Nola kontrolatu tentsio arteriala

Jabier Agirre / 2013-04-09 / 996 hitz

Gurea bezalako gizarte batean, biztanleen %35ek hipertentsioa eduki ohi dute, eta hori arazo kardiobaskularrak izateko arrisku faktore garrantzitsu bat da. Gaitz hori urrun edukitzeko, ohituretako batzuk aldatu beharko dira, agian.

Gure osasunarentzat ondoriorik txarrenak ekar ditzaketen nahasmenduetako bat izan arren, ez zaio normalean duen adinako garrantzirik ematen. Funtsezkoa da, horregatik, tentsioaren zifrak sarritan kontrolatzea, eta zifra horiek gomendatzeko modukoak direnak baino altuagoak baldin badira, balio horiek jaisteko gure esku dagoen guztia egin beharko genuke.

Gure balioak ezagutzearen garrantzia

Tentsio arterialaz hitz egiten dugunean, odola bihotzetik gorputz-ataletara eramateko arterien gain egiten den presioaz ari gara. Presio arterial maximoa —tentsioa hartzen diguten txanda bakoitzean irakurtzen den zifra altua, alegia— bihotzaren uzkurdurarekin batera lortzen da, sistolearekin; eta presio arterial minimoa —zifra baxua, alegia— bihotzaren erlaxazioarekin lortzen da, diastolearekin.

Zergatik da beharrezkoa tentsioa kontrolatzea?

Presio arteriala altuegia denean —hipertentsioa—, bihotzak bere masa muskularra gehitu beharra dauka, eskatzen zaion gainesfortzuari erantzuteko. Muskulu-gehikuntza horrek bihotzeko gutxiegitasuna, bularreko angina eta arritmiak jasateko arriskua handiagotzen du. Horrez gain, arterietan kolesterol-plakak pilatzea errazten du, eta baita luzarora miokardioko infartua edo garuneko atakeak ekar ditzaketen tronboak sortzea ere. Hipertentsioa oso larria denean, aortaren paretak dilatatzera irits daitezke (aneurisma) eta, kasurik okerrenean, baita aorta bera haustera ere. Giltzurruneko arazoak, ikusmenaren nahasmenduak eta gizonezkoetan erekzioaren disfuntzioa —zakila tentetu edo zutitzeko arazoak— izateko arriskua ere gehitu ditzake luzera begira.

Maila gomendagarriak

Tentsioaren balio «normalak» pertsonaren adinarekin, arrazarekin eta baita osasun-egoera orokorrarekin ere asko aldatzen diren arren, jarraian aurkezten ditugun zifrak hartu beharko lirateke kontuan, batez beste. Merkurio milimetrotan neurtuz gero, 120 mm Hg-tik 140 mm-ra daude zifra normalak, 12-14ko balioak ezagunagoak dira.

Presio arterial normala.

Maximoa: 120 eta 129 mm Hg bitartean.

Minimoa: 80 eta 84 mm Hg bitartean.

Presio arterial normal/altua.

Maximoa: 130 eta 139 mm Hg bitartean.

Minimoa: 85 eta 89 mm Hg bitartean.

1. mailako hipertentsioa.

Maximoa: 140 eta 159 mm Hg bitartean.

Minimoa: 90 eta 99 mm Hg bitartean.

2. mailako hipertentsioa.

Maximoa: 160 eta 179 mm Hg bitartean.

Minimoa: 100 eta 109 mm Hg bitartean.

3. mailako hipertentsioa.

Maximoa: 180 mm Hg-tik gora.

Minimoa: 110 mm Hg-tik gora.

Prebentzioa eta tratamendua

Edozein direla ere gure tentsio arterialaren zifrak, garrantzi handikoa da zifra horiek igotzea eragin dezaketen faktoreak eta, jakina, maila onargarrien barruan mantentzen lagunduko diguten faktoreak ezagutzea.

Utzi erretzeari derrepente

Adituen ustez, erretzeari uztearekin batera lortzen ditugun onurak hipertentsioaren kontrako botika orok eragiten dituenak baino handiagoak dira. Ez da ahaztu behar tabakoak presio arteriala eta bihotz-maiztasuna gehitzen dituela.

Ezta k opa bat gehiago ere

Alkohola neurriz —otordu bakoitzean ardo-baso bat gehienez ere— kontsumitzea onartzeko modukoa da, baina maila horretatik gora, presio arteriala igo, eta, horren ondorioz, asko areagotzen da bihotzean eta beste organo batzuetan alterazio oso kaltegarriak gertatzeko arriskua.

Saihestu gainpisua

Pertsona obesoek hipertentsioa izateko bi-hiru aldiz arrisku gehiago dute, horien presio arteriala pisuaren proportzioan gehitzen baita. Pixkanaka argaltzea neurri egokia da, eta aski da tentsioa nabarmen jaisteko. Zenbait kasutan, nahikoa izan daiteke gorputzaren pisua % 10 murriztea hipertentsioaren arazoa zuzentzeko, inolako tratamendu farmakologikorik gabe.

