Galtzaileak

Anjel Lertxundi / 2013-02-20 / 129 hitz

Ume batek ez du sekula galdu nahi. Noiznahi, nonahi eta zernahi, irabazi egin nahi izaten du beti. Debekuen kontrako gerra, lurralde berrien okupazioa, erosi nahi duena, jan nahi ez duena, telebistaren kontrola. Azken konkista eta inportanteena, gurasoen etsipena: «Ume honekin ez dago zer eginik».

Galtzen irakastea oso da zaila, lasaiagoa da hor konpon egitea, konpon gaitezen saiatzea baino. Kontra egiten ez zaion umeak irabazten ikasten du. Trikimailuak baliatu, taktika konplikatuak asmatu, dituen baliabide guztiak —sentimentalak eta fisikoak— erabili, bataila guztiak irabazteko. Halako ume batek, ez daki galtzen, ez daki zer den porrota.

Mendebaldekook —alegia, guk— irabazleen mundu bat eraiki nahi izan dugu. Ez genuen sekula galdu nahi, garaipena genuen beti buruan eta praktikan. Ereduaren porrotak azpian harrapatu gaituen arte.

Ez dakigu nola konkista litekeen ezer, galtzaile izanda. Galduta gaude.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.