Gainezka

Anjel Lertxundi / 2013-04-26 / 129 hitz

Ibai ondoko horma zaharrean marra bat ikusi duzu, zure begiak baino dezentez gorago. Marratik behera, lokatz zaharrek orbandua dago horma. Marratik gora, zuri-zuri, kareztatu berri. Marraren ondoan, data bat. Datarik ez balego ere: ez zaizu ahaztu uholde sekulakoek herri guztia hartu zuten urtea.

Horma zaharrekoa bezalako marrak dauzkazu zeure memoriaren paretan ere. Ez bat, asko baizik: zure baitako ibaiak goraka egin duenekoak dituzu. Hor duzu gogoaren paretan senide edo adiskide min bati laguntza ukatu zenioneko orbana. Ez dira falta zure printzipioen kontrako proposamen tentagarriei ezetz esaten jakin ez zenituenekoak. Hutsak, ahuldadeak, traizioak. Zure baitako uholdeek zure memorian utzitako lokatzak. Orban baten atzetik beste bat. Eta beste bat. Zuk ezagutzen dituzu, beste inork ez.

«Honaino heldu haiz, amigo!», esaten diozu zeure buruari. Hurrengo uholde batek aurreko marrari gaina hartu arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.