Esklabotza eta (protesi) memoria

Estibalitz Ezkerra / 2013-02-24 / 671 hitz

Afrikatik AEBetara eramandako esklaboen esperientziaren memoria mundu osoan zehar zabaltzen lagundu duten obren artean, aparteko lekua merezi du pertsonaia nagusitzat Kunta Kinte duen nobelak, Alex Haleyren ‘Roots’-ek.

Gaur jakinaraziko dituzte aurtengo Oscar sarien irabazleak. Film onenaren kategorian, hautagaien artean da Quentin Tarantinoren Django Unchained, batzuentzat lan apurtzailea, beste batzuen ustez —Spike Lee zinema zuzendaria tartean— film eskasa, esklabotza eta, oro har, afrikar amerikarren esperientzia desitxuratu egiten duelako. Zalantzarik ez dago Tarantinoren azken proiektua, aurrekoa bezala (Inglorious Basterds), arras polemikoa dela bai genero aukeraketari begira —westerna ideologikoki nahiko markaturik ez bazegoen jadanik, oraingoan indigenaren presentzia erabat desagerrarazten du— bai pertsonaia beltzaren (Jamie Foxx) eta pertsonaia zuriaren (Cristoph Waltz) arteko harremanari dagokionez: Djangori ahotsa ematen diola sinetsarazi nahi digu filmak, baina King Schultzen bitartekaritzaren menpe dago haren jarduna —argi dago Tarantinok ez duela AEBetako esklabotzaren deusestatzeari buruz Fanonek idatzitakoa irakurri—. Iraganaren errepresentazioen azterketa kritikoan nabarmendu diren akademikoek —Michel-Rolph Trouillot historialariak, kasurako— gaineratuko lukete esklabotza iraganeko gertakari bat balitz bezala aurkezten duen aldetik, hots, orainarekin inolako loturarik gabe, Django Unchained-ek huts egiten duela esklabotzak sortu eta geroko sistema politiko, ekonomiko eta sozialak iraunarazi dituen egiturak bidegabeak azaltzen. Hain zuzen, esklabotza antigoaleko kontutzat duen batek bakarrik goza dezake filmaren hipotesiarekin. Alegia, aukera izanez gero, esklaboak beren jazartzaileen kontra altxatuko zirela, errealitatean horrelakorik gertatu ez zenean.

Alison Landsbergek ohartaraziak gintuen jadanik masa kulturaren parte diren komunikazio bitartekoek —zinema haien artean— ez dutela beti iraganari buruz mezu etikorik helarazten. Hala ere, Prosthetic Memory: The Transformation of American Remembrance in the Age of Mass Culture (2004; Protesi-memoria: Amerikar gogorapena masa kulturaren aroan) liburuan azaltzen duenez, ez genuke erabat arbuiatu behar masa komunikabideek iraganeko gertaeren gaineko memoriaren sorreran eta zabalpenean duten eragina eta ahalmena. Landsbergen arabera, hainbat gertaera historikori buruz —AEBetako esklabotza sistema bera, Holokaustoa— ditugun oroitzapenak zineman oinarrituta daude hein handi batean. Oroitzapen horiek ez daude zuzeneko esperientzietan oinarrituta, baina horrek ez du eragozten modu errealean antzemanak izatea. Hortik protesi memoria izendapena; jatorrizkoa ez izanagatik ere gorputzari ondo egokitzen zaion ezagutza delako. Protesi memoriaren ezaugarri nagusien artean, denbora, geografia, kultur, etnizitate, genero eta klase ezberdintasuna gainditzeko ahalmena nabarmentzen du Landsbergek. Batek ez du afrikar amerikar izan behar esklabotzaren oroitzapena bere egiteko.

Protesi memoriaren fenomenoa, esan bezala, masa komunikabideei lotuta dagoela dio Landbergek, baina batek argudia lezake literaturak funtzio hori bera bultzatu duela orain arte. Egia da egun geroz eta gutxiago irakurtzen duela jendeak eta, alde horretatik, masa komunikabideek irismen handiagoa dutela. Hala ere, hainbat gairi buruzko gure oroitzapenak literaturari lotuta daudela esango nuke. Esklabotzaren gaiari gagozkiola, Toni Morrisonen (Lorain, Ohio, AEB, 1931) nobelek eragin handia izan dute gaur egun gizatasunaren kontrako sistema ankerra gogoratzen den moduan. Beloved-ek (1987; Maitea, Anton Garikanok euskaratua Literatura Unibertsala bildumarako, 2004), esaterako, biktimen haurren trauma —Marianne Hirschek post-memoria izendatzen duena— gerturatu zien irakurleei, zuri zein beltz. Hain zuzen, Morrisonek behin baino gehiagotan adierazi duenez, bere lanen helburua da esklabutzari buruzko memoria kolektiboa sortzea, kolektibo horren partaide izanik zuriak zein beltzak.

Kunta Kinteren itzala

Morrisonen aurretik, baina, beste idazle batek bere gain hartu zuen esklabotza mendebaldarron oroimenean iltzatzea. Hain zuzen, gaur egun ez ginateke esklabotzaren memoriari buruz hitz egiten ariko Alex Haleyren (Ithaca, New York, 1921-Seattle, Washington, 1992) Roots (1976) nobelagatik ez balitz. Ganbiako bere herrixkaren mugetatik kanpo bahitu eta esklabo-ontzi batean Ameriketara eramaten duten Kunta Kinte mutikoaren bizipenak dituzte hizpide nobelaren lehen bi herenek, eta azken herenak ondoko sei belaunaldiei erreparatzen die; Haleyren beraren historiarekin bukatzen da.

Maya Angelou poetaren esanetan, «hainbat mendez, guri —estatubatuarroi— sinetsarazi ziguten Afrika animalia basatien herrialdea zela, hango biztanleak biluzik ibiltzen ziren gizaki primitiboak zirela, safariak antolatzen edo bata bestea hiltzen pasatzen zutela denbora». Roots-ek irudi hori aldatu egin zuen. Alde batetik, nobelak afrikar amerikarrak Afrikarekin adiskidetu zituen. Manthia Diawarak esaten duen bezala, «Roots-ik gabe ez zen afrozentrismorik egongo» ezta afrikar amerikar izendapenik ere. Bestetik, esklabotza Amerikako Estatu Batuen historiaren parte zela argi utzi zuen, ez bakarrik beltzen komunitatearena. Nobelaren itzulpenak beste hizkuntzetara eta telebistarako egokitzapenak (1977) esklabotzaren memoria mundura zabaldu zuen. Haren oroitzapenak bizirik jarraitzen du gaur egun; lehen ala bigarren mailakoa den, benetako memoria ala protesi memoria den, horrek berdin du. Garrantzitsuena da ez dugula ahaztu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.