Komunikazioa

Idoia Etxeberria / 2013-03-14 / 237 hitz

Kontuak esatea. Kontatzea. Hitzari hitza jostea. Ekintza xumea da. Oinarrizkoa. Komunikatzeko ezinbestekoa. Eta badaude kontalari on askoak. Erdipurdikoak ere bai. Txarrik ez da falta, noski. Hori ez da adin kontua. Ala bai?

Ba igual bai. Baliteke edadeko jendea trebeagoa izatea. Denbora gehiago daramate horretan. Praktika dute, zer arraio! Egia esan, batzuek seko harrituta uzten naute. Egundoko jarioa dute. Gai dira ordutan eta ordutan berriketan jarduteko. Kontu kontari. Begietako distira galdu gabe.

Eta aspergarriak gertatu gabe. Hori bai dela zaila. Badakite ahotsaren doinua neurtzen. Keinuak. Isiluneak. Esaten dutena bizi dute. Eta entzuleok ere bai, haiekin batera. Deskribatutako lekuak ikusi egiten ditugu. Pertsonaiak. Egoerak. Denbora geratu egiten da. Artistak dira.

Eta pentsamendua nola egituratzen duten. Ordu erdi behar dute istorio bakar bat behar bezala kontatzeko. Istorioaren barruan mikroistorioak sartzen dituztelako. Parentesiak ireki eta itxi aritzen dira. Baina ez dira galtzen. Istorio nagusira itzultzen dira beti. Bidean ogi apurrak bota balituzte bezalaxe.

Orain ez dago ogi apurrak batzen ibiltzeko astirik. Presaka bizi gara. Lehen, hitz aspertuak egiten zituzten. Orain, aspertu egiten gara hitz egiten hasi orduko. Eta are gehiago, entzutea badagokigu. Harira, pentsatzen dugu. Ez enroilatu. Alferreko luzamenduak.

Belaunaldien arteko transmisioa eten egin da. Entzutearen eta kontatzearen plazera kamustu. Sms, Twitter, Whatsapp. Laburduren gizartea da hau. Gustatzen zait. Ez zait gustatzen. Ideien sintesia. Ariketa moduan ondo dago. Baina egunean hainbestetan eginez gero, komunikatzeko modu nagusia bihur daiteke. Lagun batek kezka azaldu zidan aurrekoan: pentsamendua bera ere sintetizatuko ez ote zaigun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.