Prehistoriako Woodstock

Nora Arbelbide / 2013-03-16 / 1.159 hitz

Izturitzeko harpeen bilaketa lanen 100 urteak ospatzen dituzte aurten; aukera bat lekuaren garrantziaz jabetzeko, gizaki modernoaren elkartze eta trukatze gune nagusia izan baita luzaz.

Garai bateko Woodstock bat». Hala laburbildu du Izturitzeko (Nafarroa Beherea) harpeetako bizia Aude Labarge ikerlariak. Anakronismoa izanik ere, lekuaren garrantziaz ohartzeko konparaketa gisa erabili du sinboloa. Christian Normand Izturitzeko harpeetako bilaketa lanen buruak ere onartu du konparaketa: «Woodstock bezala, bilgune bat da, guztiak elkartzen dira hor, elkarrekin komunioan sartzeko. Hori bai». Aurkitu hainbat objekturen jatorria begiratzerakoan, ehunka kilometroko distantziak aurkitu dituzte objektuaren jatorria eta Izturitzeko harpearen artean: «Hats hartze bat bezala irudikatu behar da garai hartako bizia. Elkarrekin gara, bereizten gara, eta berriz elkartzen gara, nonbait, populu berekoak baikara. Eta elkartzeko gune hori da Izturitze. Horregatik da hain garrantzitsua. Hor baita hainbat lekutan aurki daitekeenaren sintesia». Edergailu gisa erabili txirla anitz aurkitu dituzte, horren lekuko. Batzuk osorik, besteak zulatuak, baita hautsiak ere. Bi metro koadroan ehunka dituzte aurkitu. Segur aski tailer bat zuten. Kantauritik ekarri txirlak, hor landu, eta gero, hortik berriz hedatzen zituzten.

Eta metaforari jarraikiz, Woodstockean bezala, musikariak ere baziren garai hartan. Aurkitu dituzten txirulak lekuko. Horietako zaharrenak 32.000 Kristo aitzin urte lituzke gutxienez. Baina, Woodstock baino arrakasta handiagoa bazuen ere Izturitzek, erregularki eta belaunaldi bat baino gehiago baitziren Gaztelu mendiaren karezko zulo naturaletan babestu, gutxienez, 80.000 urtez. Ez beti, baina erregularki. 2.500 metro koadroko espazioarekin, inguruetako handiena da Izturitze, eta harpeak bizitoki zituzten garaietan, izan zitekeen bizitoki «hoberenetakoa», Normandek zehazturik. Besteak beste, harpeetan beti aurki baitzitezkeen haizetik babesteko espazioak. Izan dira garaiak non dozenaka biztanle bizi ziren bertan. Baliteke batzuetan ehunka izatea. Banaz beste, garai haietan biztanle bat hamar kilometroka bazela pentsatzen da. Hots, Europa mendebaldean gutxi dira kopuru horietara heltzen diren guneak. Izturitzeko harpeak funtsezkoak direla horretan ez zuten dudarik ez Labargek, ez Normandek. Abandonatu material kopuru izugarria froga. Normandek berak azpimarratu duenez, arkeologoen artean, mundu osoan, Izturitzeko harpeak aipatu eta segidan badakite parekoek zertaz doan kontua. Funtsean, gaur egun, 100 bat zientzialari dira harpeei interesatzen. 20 taldetan banatuak, 13 diziplina aztertzen dituzte, eta gero, haien artean loturak josten. Alta, herritarrek berek ez dute baitezpada ezagutzen gunearen garrantzia. Eta alde horretatik, aurten ospatzen dituzten bilaketa lanen ehun urteak erabili nahi dituzte gunearen garrantziaz ohartarazteko.

Hainbat ikusgarri, mintzaldi eta kontzertu antolatzekoak dituzte urte osoan. Horien artean lehenak hurrengo asteburuan izango dira.

32.000 urtetik 36.000 urtera

Azken ikerketek berretsi dute Izturitzeko harpeen garrantzia. 2.000. urtetik hasiak, Normand buru, Kristo aitzin 32.000 urte eta 36.000 urte arteko harpeetako bizia ikertu dute, hau da, gizaki modernoaren garaikoarena. Oraindik izotzaren aroa ez zela arras iritsia, aurkitu dutenaren arabera, udak zituzten bertan pasatzen. «Lurralde biziki zabal batean bizi ziren hainbat talde ziren elkartzen hor», beti Normanden hitzetan. Hor bizi dira, jaten dute, lan egiten dute, lo egiten dute. Izpiritualtasun bat ere aurki daiteke, zenbait margolan aurkitzen baitira murruetan, baita hezur batzuk sartuak paretetako arteketan ere. Haatik, ez dute hilotz arrastorik aurkitu. Hortz batzuk bai, hilei erretiratuak itxura guztien arabera, zulatuak, lepoko gisa edo jantzietan josiak eramateko, baina zehazki hilekin zer egiten zuten galdera oraindik dilindan dute. Dilindan duten bezala 40.000 urteak aitzin gizon eta emazteek egin harpearen erabilera. Badakite neanderthala hortik ibili zela, baina garai hartako lurren ikertzera ez dira iritsiak. Harpeak hain dira aberatsak, non pentsatzen baitute mila urte beharko liratekeela ikerketa guztiak bururaino eramateko.

Mementoko, Izturitzeko harpeak bakean utzi, eta Otsozelaiko murruetako margolanei dira interesatzen hasiak, 2017. urte arte. Haien artean Diego Garate Bilboko Arkeologia Museoko kontserbatzailea. Dena den, argi du Normandek ondoko belaunaldientzat ere lana utzi behar dela. Aitzineko belaunaldiek gaurko jakintzak izan balituzte, hobeki ariko baitziren. Beren aitzurrarekin anitz informazio lortu zuten, baina ondokoak oraingoak baino hobeto ariko direla segur da: «Prehistoriako zientzia biziki laster aldatuz doa. Jakintza berriez jabetu nahi badugu, utzi behar diegu biltzeko espazio bat».

