Jon Irazabal, Gerediaga elkarteko kidea: «Sarrionandia ez zen misiolari-koordinatzailea izan Marokoko berbereekin»

Edu Lartzaguren / 2013-11-16 / 442 hitz

Marokoko Rifeko amazigh herriaren hizkuntzaren lehen gramatika eta hiztegia egin zuen Pedro Hilarion Sarrionandiak XX. mendearen hasieran. Bihar gogoratuko dute, istripuz hil zela ehun urtera.

Gerediaga elkarteko kidea da Jon Irazabal (Iurreta, Bizkaia, 1960). Pedro Hilarion Sarrionandia hizkuntzalariaren inguruko hitzaldia egingo du bihar, 12:00etan, Garaiko udaletxean (Bizkaia). Ondoren, Iban Gorriti eta Ibai Elorzaren Amazigh herria: lagun askeak film laburra emango dute. Amaitzeko, Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuko pasarteak irakurriko dituzte Manu Ertzillak, Leire Bilbaok eta Unai Iturriagak.

Joseba Sarrionandiaren eraginez erabaki duzue Pedro Hilarion Sarrionandia oroitzea?

Abuztuan bete ziren 100 urte hura hil zela, eta pentsatu genuen aukera ona zela hura gogora ekartzeko eta ezagutarazteko. Joseba Sarrionandiak aipatu arte oso gutxik ezagutzen zuten, eta horrek erakutsi du hor badela pertsona interesgarri bat, beste hizkuntza bat ikertu zuena.

Zertan bereizten da garai hartako hizkuntzalari-misiolari-esploratzaile-kolonizatzaileetatik?

Marokora joan zen 1982an, eta Jose Lertxundi misioburuak eskatu zion Rifeko amazigh herriaren hizkuntza ikertzea. Harrigarria da, Sarrionandia ez zelako filologoa, ez zuelako ikasketa handirik, autodidakta zelako eta lana oso ondo bete zuelako bitarteko barregarriekin.

Zergatik barregarriak?

Pentsatu hizkuntza bat ikertu behar duzula eta ez duzula testu bat bera ere idatzirik, ez hiztegirik ez ezer. Bakarrik jendeak kontatzen dizuna, ahozkoa. Zero pataterotik hasi zen hura. Han hizkuntza ofiziala arabiera zen, Koranekoa. Amazigh hizkuntza herriaren, arloteen, hizkuntza zen, herri xehena, hemen lingua navarrorum-a bezala.

Garai hartan halako ikerketak kolonialismoaren eta erlijioaren proselitismoan laguntzeko egiten zituzten. Ezberdina izan al zen Pedro Hilarion Sarrionandiarena?

Jose Lertxundi frantziskotarren misioaren buruak politika bat zuen: Bibliarekin predikatzen ibili beharrean, lagundu egin behar zitzaien hango herritarrei, eta horren bidez, haien artean integratu. Gero zabalduko zen kristautasuna lan horri esker. Ez ziren misiolari kolonizatzaileak, beraz. Horrela jokatzeko agindu zion Sarrionandiari. Lertxundi hil zenean, Francisco Cervera izendatu zuten ordezko, eta hark ohiko jokabidea ezarri zuen berriz: ikerketak uzteko agindu zuen, eta hango herritarrekin barik, Marokora joandako europarrekin lan egiteko. Noski, hizkuntza jakitea oinarrizkoa da kolonialismoarentzat, eta Sarrionandiak hizkuntza ikasi zuen, besteak beste, Espainiako armadan zebiltzan berbereekin.

Garrantzirik al dute gaur Marokoko berbereen artean Sarrionandiak eginiko lehen gramatika eta hiztegi haiek?

Geroztik egin diren gramatika eta hiztegietarako oinarria izan dira. Gaur ere adituek kontsultatzeko duten testurik garrantzitsuenetakoak dira.

Eta, halere, Esteban Ibañez fraideak lana lapurtzen saiatu zen, Sarrionandia hil zenean.

Sarrionandia zapuztuta joan zen Sevillara [Espainia] 1911n, Frantziak eta Espainiak Maroko banatzea erabaki zutenean, eta amazigh herrian eginiko lana uzteko agindu ziotenean. Zornotzan izandako tranbia istripu batean hil zenean, Ibañezek bere izenarekin argitaratu zuen gaztelera-errifera hiztegia, Sarrionandiak ia amaituta zeukana. Eztabaida handia egon zen, eta, frogak ezkutatzeko, Sarrionandiaren hiztegiaren eskuizkribua erre zuen.

Sarrionandiak euskarazko oharrak idazten zituen horretan. Ez al zen egongo horren barruan euskara-berebere hiztegi bat?

Agian, hiztegi osoa zegoen ohar horietan, bai. Ez dugu jakiterik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.