Abel, abel!

Anjel Lertxundi / 2013-09-29 / 129 hitz

Abel, abel!, egiten zaie dei erleei. Baserriko nagusia hiltzen zenean, oinordekoren bat etxeko abaraskaraino joaten zen, abisua ematera erleei: abel, abel, etxeko nagusia hil da! Eztiaz gainera, erleek ematen baitzieten kandelak egiteko argizaria ere, gure aurrekoek errespetu erlijioso halako bat gordetzen zieten.

Erleak galtzen ari omen dira, asko eta asko pestiziden eta antzekoen erruz. Imajinatzen genuen. Gehiago harritu gaitu beste arrazoi batek: gero eta lore gutxiagorekin omen dauzkagu gure leiho eta balkoiak.

Gurean beti izan da loreak jartzeko ohitura eta loreei hitz egitekoa. Ene, ia ito zaitut! Gaixoa, zomorrotxoak egin zaizkizu! Tamalez, kalakaria ez naiz ni, nahiago nuke halako sentiberatasuna banu. Gaur, ordea, erleei buruzko albisteak loreei begira jarri nau, eta ez bainuen erlerik ikusten, abel!, abel! hasi naiz oharkabean eta balkoipean inor ote zebilen ikusteko neurririk hartu gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.