Urak urratutako bideak

Amaia Portugal / 2013-10-17 / 744 hitz

Kantauri isurialdeko karst morfologiak ikertzen ditu Arantza Aranbururen ikerketa taldeak; leizeak irakurriz asko ikas daiteke klimaren historiako gorabeherei buruz.

Duela 2,6 milioi urtetik gaur arte irauten duen periodoa hartzen du Kuaternarioak. Gizakiaren sorrera eta klimaren gorabehera ugari gertatu izan dira urteotan Lurrean. Historia horri buruz, asko dute esateko karst formazio geologikoek, baina lurrak eta urak elkarrekin idatzitakoak irakurtzen jakin behar.

Horren inguruan badaki zer edo zer EHUko Arantza Aranburuk. Karstaren Geologia taldeko arduraduna da, eta unibertsitateko zein Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileak zuzentzen ditu bertan. Batez ere kantauri isurialdeko karstetan egindakoaren berri eman du aste honetan Bilbon, EHUko Kuaternarioaren Trebakuntza eta Ikerketa Unitateak antolatutako biltzarrean.

Urak disoluzio bidez harriei marraztu dizkien topografia bereziak dira karstak. Euskal Herrian, kareharriaren ugaritasunak ahalbidetu du disoluzio hori. Leizeak eta galeriak dira karsten emaitza ikusgarrienetakoak. Ez alferrik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bakarrik kontuan hartuta, bost mila barrunbe inguru daude katalogatuta. Zer esanik ez, esaterako, Nafarroa eta Zuberoa lotzen dituen Larrako karstean dauden kobazulo sakon eta ikusgarriei buruz.

«Aizkorriko mendigaina, Aralarko mendiak, Durangaldekoak… kareharria biluzik dago mendi horietan, eta hori da karstaz dugun irudia», azaldu du Aranburuk. Baina hori baino askoz ere gehiago dela dio. Esatera, euskal herritar asko, oharkabean, karst batean bizi dira: «Inork ez du imajinatzen Deba udalerria, adibidez, karst baten barruan dagoenik, eta hala dago. Pinueketa estaltzen dutenez, ez dugu egitura horrekin lotzen. Lekeitio bera lehen itsaspean egondako lautada bat da, eta karst bat ere bai. Kobazuloak ditu, kareharrizkoa da».

Uraren agerpena ez da nahikoa kareharria edo beste harri batzuetan disoluzioa gertatu eta karsta sortzeko. Denbora ere ezinbesteko faktore bat da: urak iraun egin behar du toki zehatz horretan, harria zeharkatuz bidea urratuko badu. Aizkorri eta beste mendi batzuetan mila metroko garaieran topa daitezkeen galeria horizontalek adierazten dute, adibidez, ziurrenik inguru horiek errekek bustitzen zituztela antzina. «Ura oso azkar pasatzen bada, arrokak ez du sentitu ere egiten. Baina ur maila altuera horietan geratzen zenez, arrokaren zati bat bustita zegoen etengabe eta beste zati bat ez, eta hortxe garatu ziren koba horizontalak», azaldu du Aranburuk.

Menditik itsasertzera

Hain zuzen ere, ikerketa taldeak hiru morfologia motatan sailkatu ditu aztertu dituen barrunbe karstikoak. Aizkorri bezalako mendietan eta 600 eta 1.200 metroko garaiera tartean aurkitutakoak; besteak beste, Deban (Praileaitz) eta Urdaibain (Goikoetxe) dauden cockpit motako leizeak; eta ia ur azalean daudenak, Lagako hondartzako Asnarren eta Lekeitioko Santa Katalinan, kasu. Guztien artean mendietakoak lirateke karst zaharrenak, noski, baina koba gazteenek ere 500.000 urtetik gora dituztela ikusi dute.

Hiru mota horien artean, aipatzekoak dira cockpit formakoek dituzten ezaugarri bereziak. Karst arruntak sortzen ari direnean, ura pixkanaka iragazten da irekiz doazen arrailduretan, eta harria gutxinaka hondoratzen da horrela. Cockpit formazioetan (arrautza kaxa izenez ere ezagunak), aldiz, ez dago arraildura argirik; ura gune zehatzetan kontzentratzen da, eta hor egiten ditu zuloak, enbutu formako egiturak sortuz. Madariaga Dorretik Urdaibairi begira, horixe ikusten da.

Gaur egungoaren oso bestelako klima bat islatzen du horrek. Horixe da cockpit horien berezitasuna, Aranburuk azaldu duenez: «Ura oso azkar disolbatu da oso toki zehatzetan, poliki gertatuko balitz arrailduretatik joango bailitzake. Korrosio gaitasun handia islatzen du horrek, zirrikiturako gaitasuna. Hori eskualde tropikaletan gertatzen da bakarrik; gaur egun Txinan, Vietnam eta halako toki bero eta euritsuetan ditugu mota horretako morfologiak». Horrenbestez, oso litekeena da antzina Euskal Herrian klima tropikala egon izana noizbait, hori egiaztatzeke baldin badago ere.

Hipotesi hori baieztatzea ez da erraza izango, baina klimaren historiari buruz askoz ere gehiago esan diezagukete geologoek, barrunbe karstikoei begira.

Aranburuk azaldu duenez, «karst batek, zuloaz gain, baditu betekinak, orduko ur horrek edo ondoren etorri denak ekarritakoak. Haizeak sortutakoak ere bai, gizakiak leize horietan bizi zirenean uzten zituztenak… bai eta tantaz tanta tartea egiten dutenak ere. Horrek guztiak egiten du karst bat».

Eta betekin horietan guztietan, sedimentuetan, klimak izandako gorabeherak irakurtzen dira. Tenperaturari dagokionez, adibidez, oso nabarmena da hori. Euskal Herriko leizeetan hamaika graduko hotz-beroa izaten da gaur egun. Izan ere, leizeek haien ingurunean, leizetik kanpo, izaten den urteko batez besteko tenperatura mantendu ohi dute. Hori horrela, toki paregabea dira urteko batez besteko tenperaturaren bilakaera aztertzeko.

Besteak beste, estalagmitei esker jakin dezakete geologoek datu hori. Hala azaldu du Aranburuk: «Euria ari duenean, kanpotik datozen tantak saiatzen dira tenperatura orekatzen eta koba barruan dauden baldintzetara egokitzen. Orekatze lan horretan, seinale kimiko bat geratzen da sortu berria den kristaltxoan. Orduan, guk estalagmita baten askotariko kristaltxoen seinaleak neurtzen baditugu, koban garai batean batez besteko tenperatura zein zen jakin dezakegu, eta kanpoan urteko batez besteko tenperatura zein zen ondorioztatu. Hala, badakigu Euskal Herrian noiz izan den klima beroagoa eta noiz hotzagoa». Gainera, karstak oso lagungarriak dira klima aldaketaren nondik norakoak globalki aztertzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.