Hector Abad Faciolince: «Bortizkeria zure etxeraino sartu bada, nola ez horri buruz idatzi?

Iñigo Astiz / 2013-04-17 / 795 hitz

Holokaustoari buruzko liburuen ostean, ezin halakorik errepikatu. Indar hori aitortzen dio literaturari Hector Abad idazleak, behintzat, eta bere minez idazten du horregatik: Kolonbiako indarkeriaz. Paramilitarrek hil zioten aitaz. Bilbon izan da egunotan hizlari.

Etsipen apur batez onartzen du zama Hector Abad Faciolince idazleak (Medellin, Kolonbia, 1958). Adeitsu erantzuten ditu galderak, baina igartzen zaio nekea. Zortzi urte badira El olvido que seremos (Izango garen ahanztura) argitaratu zuenetik, eta haren ingurukoak dira geroztik egiten zaizkion elkarrizketa gehienak. Baita oraingoan ere. Lau kazetari ditu aurrean, eta liburu horrek hartu du solasaldia. Izan ere, latza da kontatzeko duena. Paramilitarrek tiroz hil zuten haren aita 1987an, eta hari buruzkoa da liburua. Eguneroko baten, testigantza kontakizun baten, eta memoria liburu baten arteko zerbait. Ederra. Horrek eman dio sona: «Batzuetan badirudi liburu hori dela idatzi dudan bakarra». Ezpain arteko kexa da. Dioenez, ezinezkoa baitzitzaion idatzitakoa ez idaztea. Bilbon izan da, Gutun Zuria jaialdian.

Zergatik diozu ezinezkoa zela horri buruz ez idaztea?

Esperientzia da literatura elikatzen duena. Nire ustez, idazten jartzean ulertzen du batek benetan zer gertatu zaion. Esperientzia hitzetara itzultzen duenean. Niri hori gertatzen zait. El olvido que seremos liburuan niretzako oso garrantzitsua zen nire aitaren esperientzia hitzetara eramatea, nire semeek ere beren buruan izan ez zuten esperientzia hori berregin ahal izan zezaten. Izan ez zuten aitona eman nahi izan nien. Edo sikiera haren parte bat.

Zure antzera gogoratzen dute zure familiako kideek ere zure aita?

Memoria fantasiaren oso antzekoa da. Gertatu zela uste genuenaren gainean egindako erreprodukzio zoro bat da. Denok uste dugu errealitatean gaudela, baina oso modu ezberdinean gaude errealitatean. Gizonek eta emakumeek ez dute gauza bera ikusten. Ez dugu bera ikusten goizez eta arratsaldez… Baina kazetariek frogak aurkeztu behar dituzte bizi izandakoa benetan hala izan zela erakusteko.

Abad semea da nagusiki liburuan mintzo dena. Haren oroitzapenak dira lanaren motorra. Ez omen zuen Kolonbiako bortizkeriaren historiari buruzko liburu bat idatzi nahi. Etxekoez aritu nahi zuen. Aitaz. Eta harritu egin omen zuen horregatik hasieran liburuak izan zuen harrerak. Baina orain badu arrakasta horri buruzko hipotesi bat: «Liburu asko dago hiltzaileei buruz, eta ez hainbeste biktimei buruz. Eta horregatik jende askok, bortizkeria gertutik ezagutu duen jende askok, arketipo modura hartu du lan hori. Propio sentitu dute horregatik biktima partikular hau».

Kolonbian bada han gertatzen dena kontatzeko moduari buruzko eztabaidarik literaturan?

Bortizkeria kontatzearekin obsesionatuta jarraitu behar dugun da eztabaida gaia. Baina bortizkeria zure etxeraino sartzen bada, eta idazlea bazara, nola ez horri buruz idatzi? Zure ofizioaren eta zure bizitzaren aurkako traizio moduko bat da zure esperientzia gogorrenetariko bati bizkarra ematea. Niri asko kostatu zitzaidan liburu horretara heltzea. Haren aurretik liburu alaiak idatzi nituen, kasik kaskarinak. Kantuan atsekabeak ahaztu egiten direla dio esaera zaharrak, eta horretan nenbilen. Baina gerora konturatu nintzen nahita ere ahaztu ezin den esperientzia horren aztarnak hor jarraitzen zuela, eta atera behar nuela. Komeni dela ateratzea, eta ongi dagoela. Hemen 36ko gerrarekin egin den bezala, idazle juduek holokaustoarekin egin duten bezala… Badira kontatu behar diren gauzak.

Eta badu literaturak eraginik gatazka egoera horiek gainditzeko?

Zenbaitek uste du baietz. Hori da Steven Pinkerren iritzia [psikologo eta idazle kanadarra]. Haren hitzetan, XVIII. mendeko eleberrigintza oso baliagarria izan zen jendearen enpatia lantzeko. Dioenez, behera egin du bortizkeriak azken mendeetan, eta datuak aurkezten ditu froga gisa. Eta hitzen errepublikari zor omen zaio beherakada horren zati bat. Primo Leviren , Imre Kerteszen eta Jean Ameryren liburuen ostean, oso zaila da berriz ere holokausto bat gertatzerik. Esklabotzari buruzko kontzientzia piztu duten liburuen ostean, zail da gizarte esklabistarik egongo denik pentsatzea. Esperantza hori dut. Munduan garapen moral bat dagoela sinesten dut. Europar ilustrazioaren idealek bizirik segitzen dute, jarraitzaile asko dituzte, eta frogatu daiteke mundua hobetzeko balio izan dutela.

Ipurterrea da estiloz Abad. Gisa bateko saio bat egin, eta aldatu egiten du erregistroa gero. Fikzio eleberritik memoria liburura, dietario moduko batetik poesia liburu batera… Jauzika beti. Hala aritzen zen lehen, eta hala aritu da aitari buruzko liburua kaleratu eta gero ere. Beste hiru lan eman ditu argitara ordutik hona: El amanecer de un marido (Senar baten egunsentia) eleberria, Traiciones de la memoria (Memoriaren traizioak) ipuin bilduma eta Testamento involuntario (Nahi gabeko testamentua) poesia liburua. Eta La Oculta izeneko eleberri batekin dabil orain.

Idazle izateaz gainera, kazetari, editore eta kritikari ere bazara. Baina, hala ere, ardoa literatura baino garrantzitsuagoa dela esan zenuen jaialdiko aurkezpenean. Zergatik?

Bizitza literatura baino garrantzitsuagoa iruditzen zait. Hobea iruditzen zait maitasun istorio bat bizitzea, maitasun istorio bat kontatzea baino. Muxu bat jasotzea, muxu bat kontatzea baino. Edandako ardo bat, kontatutako ardo bat baino. Gertatzen dena da literatura oso tresna ona dela errealitatea gogora ekartzeko. Literatura zenbat eta hobea izan, orduan eta gehiago sentituko dugu muxua edo ardoa. Elkarrizketa hasi aurretik Alvaro Cunqueiroren liburu bat irakurtzen nenbilen, eta esaldi bat azpimarratu dut. Taberna batean den gizon bati buruzkoa: «Une horretako ardoa dastatu beharrean, beste egun batzuetako ardoa dastatzen zuen». Badira hitzekin ez bada kontatzeko zailak diren ardoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.