Egin ariketa fisikoa

Presio arteriala murrizteaz gain, kirola edo ariketa fisikoa modu erregularrean egiteak masa muskularra gehitzen du, pisua kontrolatzen laguntzeaz eta osasun kardiobaskularra hobetzeaz gain. Edozein ariketa fisikok balio du horretarako —egunean ordu-erdi gutxienez ibiltzeak, bizikletan ibiltzeak, korrika egiteak, eta abar—, baldin eta astean hirutan edo gehiagotan egiten bada.

Elikadura egokia

Dieta bihotz-osasungarria egiteak —fruta, berdura, lekale, fruitu lehor, ogi eta bestelako zereal, arrain eta hegazti-haragitan aberatsa, haragi gorriak eta koipeak baztertuz— tentsioa maila onargarrien barruan edukitzen lagunduko digu.

Zaindu gatza. Pertsona guztiek, hipertentsoak direnek nahiz ez direnek, gatz kontsumoa gutxitu behar dute; horretarako, gatza erabili ordez, otorduak espezia, belar aromatiko, limoi-zuku, baratxuri, tipula eta antzekoekin maneiatzea gomendatzen da. Garrantzi handikoa da, era berean, gatz-eduki handiko elikagaien kontsumoa murriztea —hestebeteak, aurrez kozinatuak, aperitibo gazituak, ketuak, kontserbak, gatzunetan jarritakoak eta abar—.

Hartu potasioan aberatsak diren jakiak. Mineral horrek tentsio arteriala erregulatzen du. Potasioa aurki daiteke lekaleetan, fruitu lehorretan, platanoetan, zerbetan, alkatxofetan…

Kontrolatu koipe saturatuak.

Haragi gorri, hestebete, opil industrial, aurrez kozinatutako jaki, esneki oso eta abarretan presente dauden gantz horiek presio arteriala igo eta arrisku kardiobaskularra areagotzen dute. Onena elikagai horiek haragi giharrarekin, oilasko eta arrainekin ordeztea da, betiere labean, plantxan edo lurrunetan kozinatuz.

Hipertentsioaren inguruko mito faltsuak

Erabat okerrak diren hainbat uste edo sinesmen daude hipertentsioaren inguruan. Hona hemen horietako batzuk, Hipertentsio Arterialaren kontrako Borrokarako Elkarteak zabaldutako gidaliburuan jasoak:

«Hipertentsioa baduzu, ezin duzu kaferik hartu». Ez da inondik inora frogatu kafeak hipertentsioa dakarrenik. Bestelako kontraindikaziorik egon ezean, hipertentsoek ere egunean hiru bat kafe-katilukada edan ditzakete.

«Botikak hartuz gero, gatzik gabeko dieta ez da beharrezkoa». Guztiz faltsua da, tentsioaren maila normala dutenek ere gatzarekin kontuz ibili beharra baitaukate. Eta hipertentsoen kasuan, ezinbestean bete beharko dituzte medikuaren aholku dietetikoak. Kontuan eduki behar da, gainera, tentsioa jaisteko medikazioa eraginkorragoa dela gatza murriztuz gero.

«Arriskutsua da tentsioa deskonpentsatua edukitzea». Tentsioaren zifra altua eta baxua elkarrengandik normalean baino hurbilago egotea ez da jendeak uste duen bezain garrantzitsua. Adituen esanetan, zifra horiek maila normalen barruan egotea da benetan garrantzitsua —140/90 mm Hg bitartean—.

«Tentsioa normalizatzean, tratamendua eten daiteke».

Pertsona batzuek botikak bertan behera uzten dituzte, ondo sentitzen direlako edo tentsio-zifrak normalizatzen hasi direlako. Oker handia da hori, botikak sekula ez baitira utzi behar medikuak horretarako baimenik ematen ez duen arte.

Eta tentsioa baxuegiarekin?

Tentsioa 90/60 mm Hg-tik behera jaisten bada, tentsio baxuaz hitz egiten da, eta, hipotentsioak hipertentsioaren larritasunik ez daukan arren, egoera horrek ere molestiak eragin diezazkiguke.

Sintomak. Pertsona batek berez tentsio baxua duenean, ez du normalean sintomarik. Baina edozein arrazoi dela medio, tentsio arteriala tarteka jaisten denean, molestiak ager daitezke: ahuldadea, zorabioak, oreka galtzea eta baita konorte-galerak ere.

Arrazoiak. Tentsio baxua berezkoa denean, ez dago hori justifikatuko duen nahasmendu edo arrazoi berezirik. Tentsioa bat-batean jaisten denean, ordea, anemia bat egon daiteke horren atzean, baina kausarik ohikoena hainbat ordutan ezer ez jatea izaten da, edo bat-batean posturaz aldatzea —aulki batetik jaikitzean, adibidez—.

Nola saihestu? Hipotentsioa arina bada, gutxiago baina maizago jatea gomendatzen da. Bestetik, neurri egokiak izan daitezke posturaz poliki-poliki eta leuntasunez aldatzea eta zutik ordu gehiegi ez pasatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.