Pixari eutsi ezina, arazo desorosoa

Jabier Agirre / 2013-04-30 / 835 hitz

Lau emakumetik batek jasaten du gernu inkontinentzia. Ez da adineko pertsonen kontua soilik, emakume gazteek ere izan baitezakete arazo hori. Zorionez, ez da saihestu ezinekoa, arrakastaz trata eta konpon daitekeen egoera gogaikarria baizik.

Pixak nahi gabe ihes egiten digu gizakioi, barre edo eztula egiterakoan; pixa egiteko premia larria dugunean ere bai; bainugelara garaiz iritsi ezina sarri izaten dugu… Horiek dira gernu inkontinentziaren sintoma nagusietako batzuk. Ordea, zer da gernu inkontinentzia edo pixari eutsi ezina? Larritasun handirik eduki gabe ere, oso deserosoa eta gogaikarria ere izan daitekeen egoera da, pazientearen bizi-kalitatea benetan aldrebesten duena.

Medikuarekin kontsultatzea, ezinbestekoa

Pixari eutsi ezina jasaten duten hamar emakumetik zazpik ez diote medikuari sekula ezer aipatu izan. Zergatik? Gaur egun nekez uler daitekeen lotsagatik, batetik, eta adinaren kontuak izango dira eta halako usteengatik, bestetik. Nagusiki bi arrazoi horien ondorioz, emakume asko daude molestia hori isilean eraman eta jasaten dutenak, tratamendu egokiarekin kasurik gehienak konpontzen direla jakin ere egin gabe. Beharrezkoa da, beraz, inkontinentzia identifikatzea eta ahalik eta lasterren irtenbideak bilatzen hastea. Horrela, erabat sendatzeko aukerak askoz ere handiagoak izango baitira.

Arriskua handitzen duten faktoreak

Adinean aurrera egin ahala, pertsonaren zoru pelbikoa —maskuriari posizio egokian eusten dion muskulatura— ahuldu egiten da, inkontinentziaren arriskua areagotuz. Baina denbora igarotzea ez da arrazoi bakarra, esan bezala trastorno horrek edozein adinetako pertsonei erasaten baitie. Haurdunaldiek eta erditze baginalek arriskua handitzen dute, pelbiseko muskuluek egoera horietan jasaten duten presioagatik. Eta zenbat eta haurdunaldi gehiago, orduan eta arrisku handiagoa dago.

Gainpisuak ere zona horretako muskuluak ahultzen ditu. Gehiegizko kiloek presio gehigarria dakarkiote zoru pelbikoari, eta, horren ondorioz, muskuluak lasaitu egiten dira. Idorreriak, infekzioek —zistitis errepikatuek, esaterako—, diabetesak edo ebakuntza kirurgikoek ere inkontinentzia eragin dezakete, edo lehendik dagoena okerragotu.

Gizonezkoen kasuan, prostatarekin lotutako arazoak izan ohi dira inkontinentziaren arrazoi nagusiak.

Prebentzio neurriak

Bizi-aztura egokiak hartzea oso lagungarria da, gaitza jasateko arriskua txikitzeko modua ematen digulako. Hartu beharreko prebentzio neurriak:

Erretzeari utzi. Aspalditxotik gauza jakina da tabakoaren osagaiek maskuria narritatzen dutela, baina, horrez gain, ez da ahaztu behar ohiko erretzaileen eztulaldiek ere nabarmen hondatzen dutela gernu-esfinterra —maskuria ireki eta ixteko jokoa gobernatzen duen eraztun muskularra—.

Ura, neurrian. Gehiegi edateak pixa sarritan egitera behartzen gaitu. Horrek, luzarora, maskuriaren distentsioa dakar, eta gernuari denbora luzean eustea zailago gertatuko zaigu. Baina gutxiegi edanez gero ere, ordea, pixa gehiegi kontzentratuko da, maskuriaren paretak narritatuz. Ura edan bai, beraz, baina neurrian.

Maiz joan komunera. Noizean behin komunera joatea komeni da, baita premiarik sentitu ez arren ere; horrela egin ezean, mikzioa (pixa egitea) kontrolatzen duten muskuluak ahuldu egingo dira.

