Erresumaren txanponak

Irene  Arrizurieta / 2013-11-27 / 1.349 hitz

Baskoien garaitik hasi eta XIX. mendera arte Nafarroan egindako txanponak bildu eta deskribatu ditu ‘La Moneda de Navarra’ liburuan Ricardo Ros lizarrarrak.

Euskal Herriko lurretan egindako txanponen bilduma egin du Catálogo General de la Moneda Navarra (Nafarroako Txanponaren Katalogo Orokorra) Ricardo Ros lizarrarrak. Baskoiek Kristo aurreko II. mendean egin zituzten txanponetan hasten da bere bilduma Aro Modernoan, XIX. mendean, bukatzeko. Tartean, erromatarren garaiko txanponak eta Erdi Aroko Nafarroako Erresumetako txanponak ere bildu ditu. Txanponaren bidez Nafarroako Erresumaren historia egiten duela esan daiteke. Egileak berak dioenez, «Nafarroako txanpon guztiak zenbatuak eta sailkatuak ageri diren lehenengo aldia da». Guztira, 1.018 pieza bildu ditu liburuan; horietako 710 benetako neurrian hartuta, aurkia eta ifrentzua erakutsiz, eta 85, handituak.

Txanponetan interesa gurasoen etxean gaztetan ikusitako hiru maraiko txanpon batetik hartu zuen Ricardo Ros erretiroa hartutako ingeniari teknikoak eta numismatikan adituak. Bost hamarkada baino gehiago daramatza gaia aztertzen, baina liburua egiten azken lau urteak eman ditu. Etxean duen txanpon bildumatik abiatuta egin du liburua. «Duela 50 urte hasi nintzen txanponen bilduma egiten. Azoketan eta enkanteetan eskuratu izan ditut, eta bilduma on bat lortu dut».

Lan horri txanponaren inguruan bildu duen dokumentazioa gehitu behar zaio. Gaian adituak direnekin mintzatu da maiz, Javier Bergua eta Joakin Lizarraga Arizmendi zenarekin, besteak beste. Nafarroako txanponari buruz argitaratu diren liburuak izan ditu bidelagun lanerako. Bilduma lana egiten urteak eman dituen arren, erretiroa hartuta hasi zen lanean erabat murgiltzen. Txanpon bakoitzaren fitxak egiten hasi zen, gero, semearen laguntzaz, informatizatzeko. «Pieza horiek sailkatu, zenbatu, katalogatu eta baloratu egin dira», dio liburua eskuan.

Kronologikoki sailkatutako kapituluetan egituratzen da larehun orriko liburua. Kristo aurreko II. mendean egindako Baskunes baskoien txanponetik hasi eta XIX mendea arte, Aro Modernoaren bukaera arte egin ziren txanponak bildu ditu. Gaztelako Fernando VII.aren garaira arte —Nafarroako III.a—, 1834. urtera arte, alegia. Nafarroa Behereak bere txanponak egiten jarraitu zuen. Frantziako Iraultzarekin amaitu zen hori.

Politenak, Erresumakoak

Euskal Herrian txanponak egiten lehenak baskoiak izan ziren. Garai hartako gizartean trukea nagusi zen arren, txanponak ere erabili ziren. Baskoniako 25 herritan egin ziren, Rosek dioenez. Baskoniak, artean, Hego Euskal Herria, Errioxa (Espainia) eta Aragoiko zati bat (Espainia) hartzen zuen. «Baskoiak gaurko Zaragozaraino iristen ziren, eta, horregatik, haien txanponak Errioxan eta Huescan aurki daitezke [Espainia]».

Erromatarrak oraindik iristekoak ziren Euskal Herrira, eta lehen txanponek grafia iberiarra hartu zuten, eta, behin erromatarrak iritsita, latina inposatu zen. Baskoiak euskaraz mintzatzen ziren arren, euskaraz idatzitako txanponik ez du aurkitu liburuaen egileak. «Ez zen idazten zen hizkuntza bat. Herriaren edo hiriaren izena jartzen zen txanponean. Ez dakigu euskaraz zigilatzen ziren, baina horrek ez du esan nahi ez zegoenik».

Baskoien garaian txanponak egiteko erabiltzen zen materiala brontzea eta zilarra zen. «Garrantzitsuak dira Iruñean egin zirela uste delako. Brontzezkoak Kristo aurreko II. mendekoak dira, eta zilarrezkoak Kristo aurreko I. mendekoak».

