Manuel Ferreiro, Geografia eta Historia lizentziaduna: «Kolerak ez du bereizketarik egiten; beldur handia zioten»

Aritz Maldonado / 2013-04-23 / 838 hitz

Hiru kolera izurrite handi egon dira Gasteizen. Lehena, 1834. urtean, gerra karlistaren erdian hasi zen, eta hiru hilabete iraun zuen; 1.166 hildako eragin zituen, gutxienez. Hirian zein herrialdean izandako ondorioei buruzko tesia idatzi du Manuel Ferreirok.

Manuel Ferreiro (Oñati, 1966) Geografia eta Historia lizentziaduna da; halere, erizaintzan aritu da betidanik. Egoera ekonomikoa orekatu ahala, berriz ekin zion ikertzeari; Juan Lezaun lagunarekin kolaborazioak egiten hasi zen, eta betiere osasuna, erizaintza, historia eta humanitateak uztartzen dituzten gaiei buruz egin dituzte ikerketak. Urte batzuk baztertuta eduki ostean, 1834. urtean Gasteizen egon zen kolera izurriteari buruzko ikerketari ekin zion ostera 2008an. Iaz aurkeztu zuen, eta orain publikatu du.

Zer ondorioztatu duzu?

Tesia bi zatitan banaturik dago. Alde batetik, kuantitatiboki kolerak Gasteizen eta Araba osoan izandako eragina aztertu dut; bestalde, kulturalki, sozialki eta mentalki izandako ondorioei buruzko interpretazio bat egin nahi izan dut. Izurritea gerra karlistarekin batera gertatu zen, 1834. urtean; hala ere, datuak ikusita, gutxietsi egin izan da kolerak Araban eragin zuen hildako kopurua. Europan izan zen lehenbiziko kasuetako bat izan zen; ezezaguna zen, beraz. Datuak lortzeko, elizetako egoera liburuak baino ezin izan ditut begiratu; hala ere, ikusi dut 1.166 hildako gutxienez eragin zituela izurriteak. Ia Araba osoan izan ziren kolera kasuak, Aramaio eta Aiara izan ziren salbuespenak.

Gaixotasun ezezaguna zenez, izurriaren aurkako neurri berberak hartu zituzten orduko agintariek; ez zuten eraginik izan. Airetik kutsatzen zen gaixotasuna zela uste zen, eta konponbidea horretara bideratzen zen; kolera hesteetan bizi da. Gasteizek bazituen berezko ezaugarri batzuk kutsatze hori errazten zutenak; adibidez, herriaren egitura. Ur zikina etxe azpiko putzuetan biltzen zen, eta ur hori bertan ez geratzeko, zabaldu egiten zuten; modu horretan, ur ustela edateko ura zegoen lekuetara zabaltzen zen, eta, horrela, gaixotasuna herri osora zabaltzen zen. Ezjakintasunagatik egin zuten hori, erabaki okerrek, egoera konpondu beharrean, okertu egin zuten.

Zein sektoretan izan zen kalterik handiena?

Kolerak ezaugarri garrantzitsu bat du: ez du bereizketarik egiten. Higiene baldintzak gasteiztar guztientzat ziren txarrak orduan; guztiak, harresi barruan bizi ziren, eta antzeko bizi ohiturak zituzten. Asko jota, aberatsenek putzuetatik beharrean Andre Mari Zuriaren plazako iturrietako ura hartzen ahal zieten urketariak zituzten. Kolerak ez du bereizketarik egiten; hori dela eta, beldur handia sortu zuen. Askoz gehiago hil ziren baztanga edo tuberkulosiaren eraginez; hala ere, bereizketa gabezia horrek beldurra sortu zuen; baztangak, umeengan eragiten du gehienbat, eta tuberkulosiak, astiro hiltzen ditu gaixoak. Kolerak, ostera, azkar hiltzen du, eta asko sufritzen da. Gaixoa oso ahul eta deshidrataturik uzten duten sabelusteak, goragaleak, sabeleko mina… Hiltzeko modu ankerra da, eta horri, arrisku unibertsal hori gehituz gero, normala da herritarrak ikaraturik egotea. Ordutik, agintariek baliatu egin zuten beldur hori neurriak jakinarazteko.