Pirinioak, pasaia gune

Bizkitartean, azken hamar urteetan aurkituarekin badute zer aipa. Sintesia bera ez dute oraindik burutua. Interesatzen zaiena da orduko biztanleak Izturitzen ez zirelarik non ote ziren aztertzea: «Beren bizimoldea hobeki ulertu nahi dugu, beren lurraldea zein zen ikusi, inguruetako taldeekin zein harreman zuten…».

Zenbait pista badituzte jada. Akitaniako ordokia, Pirinioetako iparraldeko malda, Kantauriko erlaitza eta Ebroko ibarraren arteko truke gune garrantzitsua zen harpea, hori bai. Arberuako ibarra pasaia nagusia zen ere orduan, betidanik izan zen bezala: «Ez da kasualitatea Erdi Aroan Ingalaterra eta Nafarroako erreinuak borrokatu izana lekuagatik. Hortik baitziren merkantziak garraiatzen. Prehistorian ez zen merkantzien pasaia gunea, baina bai, abereena». Harreman horietan, iduriz, zenbait gunerekin besteekin baino harreman hertsiagoak zituzten. Horiek dira Kantauri erlaitzakoak. «Arrasateko Labeko kobakoekin harreman zinez estuak zituzten. Baita Santanderreko (Kantabria) Morin harpearekin eta Gamere-Zihigako (Zuberoa) Gatzarriarekin. Hor zinez, badirudi berdinak direla. Garai hartan Pirinioak ez ziren muga bat, hori segur da», beti Normand-ek erranik. Horren frogetako bat materietan aurki daiteke. Erabiltzen duten silexa Ebroko ibarretik dator. Hango ibarrera doaz aski erregularki: «Oinez bi egunez han zaude. Eta garai hartan oinez ibiltzeko usaia zuten». Ordea, Landetako Brassempoikoarekin loturak ez dira hain hertsiak, Izturitzetik 74 kilometrora izan arren. Demagun txirlak. Bietan badaude, baina ez dira berak. Izturitzen handiagoak dira. Kantauri erlaitzekoak eta Izturitzekoak, berriz, neurri berekoak dira.

Harreman horien lekuko, hor dago ere mamut baten bolizko adarra, ordukoek landua zutena. Bat baino gehiago aurkitu dituzte hor. Baina garai zahar haietan ez zegoen mamutik Izturitzen. Bero handiegia egiten zuen horretarako. Funtsean, ez dute aurkitu hezurrik. Soilik boliak. Nondik heldu ziren? Alde horretatik erantzunik ez dute oraindik aurkitu. Hasteko, hor dago adarra, ustiaketen tokian utzi dutena miresmena bizirik atxikitzeko. Duela 40.000 hor utzia, berriki berriz argira ekarri dutena, eta lekuaren potentzial guztiaren lekuko.

———-

Objektu nagusiak, Paris ondoan

Azken aurkikuntzak Hazparnen atxikitzen badituzte ere, mendean zehar egin nagusiak Frantziako Arkeologia Museo nagusiak biltzen ditu.

Objektuen bilakaera esplika dezaketen hainbat istorio txiki daude, 1913tik hasi bilaketen historia handiaren barnean. Gaur egun Paris ondoko Saint-Germain-en-Layeko Frantziako Arkeologia Museoan dira Izturitzen egin aurkikuntza ikusgarriak. Eta aukerarik ez berriz herrira ekartzeko, arazo nagusia baita ez dagoela leku egokirik, ez eta dirurik, ez eta, itxura guztien arabera, borondate politikorik. Zehaztekoa da luzaz ikertzailea zela aurkikuntzen jabe eta nahi zuena egin zezakeela horrekin.

Indusketa lanak hasi aitzin, hasiera batean, inguruko herritarrek harpeetako gau ainaren kaken bila etortzen ziren, ongarri ezin hobea baitzen. XIX. mendean dira bilketa horren azken lekukotasunak. Hortik, harpeetako lurreko fosfato esplotazio mekanizatu batean hasi ziren zenbait, baina lurretako jabearen baimenik gabe zela eta, auzibide luze baten ondorioz gelditu behar izan zuten. Bizkitartean, objektu berezien aurkikuntza zenbait egin zituztela eta zientzialari batzuk hasi ziren interesatzen. Emmanuel Passemard izan zen lehen nagusia 1913an, hain zuzen. Hamar bat urtez hainbat aurkikuntza egin zituen. Haien artean, Izturitzeko sala handiko zutoin zizelkatua. Baina hara. Dibortziatu zela eta, diru beharretan zegoen, besteak beste, dibortzioaren ordaintzeko. Izturitze inguruetan ez zuen eroslerik aurkitu. Saint-Germain-en-Layekoak zion erosi dena.

Eta ez da bertan dagoen bilduma bakarra. 1928. eta 1950. urteen artean, Rene eta Raymonde-Suzanne de Saint Perierrek segitzen dute bilketa lana. Hiltzen direlarik, unibertsitate bati uzten diote dena, eta horiek Saint-Germain-en-Layekoei saltzen. Tarte horretan artxibo guztiak galtzen dira. Eta ez dira bakarrak. 1955ean Georges Laplacek egin bilketa lanak galduak dira erabat. Bilaketa lanek segituko dute ondotik, baina 1996an hasten dira lan zorrotzenak, oraindik segitzen dutenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.