Hamaika bidetan galtzeko parada

Iker Tubia / 2013-09-08 / 1.023 hitz

Parke natural zabala da Urbasa-Andia; Nafarroako mendialdea eta erdialdea banatzen ditu. Askotariko jarduerak egin litezke bertan, eta horrek jende anitz erakartzen du horko inguruetara.

Urbasako mendilerroan behi baten bila gabiltza». Mezu hori irakur liteke Urbasako etxe batean. Ez da harritzekoa; izan ere, animaliak nonahi eta nolanahi ibiltzen dira bertan. Animaliak, eta gizakiak. Inguru paregabea dute biek ala biek patxada ederrean ibiltzeko. Euskal Herriko bihotzean dagoen natur parkea da Urbasa-Andia mendilerroa, harribitxi bat, gizakiak Neolitotik ibili dituen lur magikoak.

Ainhoa Mazkiaran basozainak hagitz ongi ezagutzen du Urbasa. Txokorik txikienean ere egona da. Berak zuhaitzak markatu egiten ditu, eta Urbasa-Andian gora eta behera ibili ohi da 4×4 autoarekin. Biziki maite du inguru hori: «Urbasa oso polita da, baina eremu gehienak berdinak dira: beti bat eta bera». Halaxe da, ingurua antzekoa da mendilerro osoan zehar: pagadiak eta soilguneak tartekatu egiten dira. Pagadiek 10.892 hektarea inguru hartzen dituzte parke osoan zehar; soilguneek, berriz, 8.200 hektarea. Paisaia horren gibelean gizakiaren esku hartzea dagoela azaldu du Mazkiaranek, Neolito garaitik erabili izan baititu lurrok bere beharrak betetzeko. Animaliak bazkatzeko edota gizakiak ibiltzeko sortu izan dira soilguneak gaur egun parke naturala den eremuan. «Gizakia hemen izan ez balitz, gaur egun ez genuke itxura honetako paisaia izanen», zehaztu du. Soilguneetan baso-berritzea agerikoa da, tarteka pinu baso txikiak baitaude.

21.408 hektareako zabalera dute Urbasa eta Andiako mendiek eta Nafarroako mendialdea eta erdialdea banatzen dituzte. 1997. urteaz geroztik parke naturala da ingurune hori guztia. Lau eremutan dago banaturik: Urbasa, 11.399 hektarea; Andia, 4.700 hektarea; Mugape, 5.190 hektarea, eta Urederrako natur erreserba, txikiena, 119 hektarea. Lehenbiziko bi eremuak iparraldean daude, eta harrizko harresi batek banatzen ditu hegoaldeko Mugape eremutik. Muga fisikoa ez ezik, muga legezkoa ere bada hesi hori. Izan ere, Urbasako mendilerroan azienda eramateko edota zura biltzeko eskubidea dute nafar guziek; ez, ordea, Mugapen. Mugape Ameskoa ibarretako biztanleei dagokie, haiek baitute lur horien jabetza esklusibo eta pribatua. Mendebaldea eta ekialdea, berriz, muga artifizial batek banatzen du: Lizarragatik Lezaunera doan errepideak.

Banaketa horrek turismoan ere badu eraginik. Izan ere, iparraldeko eremura aise joaten da jendea igande-pasa. Eremu horretan dago kanpina, eta eguna igaro nahi dutenentzako sutegiak, seinaleak eta ibilbideak ere. Hiru bide nagusi daude Urbasan: mendizaleen ibilbidea, iturrietako ibilbidea eta artzainena. Olatzagutitik igota ailegatzen da hiru ibilbide horietara.

Lehenbizikoa mendia maite dutenentzako da. Bidean artegia eta ikaztobien aztarnak daude, gizakiak bertan egindako lanen erakusgarri. Baina zatirik ederrena bide horren bukaeran dago: baso sorginduan. Goroldioz jantzitako harrien gainean pagoak hazten dira, eta elementu naturalen nahasketak irudimena pizten du, denetariko formak sortzen baitira han eta hemen.

Iturrien bidea aise errazagoa da: 4,5 kilometroko luzera du. Ordu batean egiteko ibilaldia da, eta Urbasako hainbat iturri bisitatzeko aukera ematen du. Harri karstikoaren berezitasunek sortuak dira iturri gehienak. Hala, Arafe, Gortasoro, Arafezulo —Mosquitos—, Oxbarreta eta Basauntziturri dira bertako iturri nagusiak. Gainera, han ibiltzen denak Ama Birjinaren pagoa aurkituko du. Hala deitzen da, zuhaitzaren barnean duelako irudia.