Txanponen kalitateari eta edertasunari erreparatuz, Erdi Aroko txanponak dira ederrenak Ricardo Rosentzat. «Erdi Aroko txanponak dira politenak, Erresuma zenekoak. Antso Handiaren garaitik hasi eta azken erregearen garaira arte, Joan Albretekoa eta Katalina Foixko errege-erreginen garaira arte». Garai horretako txanponek Nafarroako Erresumak Erdi Aroan izan zuen garrantzia agerian uzten dutela azpimarratu du Rosek. «Europako erresuma nabarmenetakoa izan zen». Horregatik, garai horretako txanponak oso kalitate onekoak dira. «Erdi Aroko txanponak kalitate handikoak ziren eta oso ongi bukatuak zeuden. Txanponak ospea ematen zuen, eta hori oso ongi zaintzen zuten».

Nafarroako Erresuma oso txikia izan zen arren «oso garrantzitsua» izan zela iritzi dio Rosek. «Europako garrantzitsuenetakoa izan zen. Eta txanpona asko zaintzen zuen. Horregatik edo, errege batzuk txanponak egiten zituzten artisauak atzerritik ekarri izan zituzten garai horretan, Frantziatik eta Erresuma Batutik». Baina baskoien garaian ez bezala, Erdi Aroan txanponak hainbat tokitan egin ziren: Naiaran (Espainia), eta Nafarroan Elon, Iruñean eta Lizarran egiten ziren, baita Donapaleun ere (Nafarroa Beherea). Baina, halere, txanponetan ageri den izen bakarra Naiarakoa dela ohartarazi du Rosek, beste batzuetan ez da ageri.

Liburuan biltzen diren txanponen artean azpimarratzekoak dira Karlos II.a Gaiztoaren (1332-1387) florin bat eta urrezko koroa bat. Liburuaren azala ilustratzen dutenak ere adierazgarriak dira, Nafarroako Karlos III.a txanpona, XIV. mendekoa. «Oso txanpon arraroa da. Lortzen oso zaila, eta Nafarroako ezkutua kateekin daraman lehen txanpona da». Garai horretan, orokorrean, txanponaren aurrealdean erreagearen irudia irudikatzen zen, eta zuhaitz gisako bat gurutze batekin zizelkatzen zuten atzealdean. Antso Azkarraren Erresumatik aurrera (1150-1234), gainera, ilargi erdi bat izar bat goian duela ageri da. Txanponak egiteko aukera erregeek bakarrik bazuten ere, Vianako printzeak ere egin zuen txanpona Nafarroan. Hark ez zuen inoiz koroa lortu, baina badira haren irudia daramaten txanponak.

Erresuma independentea izan zenean, Donapaleun egin zen txanpona.1512-1620 arte egin zuen txanpona; urrea eta zilarra erabiltzen zuten, eta txanpon asko daude. Hemen baino gehiago erabiltzen zen eta Frantzia osora zabaltzen zen.

Materialari dagokionez, ordura arte erabili zen kobrea eta zilarrari urrea eta beloia —zilarra eta kobre nahasketa bat— gehitu behar zaizkio Erdi Aroan. «Nafarroa ez zen herrialde konkistatzaile bat izan, eta ez zuen metal preziaturik. Horregatik, erosi egin behar izaten zuen». Metal preziatu gabeziagatik beloia, zilarra eta kobrea izan ziren erabilienak. Urrezkoak oso arraroak dira. «Erregeentzat soilik egiten ziren».

Erdi Aroan Nafarroako erregeek ematen zuten bakarrik txanpona egiteko agindua, baina salbuespen bat izan zen. Vianako Printzeak ere egin zuen txanpon bat. Ez zen sekulan errege izan, bai oinordeko, eta txanpona egin zuen.

Aro Modernoa

Gaztelak Nafarroa konkistatu zuen arren, Nafarroan txanpona egiten jarraitu zen. Aro Modernoa Fernando Katolikoarekin hasi zen (1452—1516), eta Fernando III.arekin bukatzen da, XIX. mendean. «Fernando Katolikoa egiten hasten denetik, Nafarroako ezkutua ageri da guztietan».

