Ikaslea bizitzarako prestatzeko materiala

Urtzi Urkizu / 2013-03-16 / 448 hitz

Ikastolen Elkartearen eta Ikaselkarren artean Eki proiektu berritzailea sortu dute. «Edozein bizitza egoeratan moldatzeko gai izatea lortu behar du ikasleak», eta xede horrekin ari dira pedagogoak materiala prestatzen.

Bertsolariak amaiera pentsatzen du lehenbizi, eta horren arabera eraikitzen ditu gaiari jarritako bertsoak. Ikaselkarrek sortutako Eki proiektuan antzeko formula erabili nahi dute. Azken helburua planteatu dute: ikaslearen irteera profila. Helburu hori gauzatzeko hezkuntza prozesu osoa eraikitzeko gero. Zer ikasle mota prestatu nahi duten definitzen du irteera profilak.

Mikele Aldasoro eta Xabier Garagorri irakasle eta pedagogoek «Euskal Herrian eta munduan bizitzeko beharrezkoak diren oinarrizko gaitasunak» eskuratzen laguntzeko tresnak sortu dituzte, bereziki irakasleen eskuetan jartzeko. DBHko lehen mailarako dira argitaratuko dituzten lehen materialak; datozen urteetan iritsiko dira beste ikasturteetarako prestatutakoak.

«Integrazioaren pedagogiaren eredua hartu dugu», azaldu du Aldasorok. «Oinarrizko gaitasunen garapena nazioarteko eskakizun bat da. Guk eskakizun hori euskal ikuspegitik gauzatu nahi dugu. Lehen aldiz egiten den zerbait da». Lovaina Unibertsitateko BIEF taldeko Xavier Roegiers izan dute gidari lanetan.

Oinarrizko gaitasunak garatu dituzte, baina «ikaslearen irteera profila definituz». Ikaslearen irteera profila iparra izanik, praktikara ekartzeko erronka «euskal ikuspegitik» egiten dute Ekiko ikasmaterialek.

Gaitasunak uztartuz

Xabier Garagorrik nabarmendu du ikasmaterialak lanabesak edo tresnak direla. «Balioa dute, horiek erabiliko dituztenentzat baliagarriak badira. Hezkuntza erronka nagusiei erantzuna eman nahi diegu». Ikaslea «bizitzarako prestatzea» da proiektuaren erronka nagusia. Euskal curriculumaren ereduaren arabera, oinarrizko gaitasun orokorrak honako hauek dira: pentsatzen eta ikasten jakitea, komunikatzen jakitea, elkarrekin bizitzen jakitea, norbera izaten jakitea, eta egiten eta ekiten jakitea. «Oinarrizko gaitasun horiek garatzea litzateke erronka». Badira beste gaitasun batzuk ikas-arloekin lotuta: hitzezko eta literaturazko gaitasuna, teknologikoa, matematikakoa, arte komunikaziokoa, plastikakoa, gizarte zientzietakoa, natura zientzietakoa eta tutoretza-orientaziokoa. «Oinarrizko gaitasun orokorrak arlo guztietan uztartu ditugu. Hori da gure ekarpen handienetakoa», esan du Aldasorok.

Garagorriren arabera, Eki proiektuko ikasmaterialen beste ekarpen bat da gaitasunak euskal curriculumaren kultur ibilbidean uztartuta garatzea. «Gaitasunak lantzeko testuingurua euskal curriculuma da. Euskal Herriko erronka garrantzitsu bat da galdetzea zer izan nahi dugun elkarrekin. Horren erantzuna ematen du curriculumak».

Aldasorok argitu du testuinguruaren ezaugarrietako bat euskara dela. «Euskara ardatz duen lanketa proposatzen dute materialek. Ikasle euskaldun eleaniztunak nahi ditugu. Horrenbestez, euskara, gaztelania eta ingelesarekin curriculum integratua egin behar dugu. Hizkuntza bakoitza ez doa modu bakartuan. Gainera, ikas-arlo guztietan txertatu dugu hizkuntza gaitasunaren garapena bideratzeko aukera».

Arlo guztietarako komuna den unitate didaktikoaren egitura bera sortu dute. Hasieran, egoera bat dago. Ekintza planifikatu egiten da ondoren. «Edukiak ikasten dira, baina, lehen, edukiak helburu soil ziren. Orain, bitarteko izango dira bizitzan erabili ahal izateko». Ikasitakoa bizitzako egoeretan erabiltzen ikastea funtsezkoa da Aldasoro eta Garagorrirentzat. «Osagai hori gakoa da. Eta hezkuntzan berrikuntza dakar».

Udaberri honetan DBHko irakasleekin landuko dituzte materialak. Aldasororen hitzetan, «hezkuntza paradigma berri baten aurrean gaude, eta irakasleen prestakuntza ere egin beharko dugu». Gurasoekin ere gaitasunak landu behar direla uste dute.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.