Lagundu neure kabuz egiten

Zihara Enbeita / 2013-09-05 / 243 hitz

Bi urte betetzear dituen umea mutila balitz, azkarra litzateke, espabilatua. Baina koitaduari neska jaiotzea suertatu zaio eta zer egingo diogu, bada, asko dakien sorgina izatea da bere patua. Maitasunez, hori bai, baina sorgin hutsa. Bien bitartean lau urteko nebari arrosa nesken kolorea dela argitu diote lagunek (zenbat kalte egin duen arrosa neskentzako zela erabaki zuen horrek!) eta ondo irakatsi indar erakustaldi, ostikada, tiro eta enparauena dela bere kolorea. Gormiti, Hulk eta Ironman.

Eskerrak seme-alabei elkartasuna zer den irakasten diegun gurasook. Etxean, plazan, jolas parkean zein hondartzan beraien jostailuak denenak, komunitatearenak, direla ikasi dute ondo baino hobeto, baina besteen gauzak besteenak direla, sakratuak, ukituezinak. Bien bitartean etxea txinoetan erositako jostailu merkez betetzen jarraitzen dugu, zerekin jolastu falta ez dezaten. Eta irudimena saldu dugu kolore eta zaratez jantzitako errepliken mesedetan. Zertarako jolastu harri koxkor edo zuhaitz adarrekin?

Gizarteratzen eta lagunartekoak izaten ere irakatsi diegu. Nor den begiratu gabe, musuak banatzeko trebatzen ditugu, ondo hezitako umeek egin behar duten eran. Ez pentsa, gure seme-alabak autonomoak izatea gura dugu, baina bere neurrian. Desiratzen gaude noiz iritsiko bakarrik jantzi, bakarrik jan eta esfinterra kontrolatu eta komunera bakarrik joateko gai diren eguna. Horrekin nahikoa dugu.

Azken batean, nork daki gurasook baino hobeto umeak zer behar duen? Nork jakingo du bada? Umeek, jakina; ahaztu egiten bazaigu ere. Umeen instinturik handiena helduengandik askatzea zela zioen Maria Montessorik. Azken batean beharrezko ez den edozein laguntza traba delako garapenerako. Gure seme-alabek ez digute esaten, baina etengabe eskatzen digute: lagundu eidazu nire kabuz egiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.