Dieta zaindu. Ahal dela, maskuria narritatzen duten jan-edanak bazterrera utzi behar dira: alkohola, zitrikoak, janari min edo pikanteak, kafea, tea, kola-freskagarriak, edari gasdunak, txokolatea…

Kirola egin, baina gehiegikeriarik gabe. Ariketa fisikoa neurrian egiteak muskulatura indartsu edukitzen laguntzen du, baina, kontuz, gehiegizko ariketak justu alderantzizkoa ekar dezake eta. Gehiegizko entrenamenduak, esaterako, maskuria presionatu eta esfinterra lasaitzen du. Kasu horietan, abdomeneko eta zoru pelbikoko muskulatura batere ahuldu gabe tonifikatzen lagun dezakeen gimnastika espezifikoa egitea izan daiteke irtenbide egokia.

Bigarren pausoa: tratamendu egokia

Hala ere, zenbait kasutan, aipatutako prebentzio neurri guztiak martxan jarri arren, inkontinentzia arazo bilakatzen bada, badira horri aurre egiteko hainbat metodo. Tratamendu aukera horien artean, espezialistak bere ustez egokia hautatuko du, pertsona bakoitzaren egoera eta baldintzak ondo aztertu ondoren.

Kiegel-en ariketak. Zoru pelbikoan muskuluak indartzeko egiten den errehabilitazioko gimnastika berezia da. Ariketak egiteko modu diferenteak daude, eta espezialistak emango dio gaixoari ariketa horien berri.

Konoak erabiltzea. Baginaren barruan sartzen diren gailu batzuk dira. Ondoren, minutu batzuetan kono horiek kanpora irten ez daitezen saiatu beharko du emakumeak, zona horretako muskulatura estutuz. Horrela, pixkanaka, muskuluak indartzea lortzen du.

Sendagaiak. Larrialdiko inkontinentzian soilik errezetatzen dira. Antikolinergikoek gernua maskuritik kanpora jaurtitzen duen muskulua —detrusorea esaten zaio muskulu horri— erlaxatzen dute, uretrako barne-esfinterraren tonua indartzearekin batera. Horrela maskuriak pixari eusteko duen gaitasuna handitzen da. Azkenaldian muskulu detrusorea tratatzeko gehien erabiltzen den tratamendua toxina botulinikoa da, osasun etxean.

Kirurgia, azkeneko irtenbidea. Ahalegineko inkontinentzia kasuetan, kirurgia alternatiba egokia izan daiteke. Teknika diferenteak daude aukeran, kasuen arabera, baina usuenak hurrengo biak dira: batetik, ureterraren azpian zona horretako ehunak indartuko dituen sare-moduko bat jartzea —metodo horrek % 90eko eraginkortasuna du, eta anestesia epiduralarekin edo lokalarekin egiten da—; eta, bestetik, maskuria kontrolatzen duten nerbioetara bulkada elektrikoak bidaliko dituen gailu bat ezartzea.

Hainbat gernu-ihes mota

Inkontinentzia mota bat baino gehiago daude, eta bakoitzak dauzka bere sintoma eta berezitasun propioak. Dena den, hona hemen mota bakoitzaren seinalerik usuenak:

Ahaleginekoa. Pixaren ihesak eztul, barre edo jauzi egiterakoan azaltzen dira.

Larrialdikoa. Pixa egiteko gogoa hain da larria, ezen, kasurik gehienetan, maskuria komunera iritsi aurretik hustuko baita, gaixoak ezin diolako pixagurari eutsi.

Mistoa. Aurreko bi moten ezaugarriak konbinatzen ditu. Ohikoa bihurtu da aspaldian.

Gainezkatzekoa. Maskuria ez da erabat hustutzen sekula, eta, horregatik, gaixoak beti dauka maskuria beteta daukalako sentsazio nabarmena. Gernu ihesak edozein unetan gertatzen dira, eta pazienteak ezer gutxi egin dezake ihes horien kontra.

Iragankorra. Hainbat arrazoi direla tarteko —botikak, infekzioak eta halakoak—, aldi baterako egoera jakin batek eragindakoa da. Arrazoia desagertzearekin batera, gaixoaren egoera ere normalizatu egin ohi da, eta haren osasunak hobera egin ohi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.