F. Xavier Vila, hizkuntzalaritzako doktorea: «Gizarte engaiatu batekin euskarak iraun ahal izango luke, ziur»

Irati Sarasua Arabaolaza / 2013-02-01 / 625 hitz

Vilak uste du euskara eta katalana ez daudela galtzeko zorian, baina baita geroan hala segitzeko gizarteak lan egin behar duela ere.

VI. Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak egin zituzten, atzo, Donostian. Bertan, ikasleen euskara erabileraz hitzaldiak egin zituzten. Katalanaren erabileraren inguruan egindako Resol ikerketaren berri ere eman zuten jardunaldietan. Han izan zen Hizkuntzalaritzako doktore F. Xavier Vila kataluniako ikerketaz hizketan.

Zer iruditu zaizu euskararen inguruan kaleratu duten Arrue ikerketa ?

Oso ezusteko polita izan da. Gure lanaren antz handia du, egia esan, eta etorkizunean elkarlanean aritzea gustatuko litzaiguke. Hala ere, ikerketako hainbat alorrekin kritikoa izango nintzateke: gelako eta gelatik kanpoko harremanen emaitzen interpretazioarekin, zehazki. Hainbat interpretazio izan ditzakete emaitzek, eta ez dakit egokiarekin jo duten. Hau da, ondorio errealak atera dituzten ala ez. Baina, oro har, ikerketa paregabea iruditu zait.

Zuek egindako Resol ikerketatik zein ondorio atera dituzue?

Herritarren zati bat aukeratu dugu, eta jarraipena egin diogu. Aztertu dugu zein portaera duten hizkuntzari dagokionez, eta zein den haien hizkuntza ezagutza. Irakaskuntzan eta kultur kontsumoan nabarmen jaisten da katalanaren erabilera. Baita gazteen arteko harremanetan ere, baina kasu horretan modu apalagoan jaitsi da kopurua. Alor horretan, hala ere, etorkinen kopurua ere kontuan hartu behar dugu.

Hezkuntzari bezainbeste eskatzen al zaio gaur egun gizarteari?

Zalantzarik gabe esan dezaket ezetz. Gizarteko erakundeak lehen askoz ere zurrunagoak ziren, herritarrek nola jokatu behar zuten inposatzen zuten, eta hori egiteari utzi diote, indarra galdu dute. Orain eskolak dira hori egiteko aukera duten entitate bakarrak, eta, gainera, gizartean dauden hainbat erakundek eskoletan jartzen dute heziketaren pisu guztia; etorkizuneko gizartean pentsatuz presio handia dute beren gain .

Zuk zer eskatuko zenieke eskolei?

Uste dut, euskararen kasuan, lortu beharko luketela euskara arruntagoa irakastea. Euskara batuaren eta lagunarteko euskararen artean ezberdintasun nabarmenak daude; hori arazo bat izan liteke. Ikasleek eztabaidak sustatzeko guneak sortu beharko lituzkete. Eztabaida horien ondorioz, agian, ez dira ikasleak euskara arrunta ikastera helduko, baina euskaraz limurtzen eta konbentzitzen ikasiko dute, eta hori da eman beharreko lehenengo pausoa. Beraz, egungo eskolei, seguruenik, ikasleei konbentzitzen erakusteko eskatuko nieke.

Euskal Herrian eman ez diren zein pauso eman dituzue Katalunian?

Katalunia eta Euskal Herriko kasuak ezberdinak dira, egoera ezberdinak dituzte. Batez ere, Kataluniako bi hizkuntza ofizialetan elkar ulertzeko modua dutelako. Horrek beste egoera bat sortzen du. Azken estatutuan esan genuen nahikoa egin genuela hizkuntzaren normalizaziorako; ondorioz, adierazi genuen gaztelania ikastea beharrezkoa bazen katalanak ere hala beharko lukeela.

Katalunian egindakoa gaur egun Euskal Herrian egitea ezinezkoa da, hori jakina da. Baina ondorengoa planteatu liteke agian: euskara ikastea derrigorrezkoa ez bada, zergatik izan behar du gaztelania ikasteak beharrezkoa? Hori izan liteke etorkizunean egiteko lehen urratsa.

Gizartean hizkuntza hauen presentzia areagotzeko zer egin liteke?

Hasteko, administrazioan aldaketak egin. Osasun arretan, adibidez, bi hizkuntzak jakiteak beharrezkoa izan beharko luke. Istripu batean buruko kolpe baten eraginez zauritu bat badago eta haren hizkuntza euskara edo katalana bada, arazo larri baten aurrean egon liteke. Bere hizkuntzan arreta ez jasotzeak ondorio latzak izan ditzakeelako. Gertatu izan da.

Orain artekoa ikusita, zein etorkizun izan dezakete bi hizkuntza horiek?

Mundu konplexuago batera goaz, oso bizkor, gainera. Mundu horretan hizkuntza asko daude galtzeko zorian: hizkuntza guztien ia %90. Oraingoz, euskara eta katalana ez daude egoera horretan, baina arriskua hor dago. EAEn euskarak bere lekua lortu du. Azken 30 urteotan garapen izugarria izan du. Baina Ipar Euskal Herrian erruz aldatu behar da egoera. Eta zer esanik ez Nafarroan; han egiten ari direna barkaezina da. Horregatik, neurri zorrotzak hartu beharko dira, zuhurtziaz gainera. Ez da lan erraza izango, baina EAErekin baikorra naiz.

Beraz, lan eginda euskarak etorkizuna baduela pentsatzen duzu?

Gizarte engaiatu batekin euskarak iraun ahal izango luke, ziur. Baina katalanek eta euskaldunek argi izan behar dugu estatu propio bat edo estatu aproposa izan beharko dugula gure hizkuntzek iraun dezaten. Lana egin beharko da, bestela egoera dramatikoak sortuko baitira. Gizarteak erantzun egokia emanez gero, egungo gazteen bilobak euskaraz normal bizi ahalko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.