Erreniega mendiak, Naturak ez du barkatzen

Koldo Nuñez / 2013-02-28 / 553 hitz

Gaur bezalako egun batean, 92 urtean K.a., lurrikara indartsu bat gertatu zen Mediterraneoaren ekialdean. Kalkuluen arabera, 7,0 indarrekoa izan zen gutxienez, eta tsunami indartsu bat abiarazi zuen. Lurrikararen eta ondorengo tsunamiaren eragina gaur egungo Sirian, Egipton, Israelen eta inguruko herrialdeetan sentitu eta jaso zen hainbat idatzitan. Gertaera ezohikoa izan zen, eta, jakina, prestatu gabe harrapatu zituen orduko gizarteak. Aurreko egunotan, otsailaren 14tik aurrera, Nafarroako Erreniega mendietan hainbat eta hainbat lurrikara txiki neurtu dituzte sismografoek. Jarduera handieneko egunean, hamasei izatera iritsi ziren sismoak. Orain arte, oso txikiak izan dira, eta jendeak ez ditu sumatu. Oraingo honetan sismo nagusia 2,4 indarrekoa baino ez da izan. Lurrikara horiek Iruñeko failan eta horri lotutako failetan gertatu izan dira. Behin faila batean mugimendua izaten denean, ondoko failaren gainean jartzen du presioa, eta hori mugitu egiten da, eta, berriz ere, inguruko beste faila batzuen gainean eragina du. Hala sortzen dira Erreniegako bezalako lurrikara multzoak.

Ez da Erreniega mendietan horrelakorik gertatzen den lehen aldia. Izan ere, 2007an 60 bat sismoko lurrikara multzoa gertatu zen, eta indartsuenak 3,0ko indarra hartu zuen. Berriz ere oso txikia. Baina ez da beti hala izan. Esaterako, 1982ko maiatzean, 4tik gorako indarreko hainbat sismo gertatu ziren lurrikara multzo indartsuago baten barruan, eta kalte txikiak eragin zituzten hainbat tokitan. Are indartsuagoa izan zen 1903ko martxoaren 10eko goizeko ordu biak aldera Iruñerrian gertatutako hogei bat segundoko lurrikara, 4,7ra iritsi baitzen. Ordubete geroago oihartzuna izan zen, eta hurrengo egunotan, beste hainbat oihartzun txiki. Lurrikarak kalteak eragin zituen hainbat eraikinetan, eta leku askotan sentitu zen, esaterako Donostian. Hiri honetan iparraldetik etorri izan balitz bezala sumatu zuen jendeak, eta ikara ere sortu zuen. Fenomeno bera gertatu izan da Donostian sentitu diren beste lurrikara batzuekin. Ikerketen arabera, Donostiaren ezaugarri geologikoek beste lurrikaren foku periferikoa bihurtzera eramaten dute, eta bertan, atzera-uhin berriak sortzen dira.

Iruñean, Erreniega mendietan eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan, batez ere, Pirinio aldean, ez dira berriak lurrikarak. Zoritxarrez, datu gutxi dauzkagu, eta dauzkagun gehienak XX. mendekoak dira. Dokumentatutako gertaerak XVIII. mendetik honakoak dira, baina horren aurretik oso gutxi dakigu. Azken 650 urteotan, Pirinioetan gutxienez 5 indarretik gorako zazpi lurrikara gertatu dira, eta horietako lau 6ko indarrera hurbildu zitezkeen. Azkena 1750ean gertatu zen, eta ordutik hona gehienak oso txikiak izan dira. Garai modernoetan, 1967ko abuztuaren erdian Eretan gertatu zen lurrikara da indartsuena, eta indarrez nabaritu zen Donostiako Aste Nagusiko gau batean.

Badakigu, bestalde, Nafarroa dela lurrikarak gertatzeko lekurik aproposena. Hiru eskualdetan biltzen dira foku gehienak, Elizondoren iparraldean, Iruñerrian eta hortik hegoaldera. Mendebaldeko Pirinioen eskualde sismiko aktiboenetako bat Iruñerria da. Iberiar penintsulako eskualde sismikoetan eskualde metropolitano bakarra dago 350.000 biztanlera iristen dena, Iruñerria, hain zuzen ere, eta horregatik Iruñerrian bertan ikerketa sakona egin beharko litzateke. Iruñerrian 1903ko lurrikara gertatu zenean, 30.000 biztanle bizi ziren. Gaur egun, hamar aldiz gehiago. Azken asteotan Erreniega mendietan gertatutako lurrikara txikiak prezipitazio ugariekin izan dezakete lotura. Izan ere, Iruñerrian hilabetean ia 500 litro /m2 bildu dira, urte osoan erortzen denaren bi heren. Baina prezipitazioek areagotzen dute aurretik dagoen egoera, alegia, sismizitaterako joera. Prezipitazioek ez dituzte lurrikarak sortzen, tektonikak sortzen ditu, eta orain arte garrantzi handirik eman ez bazaio ere, komeniko litzateke Euskal Herrian askoz azterketa sakonagoak egitea. Azterketak, eta ondoren, neurriak; Naturak ez baitu barkatzen. Ez du balio Natura gaiztoa dela esateak, Naturak bere bidea segituko du, eta guk ez badugu aurretik neurririk hartzen, gu izango gara errudunak, are gehiago jakinda ez dugula aurretik nahikoa egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.