Aro Modernoan txanponen kalitatea ona izan zela nabarmendu du Rosek, Karlos II.a Itsusia (1661-1700) etorri zen arte. Zeuden diru moldeak txarrak ziren. «Txanponak zentratu gabeak ageri ziren eta borobilak izan beharrean oktogonalak egiten ziren. Zentratuak eta data guztiekin aurkitzea oso zaila da». Izan ere, txanponari data jartzen XVII. mendean hasi ziren; ordura arte ez zen datarik jartzen. Nafarroan 1608an hasi ziren data jartzen, eta Nafarroa Beherean, mende bat lehenago.

Nafarroan egin ziren azken txanponak berriro berreskuratu zuten kalitatea, eta Fernando III.arekin txanpon dotoreak egin ziren.

Liburuaren azken zatian Nafarroa Beherean egindako txanponak aipatzen ditu numismatikan adituak, baina argi utzi du berak egin duena lan «txikia» dela. «Ez dut hainbeste ezagutzen. Liburuan bildu ditudan txanponak balioztatu gabe daude, eta ongi sailkatu gabe. Hor badago hutsune handia. Badaude bildumazaleak baina gutxi idatzi da».

Ezezaguna den arren «oso garrantzitsua» dela iritzi dio, eta, etorkizunean, gogoa badu, hari horri tiraka hasiko da lanean. Nafarroa Beherean oso txanpon politak egiten ziren, eta erresuma izatean jarraitu zuten txanpona egiten, nahiz eta Frantziako erresumak bereganatu zuen. Metal gabezia hainbestekoa zen XIV. mendean zegoen Florina Nafarroak ere egin zuen prestigioagatik, eta bakarra dago esku partikularretan, besteak museoetan daude, Luis XIII.arekin bukatu zen.

Altaffaylla etxeak argitaratu du Ricardo Rosen lana, eta Lizarrako liburu dendetan ez eze, Iruñean ere eros daiteke Estafeta kaleko Colecciones Iruñea dendan.

—————-

Txanponak ikustera, atzerrira

Nafarroako Museoan dagoen bilduma ez dago ikusgai, eta beste museo batzuetara joan behar da txanponak ikustera.

Duela bi hamarkada arte, Nafarroako txanponak ikusi nahi zituen herritarrak Nafarroako Museora joan besterik ez zuen, museo horretaan numismatika bilduma baitago. «Hainbat garaitako Nafarroako txanponak ikus zitezkeen, haiek egiteko erabilitako moldeak, prentsak eta guzti», gogoratu du Ricardo Rosek. Baina 1990. urtean museoa birmoldatu eta gero, txanponen bilduma erakusten zuen aretoa kendu egin zuten. «Museoaren funtsetan gordeak daude orain txanponak. Zerbait baldin bada benetan gurea eta nafarra, txanponak dira, eta ezin dira ikusi», dio kritiko. Hortaz, Nafarroako txanponak ikusteko Euskal Herritik kanpora joan behar du interesa duenak, munduko hainbat museotan barreiatuta dauden txanpon aleak ikustera. Hainbat tokitan aurki daitezke Nafarroako txanponak: Madrilgo Espainiako Arkeologia Museo Nazionalean; Parisko Frantziako Liburutegi Nazionalean; Londresko Britainiar Museoan; New Yorkeko The American Numismatic Societyn eta Alemaniako Westalisches Lasdemuseum Munichen.

Dena dela, Nafarroako Gobernuaren jarrera ez dela beti horrelakoa izan aitortu du, eta 2011n Nafarroako txanponari buruz Nafarroako Museoan egin zen erakusketa gogoratu du. «Lehen aldiz, Nafarroako txanpon guztiak elkarrekin ikusteko aukera izan genuen. Erresuma Batutik eta AEBetatik ekarri ziren txanponak bi gizonek zainduta. Horrek erakusten du haien balioa. Kanpoan aintzat hartzen dute daukagun altxorra, eta hemen gordea dute».

Museoan gordeta ez eze, Nafarroako txanpon asko partikularren eskuetan daude. Euskal Herrian bildumazale asko dago. «Txanpon asko eta oso baliotsuak partikularren esku daude, eta, eskerrak. Bestela, jada desagertua egongo zen Nafarroako txanpona».

Egun Nafarroako txanponak lortzeko modu bakarra enkanteetara joatea da, bereziki Madril eta Bartzelonan egiten diren enkanteetara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude