odoleko analisi bat egin beharko lukete 1-3 urtez behin, odoleko glukosa maila kontrolatzeko.

————————–

Zein da zure arriskua?

Badira faktore batzuk 2 motako diabetesa jasateko sentiberago bihur gaitzaketenak. Faktore horien berri izanez gero, gaixotasuna izateko zenbateko arriskua duzun jakingo duzu. Erantzun bai edo ez hurrengo galderei, eta horrela jakingo duzu ea zaintzen hasi beharra daukazun ala ez.

Baiezko erantzun bakoitzeko puntu bat lortuko duzu.

5-6 puntu: Arrisku handia

3-4 puntu: Arrisku ertaina

0-2 puntu: Arrisku txikia

50 urte baino gehiago al dauzkazu? Bai Ez
Gizonezkoa al zara? Bai Ez
Emakumea bazara, haurdunaldian diabetesik diagnostikatu al zizuten? Bai Ez
Ba al duzu diabetesa duen seniderik? Bai Ez
Hipertentsoa al zara? Bai Ez
Zure ohiturak sedentarioak al dira? Bai Ez
Gainpisua al daukazu? Bai Ez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.