Printzipioz, ez dago ezberdintasunik gaixotasuna dutenen artean, baina gaixotuak bereizten dituena, momentuko osasuna da. Gasteizko urte hartako egoera orrian ikus daitekeenaren arabera, 60 urtetik gorako gaixo guztiak hil egiten ziren; aldiz, 20tik beherako guztiek bizirik iraun zuten. Ogibideak ere eragiten zuen. Ortuzainek eta garbitzaileek zuten arrisku handiena. Langile xumeek ere arriskupean lan egiten zuten; horien kasuan, ordea, eragina kuantitatiboa zen. Gehiengoa zirelako agertzen dira estatistiketan.

Zergatik aipatzen duzu Geronimo Roure medikua?

XIX. mendeko bigarren erdialdeko mediku garrantzitsuena zen; Santiago ospitalean lan egiten zuen, eta zirujaua izateaz gainera, bazuen ibilbide kultural bat. Ekarpen aberatsa egin dio Gasteizko historiari; adibidez, 1855eko kolera izurriteari buruz egindako txostenarekin; datu piloa eskaini zuen bertan, eta eginiko analisi gizatiar, geografiko eta sanitarioari esker, kolerak biztanleengan zuen eraginari eta gaixotasunari berari buruzko informazio piloa lortu zuen. Higienista handia zen, gainera; Parisera bidaia bat egin zuen, eta handik ideia ugari ekarri zituen. Gasteizko beste hainbat medikuk ere egin zuten beren ekarpena.

Nola aurre egiten zioten kolerari?

Sendatzeko modurik eraginkorrena odola ateratzea zela uste zen garai hartan. Odola ateratzeko, ebaki bat egiten zen zain batean. Horren ordez, izainak erabiltzen ziren. Gorputzeko hainbat lekutan ezartzen ziren, baina ohikoena hemorroideetan ezarzea zen. Teknika hori oso mingarria zen, eta ez zen batere baliagarria; odol kantitatea gutxitzen zuen, eta, hala, gaixoa lehenago hilko zen. Garai hartako dokumentuek defendatu egiten dituzte metodo horiek, halere. Normalean, ebakiak egiteaz erizainak, zirujauak edota bizarginak arduratzen ziren; hori dela eta, oso estimatuak ziren. 1834an, gerra erdian, bi aldeetako tropek derrigortu egiten zituzten beraiekin joatera, zauriak osatzeko; beraz, izurritea iritsi zenean, gehienak ezin izan zituzten baliatu. Horrez gainera, izainak ere amaitu egin ziren Santiagoko ospitalean, eta Salamancara (Espainia) eskaera bat egin behar izan zuten.

Zer sendagai zituzten?

Terapeutikan, bigarren elementua, garrantzi aldetik, opioazeoak ziren. Koleraren ezaugarri nagusietako bat eragiten zuen mina zen; mina lasaitzen laguntzen zuten, baina ez zuten eraginik koleraren kontra. Ez dago hidratatzaileen erabileraren berri; hala ere, Frantziako testu batzuetan aipatzen da elurra txupatzeko eman zaien paziente batzuen hobekuntzaz. Alta, ez ziren erabiltzera iritsi. 1855. urtean Rourek onartu zuen ordura artean erabilitako metodoak ez zirela eraginkorrak, baina, ohar garrantzitsu bat idatzi zuen: «Ez dira gutxi ur hotza edan ostean hobera egin dutenak». Ura eta ardoa emanez jarraitu zuten.

Beraz, nola egiten zuten gaixoak sendatzeko?

Ez zuten ezer egiten. Zehatzagoa izateko, egiten zutenak ez zuen ezer egiten. Koleraren hilgarritasun tasa %40-50 bitartekoa da, eta gaixoaren osasun egoeraren araberakoa da. Zenbat hil ziren jakitea lortu dugu, baina ez dakigu zehazki zenbat lagun gaixotu ziren. Osasuntsuenek eta indartsuenek aurrera egitea lortzen zuten; besteek, ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.