Haur eta gazte literaturaren gune digitala sortu du Galtzagorrik

Erredakzioa / 2013-02-28 / 192 hitz

Euskarazko literaturan argitaratzen diren liburuen gaineko kritikak eta bibliografia biltzen ditu.

Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak Dokumentazio Gunea izeneko atala jarri du martxan bere webgunean (www.galtzagorri.org). Bertan, euskarazko haur eta gazte literaturan argitaratzen diren liburuen gainean prentsan egiten diren literatur kritikak jasoko dituzte, eta, horrekin batera, liburuen giden bilduma eta haur eta gazte literaturaren inguruko bibliografia. Era berean, haur eta gazte literaturaren inguruko aldizkarien mailegu zerbitzua bideratzen jarraituko du Galtzagorrik bere webgunetik.

Armiarma.com literatura atariak helduentzako literatur lanen kritikak jasotzen ditu, baina orain arte ez zegoen haur eta gazte literaturaren gaineko iruzkinak biltzen zituen atari digitalik.

Galtzagorriren Dokumentazio Guneak haur eta gazte literaturaren gainean argitaratzen diren liburuen gidak ere biltzen ditu. Besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegiek egiten dituzten gidak, Clij aldizkariak egiten dituen liburuen zerrendak, FGSR German Sanchez Ruiperez Fundazioak argitaratzen dituenak eta IBBY International Board on Books for Young People-k egiten dituen zerrendak aurkitu ahal izango ditu irakurleak Galtzagorriren dokumentazio gunean.

Haur eta gazte literaturaren inguruko aldizkarien mailegu zerbitzua ere dokumentazio gune horren bitartez egingo du Galtzagorrik. Aldizkari horien erreferentziak webgunean jarriko ditu Galtzagorrik. Jasotako aldizkarien informazioa digitalizatzeaz gain, haiek mailegatzeko aukera eskaintzen du Galtzagorrik, formulario baten bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.