Moldea

Idurre Eskisabel / 2013-10-12 / 156 hitz

Ilun jarri digute etorkizuna, Angel Errok duela egun batzuk gaztigatu bezala, etorkizun bainoago iragankizuna. Ohartzerako, oraintsu arte aurrerapenezko gezi geldiezin baten gisan irudikatzen genuen ilusioa lapurtu digute, eta gure aurrekoen greba eta protestek oparoaldiari eta boteredunei urratutako gutxieneko eskubideen erauzketa bihurtu. Guk inoiz ezagutu ez dugun miseria hasi gara igartzen gure alaba eta semeentzat. Eta hor gabiltza, desesperazioan, irtenbide bila: bakoitza, noski, beretzat. Eskolari eskatzen diogu, adibidez, gure alaba edo semeari emateko arrakastarako tresnak: egin ditzala hizkuntza unibertsaletan trebeak, teknologia berrietan adituak, enpresentzako lehiakorrak; batez ere, lehiakorrak. Eta egon gaitezela PISAren goiko muturrean, jar ditzala gure umeak irabazleen erpinean. Hori nahi dugu: probetxuzko eskola, aratza, bestelako kutsadura eta distrakziorik gabea.

Eta horiek guztiak oraingo parke eta guraso solasetan aditzen diren gogoeta eta eskariak badira ere, pentsatzen jarrita, ez dira kontu berriak; eskola, zerbait izatekoetan, sortze beretik horixe baita: estatu-nazio oro-hartzaileei egokitutako herritarrak eta kapitalismorako zaildutako eskulana sortzeko moldea, eredua are eta okerragoa egin dezaketen LOMCEak gorabehera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude