Egilearen heriotza ekarri zuen irakurlea

Ion Olano Carlos / 2013-04-14 / 714 hitz

Baionan sortu ez bazen ere, kasik baionarra zen Roland Barthes, XX. mendeko teorialari nabarmenetako bat. Haren lehen lanak 60 urte bete ditu aurten: ‘Le degré zéro de l’écriture’ (Idazkuntzaren zero gradua).

Liburutegiko apal ugaritan topa daiteke haren abizena —literatur teoria, kritika, filosofia, linguistika, antropologia, eta abar—etiketa mordo bati atxikirik —estrukturalismoa, post-estrukturalismoa, teoria soziala, semiotika, eta beste—. Roland Barthes (Cherbourg 1915-1980 Paris) pentsalari frantziarrak eman du, bistan da, zer irakurria. Gauza jakina da, Nietzschek Jainkoa hil zuenez gero, Barthesek hil zuela Egilea; edo bederen, kendu egin ziola hizki larria. Gure artean ere inor ibili izan da, nekatzeke, Poesia hil zuenaren bila.

Edonola, Barthesek ekarri zuen egilearen heriotza, eta horrekin ordaindu zuen irakurlearen jaiotza. Bestela esanda, egilearen iritziak ez duela axola ohartarazi zien kritikariei eta teorialariei; behin idazlana buruturik, irakurlearen esku dagoela testua, hark berridatz dezan. Hain zuzen, testua bera da aztertu beharrekoa, horrek merezi du arreta. Idazleak adierazi du berea; orain irakurlearena da esanahia.

Baina esanahia ez dago irakurlearen apeta hutsaren mende. Literatur lan bat osatzen duten zeinuak konstanteak dira; aldakorrak dira, ordea, irakurtzen deneko garaia eta interpretazioak. Horregatik da funtsezkoa, Barthesen iritziz, idazkuntzaren historia formulatzea eta lengoaiaren kritika egitea. Halako ideiak mamitzen hasi zen, 1947an, Combat aldizkari ezkertiarrarentzat idatziriko artikuluetan. Hurrengo hiru urteetan idatzirikoak liburu batean bildu zituen, bere estreinakoan: Idazkuntzaren zero gradua (1953). Juan Garzia Garmendiak euskaratu eta argitara eman zuen, Le plaisir du texte (Testuaren atsegina, 1973) lanarekin batera —sarean libre irakur daiteke, egun; topatzeko, aski da izenburua bilatzailean sartzea—.

Irakurle porrokatua

Bataio teorikoa eginik, zaletu egin zen Barthes, eta ez zuen atsedenik hartu Heriok eraman arte. Iturri askotatik edan zuen; denetan utzi zuen zer edana. Jakobson eta enparauek Moskutik Pragara, eta handik Parisera eraman zuten estrukturalismoa; bada, hantxe murgildu zen Barthes. Saussure hizkuntzalariaren linguistika urrup batean irentsi zuen, baita Propp eta Greimas egileen narratologia ere. Denetarik irakurtzen zuen, batez ere liburuetatik kanpo, nonahi ikusten zituen zeinuak. 1960ko hamarkadan Japonia zeinu-multzo gisa irakurri, eta idatziz eman zuen L’Empire des signes (Zeinuen inperioa, 1970) lan zinez interesgarrian. AEBetan zegoelarik hasi zen idazten bere lanik ezagunena: La mort de l’auteur (Egilearen heriotza).

1967an, Michel Foucault filosofoak mintzaldi bat antolatu zuen, Qu’est-ce qu’un auteur? (Zer da egilea?) izenekoa. Hantxe bertan lehertu zen Barthesen artikulua, eta hedatze uhinek garaiko mundu akademikoa dardararazi zuten. Ez zen gutxiagorako; izan ere, ideia berri haiek garaiko literatur kritikaren oinarriekin talka egiten zuten. Garai hartan Sainte-Beuve eta Lanson kritikariak jaun eta jabe ziren Frantzian, eta haien ustez literatur lana interpretatzeko funtsezkoa zen egilea ongi ezagutzea. Alabaina, Barthes-en eztandak erabat pitzatuta utzi zuen, funts handirik gabe, oinarri hura.

Dena den, lehenago ere izan zuen ika-mikarik: sonatuena Raymond Picard kritikariaren artikulu baten harira piztu zen. Picard-ek Nouvelle Critique delakoari egotzi zion ilun idaztea eta Frantziaren literatur sustraiei errespeturik ez izatea. Barthesek kontraeraso egin zion Critique et verité (Kritika eta egia, 1966) lanean: kritika burgesari aurpegiratu zion lengoaiaren aspektuei buruz arduratu ez izana, eta teoria berritzaileetan —marxismoan, kasu—erabat ezjakina izatea.

Hil eta gero, salda bero

Egilearen heriotza aldarrikatu bazuen ere, barkatuko ahal digu Barthesek bere biografiaren xehetasun batzuk baliatzen baditugu, sikiera, bere lana interpretatzen jarrai dezagun. Susa argitaletxeak 2005ean sarean eman zuen argitara Sud-Ouestaren argia, Barthesek idatzi eta Koldo Izagirrek euskaratu zuen artikulua. Testu horretan argi ageri da pentsalari frantziarrak Baionarekin izan zuen lotura, esaterako, honako lerrootan: «Aturri eta Errobi artean, Baiona Ttipia esaten zaion auzo zahar honen usaina baino garrantzi handiagokorik ez dago, adibidez, nire oroimenean: merkataritza ttipiaren objektu guztiak nahasten ziren han lurrin imitagaitza sortzeko: Euskaldun zaharrek egindako espartinen soka, txokolatea, olio espainola, botiga ilun eta karrika estuen itxura ezkutua, udal bibliotekako liburuen paper higatua (…) Zeren, lurralde bat «irakurtzea» gorputzaren eta oroimenaren legeetan, gorputzaren oroimenaren arabera atzematea baita lehenik. (…) Funtsean, haurtzarotik ez bada ez dago Herririk».

Ildo horretan segitu zuen Itxaro Bordak, maistraki, Ama minez izenez 2009an BERRIAn plazaratutako Biran: «Iragan mendeko mitologiaren azterketa xehea egin zuena askotan ikusi zen Ahurtiko Aturri hegietan paseatzen, 1977tik hara amarik gabe alaina. Plazaratzekoak ez zituzkeen testuotan seme doloretsuaren maneran pairatzen dagerkigu, zintzo, nora ez eta bere homosexualitatea aitortzear. Roland Barthesek bizitza osoa amaren saihetsean eraman zuen, ama isila, gordea, tolerentea, narzisikoa ez zen feminitatez jantzia. Eritu zitzaionean amarekiko hurbiltasun intimoak idaztea irentsi ziola azaltzen digu Barthesek. (…) Angeluko ikasleen erresidentzia Roland Barthes izenaz bataiatu dutenean, nork zekien Fragments d’un discours amoureux eta Le dregré zéro de l’écriture orraztatu zituena ama minez higatu zela?».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude