Zientziari beldurra galtzeko heziketa moduak aztertzen ari da Europa

Kristina Martin / 2013-09-18 / 521 hitz

Europako Batzordeko aditu Vladimir Garkov zientzia eta teknologia ezagutzak hedatzearen beharraz aritu da.

Zientziak eta teknologiak, irakurketarekin, idazketarekin eta matematikekin batera, ikasleen oinarrizko gaitasunak izan beharko luketela uste du Vladimir Garkovek, Europako Bazordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiko ordezkariak. Garkov Bilbon izan zen atzo, Elhuyarrek eta Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta. Haren ustez, Europan zientziari eta teknologiari beldurra galdu behar zaie.

Zientzia, matematika eta teknologia arloak irakasteko Europako ikastetxeetan erabiltzen dituzten metodologiak aztertzen ari da Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusia. Lan horren «behin-behineko» ondorioak plazaratu ditu Garkovek.

Azterketak lehen pausoak eman baditu ere, badira kezkatzeko moduko datuak, aditu horren aburuz. «15 urteko gazteen %20k ez dute oinarrizko gaitasunik zientzia eta teknologia alorretan», esan du Garkovek. Eta, haren iritziz, gaitasun horiek behar-beharrezkoak dira bizitza profesionalean eta sozialean aurrera egiteko.

Hala ere, datu hori batez bestekoa da, Europako herrialdeen eta eskualdeen artean alde handiak daudelako. Europako Batzordearen asmoa da 2020rako %20ko tasa hori %15era jaistea.

Garkovek gogorarazi duenez, herritar askok teknologiari «beldur kulturala» diote. «Europa berrikuntzan inbertitzen ari da, baina herritarrek beldurra diote horri», nabarmendu du.

Beldur hori astindu beharra dagoelakoan dago Garkov. Horretarako, funtsezkoa da familiaren parte hartzea eta «irakaslego motibatua» izatea. Izan ere, zientzian eta teknologian emaitzarik onenak lortzen dituzten Europako herrialdeetan irakasleek «prestigio handia» dute.

Garkoven lantaldea mamitzen ari den ikerketa horren helburua da Europa osoko metodologiak eta esperientziak aztertu eta emaitzarik onenak izaten dituzten ereduak hartzea. Hori kontuan hartuta, 2020ko PISA txostenaren emaitzak hobetzeko politikak proposatuko dituzte.

Hori egin bitartean, «zientzia testuinguruaren barruan irakastea» da Garkoven taldearen apustuetako bat. «Zientzia gizartearen arazo sozialekin eta etikoekin batera irakatsi behar da, baita industriarekin lotuta ere. Zientziak izan behar duen irudia da egunero aplikatzen dela, eta, horrela, herritarrek ez dute hain abstraktu ikusiko», azaldu du.

Izan ere, «zientzia eta teknologia gizarteratu» dituzten herrialdeetan, Finlandian, esaterako, emaitza hobeak lortzen dituztela nabarmendu du. «Hezkuntza politikak ezin dira beste politiketatik bereizi. Eskolak gizarte, ekonomia eta osasun politiken bilgunea izan behar du», adierazi du.

Bestalde, zientziaren eta teknologiaren irakasgaietako emaitzetan oinarrituta, gizonezkoen eta emakumezkoen artean alde nabarmenik ez dute antzeman.

Horretaz gain, Garkoven aburuz, herrialdeen arteko alde handiak badaude ere, hezkuntza sisteman zientziari eskaintzen zaizkion orduak areagotzeak ere «asko» lagunduko luke.

Bestalde, Miren Begoñe Urrutia Eusko Jaurlaritzako Zientzia-politikako zuzendaria Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuez mintzatu zen: «Hezkuntza arloan, EAEko emaitzak ez dira onak. Hortaz, apustua egin behar dugu zientzia gaitasunak ahalik eta gehiena zabaltzeko».

PISA txostenaren azkeneko emaitzak 2009an argitaratu zituzten. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek batez bestekoaren azpiko emaitzak izan zituzten zientziari buruzko gaitasunetan.

Vladimir Garkov Bilbon izan zen atzo, eta Zaragozan izango da gaur, Stimula nazioarteko konferentzian parte hartzeko gonbidatua baita. Elhuyarrekin elkarlanean, Euskal Herriko zenbait ikastetxek parte hartu dute ekitaldi horretan. Horiekin batera, Ipar Irlandako, Alemaniako eta Errumaniako ikastetxe batzuetako ikasleen artean zientziak eta teknologiak pizten duten interesa aztertu dute.

PISAren emaitzen zain

Garkov buru duen Europako Batzordeko lantaldearen behin betiko gomendioak urte amaieran ezagutaraziko dituzte. Horretan kontuan hartuko dute OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak datorren abenduan plazaratuko duen PISA txostena.

Hiru urtean behin kaleratzen dute azterketa hori, eta mundu osoko 70 herrialdek parte hartzen dute. 15 urteko ikasleei egiten zaizkien azterketetan oinarrituta, gazteek matematiketan, zientzietan eta irakurketan duten gaitasuna neurtzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.