Aramotz mendilerroa, bururen buru

Asier Aranzabal / 2013-11-22 / 600 hitz

Urkiolako parke naturalaren mendebaldean kokaturik dago Aramotz mendilerroa, eta Arratia eta Durangaldea banatzen ditu. Tontor txikienetik tontor garaienera ibilbide polita egin daiteke.

Bilboko inguruetatik ekialdera so, aise antzeman daitezkeen kareharrizko haitzak zeharkatzea proposatu nahi dugu. Aramotz mendilerroa da. Urkiolako parke naturalaren mendebaldeko muturrean kokaturik, Arratia eta Durangaldea banatzen ditu (Bizkaia). Zeharkaldia Zornotzatik Durangora norabidean eginez, mendilerroaren tontorrik txikienetik (Belatxikieta, 661 m) tontorrik garaienetara (Leungana, 1009 m, eta Mugarra, 964 m) helduko gara, Bizkaiko mendi ikuspegi zabalenaz gozatzeko. Bi udalerriak bata bestearekin maiztasun handiz komunikatuta daudenez, bai trenez bai autobusez, Durango nahiz Zornotzan utz daiteke autoa.

Belatxikieta

Zornotzako tren geltokian hilerrirako irteeratik aterako gara. Hilerriaren parean ezkerrera (hego-mendebaldea) joko dugu, ondoko biribilguneraino, eta hor eskubialdeko irteera hartuko dugu Leginetxe auzoan gora. Zornotza ezkerretara eta Aramotz aitzinean ditugula, baserri eta soro artean joango gara, GR 229 Mikeldi ibilbideari jarraituz. Marka gorri eta zuriek Belatxikietara eramango gaituzte, Leginetxerrekearen ondoan. Adi bagoaz, asfaltozko pista luzea bidexka bidez labur dezakegu: 180 graduko bihurgunea itxi batera heltzean (20 min), eskubialdera (hegoa) ateratzen den bidexkari jarraituko diogu; ehun bat metrotara sasi, garo eta pinu artean ezkerreko (hego-ekialdea) bidezidorrera okertuko gara, aldats pikoan gora. Hemendik aurrera hego norabideari (hegoa) eutsiko diogu beti, Mandabie-tako iturriaren eskubialdetik, azken garo eta pinuen artean, Zazpitxaboletako zelaira heldu arte (1 h 15 min). Bertan, uztailaren 31n, San Ignazio egunean meza eta erromeria egiten dira. Belatxikietako gailurra (661 m) hiruzpalau minututan gaindituko dugu, aparteko ikusmiraz gozatzeko, Bilbo aldera batez ere.

Aramotzen bihotzera

Zazpitxaboletako zelaiara bueltan, PR-BI-81-83 bidezidorraren margo zuri-horiei jarraituz hegoalderantz joko dugu paisaia karstikoan barneratzeko. Ezkerrera, Kañometa, Apala eta Atxandi tontorrak ditugu, eta, eskuinera, Galdara izenaz ezaguna den sakonune handia. Mendizaleen oinatzek ilundutako haitza ere izango da gure gidari paisaia korapilotsu honetan. Kilometro baten buruan, PR-BI-81 eta PR-BI-83 bata bestearengandik banatzen dituen balizarekin topo egingo dugu. Lehendabizikoa, Artaun auzora doa (hegoa), eta, bigarrena, guk jarraituko duguna alegia, Mugarrikolandara (ekialdea). Oraingoan Urtemondo tontorra dugu ezkerretara. Mendi honi buelta eman ondoren eta Petanate sakonunea gainditu ondoren, Pagotzuetako lepoan (2 h) ezkerrera joko dugu, Durangaldera begira dauden kareharrizko tontorretarantz: Gaintzorrotz, Bernagoitiburu eta Askorri. Horien hegoaldeko sakonunean haizearen babesean eta bakardadeaz gozatuz, hego-ekialderantz joko dugu hurrengo balizaraino (2 h 25 min).

Artaungan eta Leungana

Orain aurkako norabidea hartuko dugu, Mugarrikolandara (ekialdea) doan PR-BI-83 alde batera utziz eta Artaun auzora doan PR-BI-82 bidezidorrari jarraituz (mendebaldea). Metroak aurrera egin ahala, norabidea aldatuz joango da; hasieran hegoalderantz eta gero ekialderantz, Pagofin tontorra inguratzen baikoaz. PR-BI-82 ezkerretara utziko dugu, eta aurrean agertuko zaigun mazela belartsuan aldapari ekingo diogu (2 h 30 min). Hegoaldera Arratia ibarraren ikuspegi zabala ireki zaigu. Bidea guk eginaz haitzak gain hartutako Artaungan (905 m) tontorrera helduko gara, zulo eta zartadura artean adi (2 h 55 min). Norabide berari jarraituz, mendiaren beste isurialdetik jaitsiko gara (hego-mendebaldea) hegi belartsuetara, tontorra gotortzen duten pagoen eskubialdetik. Ehun bat metrotako desnibel pikoa gainditu behar dugu aurrez aurre dugun Leunganan (1009 m) gainera iristeko (3 h 25 min). Ikusmira sekulakoa da.

Mugarra

Marka gutxi dauden arren, ipar ipar-mendebaldea norantzan gandorrari jarraituz, amen batean jaitsiko gara Mugarrikolandara (3 h 50 min), baldin eta Artatzagan gailurra igotzen ez badugu. Mugarra (964 m) kareharrizko masa erraldoia da; hegoaldeko hormaren bertikaltasunak gailurrerantz erakartzen gaitu, baina haren gandorrean goazela zirrara ezin kendu ibiliko gara (4 h 10 min).

Mugarrikolandara bueltan iparraldera joko dugu Kataska pasabidean (Mugarra eta Pagasarriko mazeletako ebakidura sakona) behera, landaretza eta lupetz artean plisti-plasta, hartxintxar bide batekin topo egin arte. Eskuinera (mendebaldea) pinudian barrena, lupetzezko bidezidorrari jarraituko diogu, Santa Luzia auzuneraino. Hemen GR 229 Mikeldi ibilbidearekin bat egin dugu, eta hori jarraituz Durangoko San Roque auzoan bukatuko dugu ibilaldia (5 h 30 min), une oro begiak atzera jiratuz Mugarraren iparraldeko hormaz behin eta berriz harritzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude