Hodeietan

HodeietanEgilea: Aitzol Lasa Oyarbide
Ilustratzailea: Xabier Unanua Goikoetxea
Argitaletxea: Elhuyar
Bilduma: ZzL
Urtea: 2012
ISBN: 978-84-92457-21-2
R: 6.877

2011ko CAF-Elhuyar sarietan, Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak kategorian saria jaso zuen liburu honen proiektuak. Sarion helburua zientziaren eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta narrazio-lanak bultzatzea da. Eta argi dago horixe dela liburu hau, gazte batzuen harremana aitzakia hartuta, zientzia kontuak, batik bat hodeiak eta efektu optikoak, azaltzen baititu.

13 kapitulu, epilogoa eta zuri-beltzeko sei ilustrazio ditu. Atal bakoitzaren hasieran, pertsonaiak txatean aritzen dira, kapituluan zehar azalduko denaren sarrera gisa. Narrazioa Iruñean kokatua dago, eta ekainaren 18tik abuztuaren 16ra arte irauten du. Lehendabiziko pertsonan idatzita dago eta Hodei, beti “hodeietan” dagoen pertsonaia, da protagonista.

Hona hemen argumentua: Hodei letretako ikaslea da eta batxilergo lehen mailan ari da, zientziak ez ditu batere gustuko eta Mundu Garaikiderako Zientziak ikasgaia suspenditu du. Bizikleta aparkatzen ari dela, Estibalitzekin hitz egiten hasiko da. Neska hau oso azkarra da eta gauza guztien azalpen zientifikoak ematearen zalea da. Pixkaka lagun egingo dira eta, bien arteko joko moduan, zientziek ala letrek zeinek gehiago balio duen erakusteko, Hodeik ipuinak idatzi beharko dizkio Estibalizi. Bitartean, adiskidetasuna maitasun bilakatuko da.

Aipatutako bi pertsonaiez gain, Zuriñe (Estibalizen laguna eta Oscarren bikotekidea) eta Oscar (Hodeiren laguna eta Zuriñeren bikotekidea) ageri dira.

Hizkuntza aldetik, akatsen bat izan arren, oro har, adin honetarako idatzitako liburu gehienak baino hobeto idatzita dago.

Nire ustez, ez da gela osoari agintzeko liburua; bizikletak eta zientziak oso gustuko izan behar dira liburu hau irakurriz gozatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.