Bigarren ibilbidea, artzainena, luzeagoa bada ere, erraza da oinez zein bizikletaz egiteko. 7,6 kilometroan pagadiak eta soilguneak tartekatzen dituen ibilbide bat da, eta azkenengo txanpa iturrien ibilbidearen zati bat da. Bi ibilbideok aproposak dira haurrekin ibiltzeko, eta Seberinoren borda da haien helmuga. Bertan, borda ikusteaz gainera, txondor baten erreplika ere bada. Artzainen ibilbidean artegiak daude han eta hemen. Mazkiaranek dioenez, badira oso egoera onean dauden artegi ederrak. Ez du esan nahi izan, baina, non diren tokirik berezienak: «Toki batzuk jendeak aurkitzeko utzi behar ditugu, horrek xarma handiagoa du». Izan ere, toki horiek non diren zabaltzeak kaltea ere ekar baitezake, haren aburuz. «Jendea samaldaka etorriko litzateke, Urederrara bezala. Horrek Bilboko Kale Nagusia dirudi».

Parke naturala da Urbasa-Andia, eta batzuetan zaila da turismoa eta ingurua zaintzea uztartzea. Horregatik, sarrera batzuk itxi egin dira, seinaleak paratu, eta aparkalekuak prestatu. Mazkiaranek dio inbutu baten antzera prestatu zutela autoan ibiltzeko ingurua, gainontzekoa oinez zein bizikletan ibiltzeko libre gera zedin. Egun, oro har, bertaratzen direnek ingurua zaindu egiten dutela dio. «Orain ez bezala, 90eko urteetan zabor asko ateratzen genuen, jendeak zuhaitzen zuloak edukiontzi gisa erabiltzen zituen», dio basozainak.

Hegoaldean, Urederra

Urbasa eta Mugape banatzen dituen harresira ailegatuta, araudi aldaketaz ohartarazten duen kartel bat dago. Alde batera dira nafar ororen lurrak, bestera ameskoarrenak. Mugape ez da hain turistikoa, ez baitago egun-pasa joateko egokiturik. Hala ere, bada bertan ibiltzera doanik, eta han ere paisaia ederrak aurki litezke.

Harresia ez da lege muga bat soilik, klima ere arrunt aldatzen da eremu batetik bestera. Mugara ailegatu aurreko soilgunean nahasten dira bi aldeetako klimak: atlantikoa eta mediterraneoa. Iparraldean klima euritsua eta epela da, hegoaldean idorra da, eta udan bero egiten du eta neguan hotz. Horregatik, Urbasan eta Andian pagoak dira nagusi, eta, haiekin batera, haritzak. Hegoaldean pagoak ikus daitezkeen arren, artadiak zabaltzen dira.

Mugapen barneraturik, amildegi bat dago: Ubabako behatokia edo Pilatosen Balkoia. Haren gainean saiak hegaka dabiltza, azpian, berriz, Urederra ibaia sortzen eta igarotzen da zuhaitzen gerizpean. Gizakiaren eraginik ia ez da sumatzen inguru horretan, eta landaredia gogotsu hazten da bazter guztietan. Haizeak gogor jotzen duen eremu horretatik Zudaire herria ikus daiteke urrunean.

Urederra da, hain zuzen, Urbasa-Andia natur parkeko gune turistikoena. Urbasako mendigune karstikoan sortutako ur geruzaren irteera natural nagusia da Urederra ibaiaren sorburua. Basozainak, baina, ez ditu jendetza pilatzen diren tokiak maite. Haren aburuz, aurki neurriak hartu beharko dituzte, bisitari «gehiegi» joaten delako. Mugapeko amildegian behera jaisten da Bakedanorako bidea: mendate zaharra.

Basoaren magia

Mazkiaran basozainak nahiago ditu jende pilaketarik gabeko inguruak. Horren paradigma da Mugape, eta, hein handi batean, Urbasa eta Andia ere bai. «Jenderik gabe ibili zintezke, oso handia baita, eta edozein bidezidorretan galtzeko aukera eskaintzen du», esan du. Hori da Urbasa-Andia natur parkeak duen eskaintzarik onena: bertako basoetan galdu eta toki miresgarriak aurkitzeko parada. Bere baitan baso bizi-bizia du, landaredi eta fauna askotariko batek osatzen duena. Zingira asko daude basoaren erdian, anfibioen gozagarri. Pagadi luzeetan zuloak ikusi daitezke, okilek mokoarekin egindakoak. Gaueko animaliak ere badira, inguruan diren lezeetan bizi diren saguzarrak kasurako. Eta horiekin guztiekin batera, gizakia.

Basozainak azaldu duenez, uda hasieran da Urbasaren unerik gorena, baina bada inguruak «oso eder» paratzen dituen beste garai bat: udazkena. Urri hondarrean berehalaxe gorritzen dira soilguneak, eta koadro politak eskaintzen ditu basoak. Inguruari so liluratzen direnek, gainera, behatoki asko dituzte bertan. Adibidez, Seberinoren bordatik gertu inguruko mendiak ikusteko aukera paregabea dago: Mugape, Beriain… Basoaren magia sumatzeko, Urbasako bidezidorretan galtzea bezalakorik ez dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.